euskaraespañol

Atxoste haitzuloa gordeleku garrantzitsua izan zen 10.000 urtez gizaki ehiztari zein ekoizleentzat

UPV/EHUko ikertzaile batek ikusi du Atxoste harpe arabarra izan zela, inguruko guztien artean, gizaki ekoizleek erabiltzen jarraitu zuten bakarra

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/02

Jakina da Atxoste harpea 1.000 urtez baino gehiagoz erabili zuela gizakiak, tartean gizakiak ehiztari-biltzaile ziren garaian, Mesolitoan, eta Neolitoan, dagoeneko ekoizle zirenean. Aztarnategiko harrizko tresnetako aztarnak ikertuta, UPV/EHUko ikertzaile batek ondorioztatu du garai guztietan okupazio-aldi luzeak izan zituela Atxostek, baina ez zela inoiz izan bizileku finkoa.

Harpeak asko erabiltzen zituzten gizatalde ehiztari-biltzaileek. Harkaitzetan, askotan haien oinean, dauden sakontasun txikiko haitzuloak dira harpeak; ehiztari-biltzaileek baliabideak ondoan zituztenak aukeratzen zituzten, eta inguruko animalia eta landare basatiak ustiatzeko egonaldiak egiten. Atxoste harpea, Araban, adibidez, ibaitik 12 metrora dago, eta haranaren beheko aldean dago, baina oso hurbil dago arroaren erdi-menditik. "Kokapen estrategiko horri esker, askotariko baliabideak ustiatzeko aukera zuten bertako gizakiek Mesolitoan, hau da, ehiztari-biltzaile izan ziren garaian", dio Unai Peralesek, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak.

Neolito garaia iristean, eta ekoizle bihurtu zirenean, harpe gehienak alde batera utzi zituzten gizakiek. Beste bizimodu-mota batera pasatzeak espazioa okupatzeko beste modu bat eskatu zien: lurra lantzen hasi ziren, etxekotutako animaliak zaindu behar zituzten eta abar. Zehazki, inguru horretan, 10-12 harpe aurkitu dira Mesolitoko okupazioekin, eta, "Neolitoa zonalde horretan ondo finkatuta eta hedatuta zegoenean ere Atxosteri eutsi zioten. Kokaleku garrantzitsua, edo errentagarria, izan zela adierazten du horrek", nabarmendu du ikertzaileak.

Bere doktore-tesian, Atxoste aztarnategiaren azterketa trazeologikoa egin du, hau da, bertan aurkitutako harrizko tresnetako aztarnak aztertu ditu, erabilerari lotutakoak.  "Erabilera bakoitzak aztarna espezifiko bat uzten du tresnan. Orduan, aztarnak aztertuz, tresna horren erabilera deduzi daiteke", azaldu du Peralesek. Gehienbat suharrizko tresnak izan ditu ikergai, Mesolitoan eta Neolitoan asko erabili baitzuten gizakiek. Lupa bidez aztarna nagusiak aztertu, eta, ondoren, mikroskopio bidez, zehatzago ikertu zituen.

Ikusi ahal izan dutenez, Mesolitoan ehizarako asko erabiltzen zuten Atxoste: jaurtigai asko aurkitu dituzte, inpaktu-aztarnak dituztenak, baita ehizatutako faunaren aztarnak ere. "Baina ez zen ehizarako egonaldi motzak egiteko kokaleku huts bat —nabarmendu du Peralesek—. Larrua eta egurra ere lantzen zituzten bertan, eta, horretarako, beharrezkoa da egonaldiak luzeagoak izatea". Larrua lantzea prozesu konplexua da, fase asko ditu, eta, Atxosten, fase horietako batzuk egiten zituzten, baina ez zituzten bertan bukatzen.

Neolitoari dagozkien aztarnetan, ekintza askoren arrastoak aurkitu dira, larrua, ehizaturiko animaliak edo egurra lantzekoak, adibidez. Peralesek oso adierazgarritzat jo du bertan aurkitutako errota: 20 kiloko harri bat da, harearrizkoa, eta haren azterketa geologikoa egitean ikusi zuten Elgea-Urkila mendilerroetatik eraman zutela, 20-30 kilometroko bidea eginez. "Halako harri handia haraino eraman baldin bazuten, Atxoste ehizarako baino zerbait gehiagorako erabili zutela ondoriozta dezakegu, eta garai hartan ere egonaldi luzeagoak egiten zituztela bertan", dio. Etxekotutako ardien hezur batzuk ere aurkitu dituzte, bai eta igitai gisa erabilitako suharrizko tresnak ere. "Horri esker dakigu nekazaritza eta abeltzaintza ezagutzen zituztela".

Elkarri konektatutako gordeleku-multzo baten parte

Aurkitutakoak aztertuta, Peralesek ondorioztatu du Mesolito garaian, Atxoste "erdibideko kanpamentu bat izan zela, ez bizileku finkoa, ez ehizarako lekua. Horrek iradokitzen du inguruko beste harpe batzuekin konektatuta zeudela gizataldeak, eta batetik bestera joaten zirela, garaiaren arabera". Beste harpe batzuk ehizarako bakarrik okupatzen zituzten, eta bizileku finkoak aire zabalean zituzten. Gainera, ikusi dute suharria Urbasatik eta Trebiñutik eramaten zutela, baita Barrikatik ere. "Horrek esan nahi du populazio horiek asko mugitzen zirela edo beste gizataldeekin kontaktuak zituztela", gaineratu du.

Neolitoa iristean Atxoste harpea erabiltzen jarraitzeak, bestalde, informazioa ematen du Mesolitotik Neolitorako trantsizioa nola gertatu zen argitzeko. "Onartuta dago bi modutara gertatu zela trantsizioa: batetik, gizatalde ekoizleak lurraldeak kolonizatuz joan ziren; eta, bestetik, populazio ehiztari-biltzaileak akulturatu egin ziren. Atxoste akulturazio horren adibide da: erregistro arkeologikoan ikusten da aldaketa sakon bat dagoela, eta bat-batean tresna berriak agertu zirela, baina, aldi berean, Mesolitoko populazioek erabiltzen zituzten baliabide berdinak ustiatu zituzten, eta harpea erabiltzen jarraitu zuten", azaldu du.

Informazio osagarria

Atxoste harpearen indusketa Alfonso Alday UPV/EHUko irakasleak zuzendu zuen. Neolito garaiari zegokion errotaren azterketa geologikoa L. Martínez Torres UPV/EHUko geologoak burutu zuen.

Bibliografia-erreferentziak

-Alday, A.; Maciá, L.; Portillo, M.; Albert, R.M.; Perales, U. (2014). "Agricultura neolítica: a propósito de un molino del yacimiento de Atxoste (Álava, País Vasco)". Munibe (Antropologia-Arkeologia), 65.

-Alday, A.; Castaños, P.; Perales, U. (2012b). "Quand ils ne vivaient pas seulement de la chasse: preuves de domestication ancienne dans les gisements néolithiques d´Atxoste et de Mendandia (Pays Basque)". L´anthropologie, 116, 127‐147.

-Perales, U.; Ibáñez, J.J.; Alday, A. (2014). "The use of flint artifacts from Early Neolithic levels at Atxoste (Basque Country). an interpretation of site function through use-wear analyses". En, Marreiros, J.; Bicho, N. y Gibaja, J.F. (eds.). International Conference on Use-Wear Analysis, Use-Wear 2012, Faro, Cambridge Scholars Publishing, 592-60.

-Soto, A.; Alday, A.; Montes, L.; Utrilla, P.; Perales, U.; Domingo, R. (2015). "Epipalaeolithic assemblages on the Ebro Basin (Spain). The difficult identification of cultural entities". Quaternary International, 364, 144-152.

 

Argazkiak: Unai Perales eta Nuria González. UPV/EHU