Bere 20. edizioa betetzetik gertu dagoen honetan, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enpresa Antolakuntza Sailak, ingeniarien, ekonomisten eta abokatuen elkargoek, Bizkaiko CEBEK patronalak, APD Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkarteak eta Iberdrolak sustatzen duten MBA Executive GECEMek, enpresa ideia berezien eta berritzaileen harrobi izaten jarraitzen du.
Biberoi auto-berogarriak, enpresa proiektu hoberena
MBA Executive GECEM XIX. edizioan gailendu den asmakizunak amaren esnea berotzeko aukera ematen du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/10
Horrela, aurtengo edizioa irabazi duen proiektuak, azken belaunaldiko teknologiak dituen eta gaur egun merkatuan dauden antzeko produktuen aurrean abantaila lehiakorrak erakusten dituen biberoi auto-berogarria fabrikatzea eta merkaturatzea planteatzen du.
MBA Executive GECEMen XIX. edizio hau irabazi duen taldeak, Baby Health Care izeneko enpresa sortzea barne hartzen duen negozio plana egin du. Enpresa horretako produktu garrantzitsuena biboh! izeneko biberoi kontzeptu berria izango litzateke. Ume jaioberriak elikatzeko funtsezkoa den gailu horren kontzeptu berria da: arina, autonomoa, auto-berogarria eta higienikoa, amaren esnea edo umeentzako prestatutako esnea bi minututan 37ºko tenperatura zehatzean berotuz, erabilera bakarra duten eta aurretik esterilizatuta dauden poltsei esker. Ideia, ume jaio berria elikatzeko prozesua erraztea da, hartze bakoitzean biberoia "estreinatuz".
Higienearekin eta erabilera errazarekin erlazionatutako bermearekin batera, biboh! biberoiak beste abantaila batzuk ere baditu, gaur egun merkatuan dauden antzeko produktuekin alderatuz; sarera entxufatu edo kargatu behar gabe hiru erabilera egiteko aukera eskaintzen duen litiozko bateria erabiltzen du; poltsatxo birziklagarriei esker ez da zertan erabilera bakoitzaren ondoren garbitu behar; ergonomikoa eta arina da, 250 gramo baino ez dituelako; 37ºko tenperatura zehatza bermatzen duen sistema elektronikoa du, eta bi minutu baino gutxiagotan egiten du. Beste alde batetik, dauzkan poltsa esterilizatuak hartze bateko esnea biltzeko erabiltzen diren berberak dira eta, ondorioz, ez da edukiontzia aldatu behar.
Biberoia bost elementu nagusitan oinarrituta dago diseinatuta:
- Erresistentzia malguak eta ez itsaskorrak estalitako material plastikoz egindako diseinu ergonomikoko karkasa
- Sentsore infragorriaren bitartez tenperatura kontrolatzen duen metalezko aleaziozko harizpia eta LED argi adierazgailua
- Litio polimerozko bateria
- Deformatzen ez den silikonazko tetina, kolikoen aurkako balbula duena, umea esnea hartzen ari den bitartean airearen fluxua bermatzen duena eta ume txikiaren adinera eta bere hazkundean hartzen duen elikagai motara egokitzen dena
- Erabilera bakarreko poltsa birziklagarriak, amaren esnea edo umeentzat prestatutakoa edukitzeko, umeak hartu arte hozkailuan kontserbatzeko aukera emanez
Produktu berritzaile horrekin, MBA Executive GECEM irabazi duen taldeak Espainiako merkatuan hilean 1.500 unitate inguruko salmenta kopurura heltzea aurreikusten du, eta, horrez gain 800.000 poltsatxo eta 9.000 tetina epealdi berean. Hirugarren urtetik aurrera produktu eskaintza handiagoa eta nazioarteko merkatura zabaltzea planteatzen da. Plana kontuan izanda, konpainiak jardueraren bigarren urtetik aurrera lortu ahal izango ditu irabaziak.
Biboh! proiektua diziplina anitzeko talde batek prestatu du. Taldeko kideak hauek dira: Harumy Aguirre (Nazioarteko Negozioetan Lizentziatua), Cristina Andrés (Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua eta Marketineko masterduna), David Casado (Industria Ingeniari Teknikaria Mekanika espezialitatean eta gradu ostekoa Produktuen Ingeniaritzan), Ibai Fernández (Industria Ingeniari Teknikaria Kontrol Sistemen espezialitatean), Guillermo Goitia Elcoro (Industria Antolakuntzako ingeniaria eta Industria Ingeniari Teknikaria Mekanika espezialitatean), Gonzalo López (Turismoko Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan tituluduna) eta Amaya Martínez (Industria Ingeniari Teknikaria Mekanika espezialitatean).
