euskaraespañol

Eguneko irudia

Umorezko monologoak zientziaren aldeko bokazioak sustatzeko

Proiektuak zientzia eta teknologia hurbilduko dizkie DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei Bilbon eta Donostian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/16

Umorearen bidez zientziaren aldeko bokazioak sustatzea, hori da LocosXCiencia ekimenaren helburua, Telefónica Fundazioak abiarazi duena UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren, Big Van taldearen eta FECYTen partaidetzarekin. Buru-argitasuna tresnatzat hartuta, proiektu honek zientzia eta teknologia hurbilduko dizkie DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei, umorezko solasaldiez gozatzeko eta monologo zientifikoen lehiaketa batean parte hartzeko aukera eskainiz, irakasleei zuzendutako dibulgazio-tailerrak barne.

LocosXCiencia birak hamar hiri bisitatuko ditu otsailean eta martxoan: Donostia, Bilbo, Madril, Murtzia, Lorca, Valladolid, Palentzia, Santiago de Compostela, Merida eta Ceuta.

Hiri hauetako bakoitzean, hiru osagai dituen programa gauzatuko da. Alde batetik, Big Van-eko zientzialariek zientzia eta teknologiari buruzko umorezko monologoak eskainiko dizkiete ikasleei proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, eta horrekin batera, lanbide zientifikoen garrantzia nabarmentzeko aurkezpen laburrak egingo dituzte.

Bestetik, monologoetara bertaratzen diren zentroetako irakasleek prestakuntza-saioetan parte hartzeko aukera izango dute, eta horien laguntzaz, umorea zientzia irakasteko tresnatzat erabiltzen eta beren komunikazio-gaitasunak hobetzen ikasiko dute. Era berean, irakasleek ikasleak gidatzen ikasiko dute, monologoak lantzeko gauza izan daitezen. Hiruna orduko iraupena duten tailer hauen osagarri gisa, online eskura daitezkeen doako materialak eskainiko dira.

Azkenik, LocosXCiencia birako saioetara bertaratzen diren ikasleek ere zientzia eta teknologiari buruzko monologoak landu ahal izango dituzte irakasleen laguntzaz, Estatu mailan antolatuko den ikasleentzako lehiaketa batean parte hartzeko aukerarekin. Lehiaketa honen bitartez, ikasleak motibatu nahi dira, zientzia ikasi eta komunika dezaten.

Lehiaketan, finalaurreko bat jokatuko da autonomia-erkidego bakoitzean, eta final handi bat, finalaurrekoetako irabazleen parte-hartzeaz. Finala 2016ko maiatzaren 5ean jokatuko da Madrilgo Espacio Fundación Telefónica delako eremuan. Finalistek (ikasleek nahiz monologoak prestatzen lagundu dieten irakasleek) Suitzako CERNerako bidaia bat irabaziko dute, Hadroien Talkagailu Handia bisitatzeko.

Euskadiko datak eta ordutegiak
Jarduera hau Gipuzkoako hiriburuan izango da otsailaren 29tik martxoaren 4ra bitartean, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Barriola eraikinean. Martxoaren 14tik 18ra, LocosXCiencia bira Bilbon izango da, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan. Irakasleentzako tailerren ordutegia 17:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da bi hirietan.

LocosXCiencia ekimenean parte hartzeko, nahitaezkoa da monologoen biran eta irakasleentzako tailerretan inskribatzeko formularioetan izena ematea, ekimenaren webgunean.

2015eko edizioa
Ekimen hau iaz abiarazi zen, 22 ikastetxeren eta 14 eta 16 urte bitarteko 1.600 ikasle baino gehiagoren parte-hartzeaz. Birak Estatu osoko sei hiri bisitatu zituen orduan: Cadiz, Malaga, Valladolid, Bartzelona, Madril eta Santander.

Aurten, LocosXCiencia Euskadira iritsiko da lehenengo aldiz, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik.