Europako programa espazial batek UPV/EHUko ikasleen proiektu bat hautatu du
Izpi kosmikoen detektagailuak bigarren azterketa egingo du datorren astean, zirkulu polar artikotik gertuko base batean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/11
Europako programa espazial batek UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterreko ikasleek diseinaturiko proiektu bat hautatu du. EHUspace taldeko 12 ikasleek diseinatutako izpi kosmikoen detektagailua ESA Europako Agentzia Espazialaren topaketan ebaluatuko dute, otsailaren 15etik 19ra, Suediako Esrange jaurtiketa basean, zirkulu polar artikotik 200 kilometrora. Proba hori eta hurrengoak gainditzen baditu, ACORDE (Altitude COsmic Ray DEtector) detektagailua ziur asko urrian jaurtiko dute, ESAren Bexus globo estratosferikoan, gehienez 30 kilometroko garaierara arte.
ACORDE proiektua izpi kosmikoen detektagailu bat diseinatu eta eraikitzean datza; detektagailuak, globo estratosferikoan gora doala eta muturreko tenperaturetan, gai izan behar du berau zeharkatzen duten izpi kosmikoen kopurua eta mota zehazteko. Esperimentu horrekin, izpi kosmikoak karakterizatu eta nola jokatzen duten hobeto jakin nahi da, detektagailu arin eta merkea erabilita, gainera.
2015eko abenduan, EHUspace taldeko ikasleak Europako Agentzia Espazialaren ESTEC Europako Ikerkuntza eta Teknologia Espazialerako Zentroan izan ziren, Holandan. Han, izpi kosmikoen detektagailuaren diseinua aurkeztu zieten besteak beste ESAko, DLR Alemaniako Zentro Aeroespazialeko eta SNSB Suediako Agentzia Espazialeko adituei. REXUS/BEXUS programan parte hartzeko hautaturiko taldeetako bat izatea zuten helburu. Alemaniako eta Suediako agentziek sustaturiko programa horri esker, Europako unibertsitate ikasleek zientzia eta teknologia esperimentuetan parte har dezakete suziri eta globoen bitartez. Lehian zeuden hamalau taldeetatik sei hautatu zituzten SNSBk eta ESAk, eta taldeok nork bere babeslea izango dute. Taldeotako bat izan zen ACORDE, proba gainditu zuen bakarra estatu osoan.
Talde horretako lau kide larunbat honetan abiatuko dira Esrange jaurtiketa basera, bigarren proba pasatzeko. Hala, UPV/EHUko ikasleek beren diseinua aurkeztuko dute eta, horrez gain, aukera izango dute prestakuntza jasotzeko programan diharduten agentzia espazialetako ingeniari eta adituen eskutik.