Talde irabazlea beste lau talderekin lehiatu da. Talde horiek ere enpresa proiektu berritzaileak aurkeztu dituzte, aisiara eta turismora zuzendutako prebentzio eta alerta zerbitzu integratua; trekkinga, eskia eta nordic walkinga egiteko "makila adimentsuen" garapena; edo uretan dauden pertsonak erreskatatzeko sistema, dron bati konektatutako eskumuturreko batean oinarritua.
Laugarren urtez jarraian, MBA Executiveko partaideek, enpresa kudeaketari buruzko irizpide etikoak barne hartzen dituen "Zin egite Hipokratikoa" sinatu dute. Finantza krisi orokorraren babespean izandako iruzur handien aurrean (subprime hipotekekin gertatu zena bezalakoa) gizartearen ikuspegitik arduratsua den erantzun gisa, MBA Executive GECEMek, negozioen munduan etikan oinarrituta jarduteko konpromisoa sinatzea bultzatu du bere ikasleen artean.
Negozio planak
Negozio planak baldintza errealetan eta erabat berritzaileak diren produktuetan edo zerbitzuetan oinarrituta egin beharra da MBA Executive GECEMaren ezaugarri nagusietakoa. Hori dela eta, batzuetan partaideek, MBA Executive prozesu osoan lan handia eskatu dieten negozio planak aurrera eramatea eta errealitate bilakatzea planteatzen dute. Horrela, iazko edizioan "exaequo" irabazle izan ziren proiektu bietatik, batek erabilgarritasun eredurako lizentzia lortu du eta bestea patentea erregistratzeko fasean dago.
Horrela, entxuferik gabe janaria berotzeko gai zen tupperra egin zuen Ralph proiektuak, Oficina Española de Patentes y Marcas izenekoak emandako "erabilgarritasun eredu" kalifikazioa lortu berri du, eta taldeko kideak, produktua aurrera eraman ahal izateko egon daitezkeen aukeretan ari dira lanean. Kirol eta aisia jardueretan, mendian edo itsasoan, istripuak jasan dituzten pertsonak aurkitzeko eta erreskatea errazteko gailuan oinarritutako Gloder proiektuak, berriz, patentea emateko beharrezkoak diren aurretiazko faseak gainditu ditu dagoeneko. Sustatzaileen aurreikuspenen arabera, datozen hilabeteetan lortuko dute patentea, eta une horretatik aurrera, produktua fabrikatzeko eta merkaturatzeko dauden aukerak aztertu beharko dituzte.
GECEM (Enpresa Lehiakortasunaren Kudeaketarako MBA Executive) izenekoa UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enpresa Antolakuntza Sailak, ingeniarien, ekonomisten eta abokatuen elkargoek, Bizkaiko CEBEK patronalak, Iparraldeko APDk eta Iberdrolak sustatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten du. Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimen aitzindaria da, eta matrikulatuta dauden ikasleei, euren lanbidea aurrera eramateko orduan aurrean izango dituzten betebehar exekutiboan eta zuzendaritzakoan modu errazean eta praktikoan sakontzeko aukera ematen die.
Bere azken edizioan, MBAk 28 ikasle jaso ditu, zazpi pertsonez osatuta egon diren eta bakoitzak enpresa proiektu bat gauzatu duen lau taldetan elkartuta. Bere 19 edizioetan 492 ikaslek izan dute MBA Executive GECEM egiteko aukera. Egitasmoaren helburu nagusia etorkizunean zuzendaritza taldeetan arituko diren pertsonei erabakiak hartzeko orduan ezagutzak eta esperientzia ematea da. Egitasmoaren zortzi moduluak, enpresen kudeaketan eta irakaskuntzan esperientzia zabaleko profesionalek ematen dituzte, eta horien artean kontsultoreak, unibertsitateko irakasleak, zentro teknologikoetako profesionalak eta enpresetako zuzendaritza taldeetako kideak daude.
15 hilabetetan banatuta ikasketetarako 500 ordu eta proiektua egiteko 100 ordu eskaintzen dituen MBA, goi mailako titulazioa duten eta euren lan jarduera exekutibo edo zuzendaritza taldeetako kide gisa gauzatu nahi duten profesionalei dago zuzenduta. Helburu nagusia, gradudunek, prestakuntza akademikoan betetzen ez diren hutsuneetako batzuk gainditzea da, ezagutzak trukatzea eta ikuspegia aberastea da, beti ere enpresen lehiakortasunari begira. Horrela, etorkizuneko exekutiboei erabakiak hartzeko orduan ezagutzak eta esperientzia emateaz gain, MBA Executivek enpresa proiektua zerotik hasita sortzeko proposamena egiten die.