Bilboko Bizkaia Aretoan TIRABIRAK / Tiras que aflojan egitasmoa aurkeztu da, gure iragan gatazkatsua jorratu duten bineten gaineko erakusketa. Ondoren erakusketa Bilbo, Donostia, Baiona, Iruñea eta Gasteizko hainbat tokitan egongo da ikusgai.
Donostia 2016k eta UPV/EHUk TIRABIRAK erakusketa aurkeztu dute
Gure iragan gatazkatsua jorratu duten bineten gaineko erakusketa martxoaren 8ra arte egongo da ikusgai Bizkaia Aretoan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/18
Erakusketa honen aurkezpenean Iñaki Goirizelaia EHUko Errektoreak; Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak, eta Patxi Azpillaga erakusketaren zuzendari eta EMAN ikerketa-taldeko kideak hartu dute parte. Inaugurazioa asteartean, otsailak 18, 19:30ean izango da.
Proiektua, UPV/EHU eta Donostia 2016ren elkarlanaren emaitza, EMAN taldearen ikerketa batean oinarritzen da eta DSS2016EUko Bakearen Itsasargian kokatzen da, bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren eremuan, alegia. Erakusketak iraganari buruzko begiraden aniztasuna du oinarri, eta hori da, hain zuzen ere, erronkarik behinena: ikuspegi anitz jasotzea kontakizun partekatuaren hazia ereiteko. Zentzu horretan, egunkari eta aldizkarietako binetek narratiba ugari ezagutzeko eta aintzat hartzeko lagungarri izan baitaitezke.
Erakusketan azken lau hamarkadotan egunkari garrantzitsuenetan argitaratutako marrazkigile ugariren zintak daude ikusgai. Askotariko hurbilpen, ikuspuntu eta estiloz eraikitako proiektua da.
Erakusketa eta ikerlana
TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketak 1977 eta 2016 urteen artean argitaratutako binetak jasotzen ditu. Lau hamarkada horietan gure jendarteak pairatutako 150 gertakari aukeratu eta egunkarietan aztertu dira. Lehendabiziko hamarkadetan argitaratutako binetak sei egunkaritatik bildu dira: Deia, Egin, El Diario Vasco, El Correo, ABC eta El País. 1988tik aurrera aldiz, arestian aipatutakoei, Diario de Navarra gehitu zaie, 1989an El Mundo eta 1990ean Euskaldunon Egunkaria. Gero, baita Gara eta Berria ere. Hortaz, azken hogeita sei urteak aztertzerakoan gertakari bakoitzeko, gutxienez, zortzi egunkari behatu dira. Inoiz, La Razón, Diario de Noticias de Navarra, Diario 16, Ya, La Vanguardia, eta Ipar Euskal Herriko Enbata, Sud Ouest edo Le Journal du Pays Basque-eko tirek ere erakusketa aberastu dute. Batutakoak ez dira urte luze hauetan argitaratu diren guztiak, noski, baina erakusketara marrazkilarien unibertso zabala ekarri da: Zaldieroa, Máximo, Zulet, Peridis, Tasio, Forges, Máximo, Oroz, Olariaga, Ripa, Mattin, Ricardo & Nacho, Martín Morales, Aós, Martintxo, Ramón, Iñaki & Pintu, Dusón, Idígoras & Pachi, Mingote, Angel & Guillermo, Jon Zabaleta, Michel Iturria, Juan Carlos Eguilleor, Romeu, Puebla, Rafa Ramos, Adur, Antón, Axpi, Endika, Eneko, Ferreres, Gallego & Rey, Jon Pedro, Koldo, López & Pérez, Mad, Mokordo, Ori, Peli, El Perich, Ricardo, Romeu, Tulino eta Xim.
TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketa mamitzeko, 15.000 egunkari inguru aztertu dira eta lagina osatzeko, 30.000 bineta baino gehiago ikuskatu. Bineta horietatik, aipatutako gertakariekin zerikusirik duten 3.500 tira identifikatu dira. Azkenik, 448 ekarri diraerakusketa fisikora eta beste horrenbeste erakusketaren webgunean (www.tirabirak.eus) kokatuko den errepositorioan egongo dira ikusgai.
Proiektua jorratzeko prozesuak iraun duen bitartean, gertakari eta gatazka horien ziklo luzea berrikusterakoan, taldekideen arteko hausnarketak eta eztabaidak etengabeak izan dira.
Erakusketaren eragileok bizitako esperientzia hori, TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketara hurbiltzen den orori ere eskaini nahi zaio. Horretarako, honako helburu orokorrak markatu dira:
- Euskal iragan gatazkatsuaren (ber)ezagutza partekatua bultzatu.
- Ezagutza partekatu horretan oinarrituta, gertatutakoari buruzko hausnarketa kritiko orokorra eta gogoeta bideratu, inoiz errepika ez dadin.
- Gatazken oinarrien inguruko hausnarketa eragin, konponbiderako saiakerak erakutsiz, gaurko eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko lagungarri izan daitezen.
- Komunikabide eta, zehazki, egunkarien eta umore grafikoaren eginkizun eta ardura publikoari buruz eztabaida publikoa suspertu.
Erakusketaren osagarri bereziak
Ikusgai dauden binetetaz gain, erakusketak ardatz duen denboran kokatzen laguntzeko zenbait baliabidek osatzen dute esposizioa:
Artxibo interaktiboa
Erakusketarako aukeratutako binetak era digitalean ikuskatzeko aukera izango da erakusketan bertan. Datu-base honetan, gainera, erabiltzaileak hainbat kontsulta aukera izango ditu eskura (datak, egunkariak, sortzaileak...).
Elkarrizketak:
Telebista pantaila batean bineten sortzaileei egindako elkarrizketak izango dira ikusgai, baita komikigintza politikoa zein umore grafikoa aztertu duten adituak, edota komunikabideetako arduradunen hitzak ere.
Ikus-entzunezko ondarea:
EITBren artxibo irudiekin osatutako kontakizuna ere izango da ikusgai; binetek erakusten dituzten gertaeren narrazioa garaiko irudiekin osatzeko.
Webdoka:
Dokumental interaktibo batean bilduko dira erakusketako bineta guztien datu- basea, elkarrizketak eta ibilbide kronologikoa. Horrela, erabiltzaileari hainbat aukera eskainiko zaizkio eta bisitari bakoitzak aukeratuko du zer ibilbide egin nahi duen TIRABIRAK / Tiras que aflojan erakusketaren unibertsoan.
Argazkiak: Mikel. Mtz. de Trespuentes