euskaraespañol

Ona da Bilboko airearen kalitate erradiologikoa

UPV/EHUko ikerketa batek ondorioztatu du gaur egungo eta iraganeko jarduera industrialek eta sanitarioek ez dutela eragin esanguratsurik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/26

Saroa Rozas, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren teilatuan.
Saroa Rozas, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren teilatuan (Tere Ormazabal / UPV/EHU).

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Ingurumenaren Erradioaktibitatea taldearen ikerketa batean, Bilboko inguruneko airean dauden erradionukleidoen kontzentrazioa determinatu dute. Ikerketan lortutako datuek agerian uzten dute kontzentrazio horiek oso hurbil daudela UNSCEAR Erradiazio Atomikoen Eraginak Aztertzeko Nazio Batuen Batzorde Zientifikoak aipatutako gutxieneko balioetatik.

UPV/EHUko Aktibitate Baxuko Neurketen Laborategiak, besteak beste, EAEko kontrol erradiologikoa egiten du, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak estatuan ezarritako sarearen barnean. Kontrol erradiologiko horretan, hainbat erradionukleidoren analisia egiten da ingurumeneko konpartimentu guztietan, hala nola ur kontinentaletan eta itsasoko uretan, zoruetan, biotan eta inguruneko airean. Erradionukleidoak partikula (nukleo) ezegonkorrak dira, beren konposizio nuklearraren ondorioz, eta desintegratzean partikulak (alfa edo beta) eta/edo erradiazioak igortzen dituzte; hain zuzen ere, prozesu horri erradioaktibitate esaten zaio.

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko ikertzaileek Bilboko airean dauden erradionukleidoen aktibitate-kontzentrazioa determinatzeko azterketa egin dute. Erradionukleidoen artean, bizitza laburreko erradionukleidoak dira "eragin handiena dutenak inhalazio bidezko dosian", azaldu du Saroa Rozas Ingurumenaren Erradioaktibitatea ikerketa-taldeko ikertzaileak. Taldeko kideek neurketak egin dituzte in situ eta, bestalde, esekita dauden partikulen laginketa jarraitua egin dute urtebetez (2013ko ekainetik 2014ko ekainera), astero. Neurketak eskolan bertan, teilatu lauan, dagoen aire-laginketako estazioan egin dituzte. Ikertzaileek jo zuten Bilbo toki egokia zela halako ikerketa bat egiteko, hiriaren iragan industrial hurbilagatik -izan ere, gerta liteke iragan industrialak orduan eta gaur egun ere eragina izatea hiriko airearen kalitate erradiologikoan-, eta, bestalde, mendiz inguratutako hirigunea baita.

Emaitzek agerian utzi dute neurketetan hautemandako erradionukleidoen aktibitate-kontzentrazioak -uranioaren eta torioaren kate erradioaktiboetakoak, eta, bestalde 7Be eta 40K- Erradiazio Atomikoen Eraginak Aztertzeko Nazio Batuen Batzorde Zientifikoak (UNSCEAR) argitaratutako gutxieneko balioen parekoak direla (gutxieneko balio horietan munduko hainbat tokitako kontzentrazioak hartzen dira kontuan). Jatorri artifizialeko beste erradionukleido batzuk ez dira ageri Bilboko inguruneko airean edo oso aktibitate-kontzentrazio txikitan aurkitzen dira.

Metodologia berritzailea

Inguruneko airean dauden erradionukleidoen kontzentrazioa determinatzeak hainbat zailtasun ditu; izan ere, erradionukleido batzuek bizitza-denbora labur samarra dute, eta, horretaz gainera, erradionukleidoak zorutik askatzen dira gas edo partikula gisa eta atmosferan ere eratzen dira kate erradioaktiboetako aitzindarien desintegrazioaren ondorioz. Bestalde, gerta daiteke jarduera industrial eta sanitario jakin batzuek eragina izatea inguruneko aireko erradionukleidoen kontzentrazioan, halako eran, non ezohiko balioetara irits baitaiteke eta pertsonen haiekiko esposizioa handitu baitaiteke. Horrenbestez, erradionukleidoen kontzentrazioa determinatzeak ez du balio bakarrik airearen kalitate erradiologikoa zein den jakiteko; pertsonek duten arrisku erradiologikoa zenbatesteko eta, beharrezkoa denean, arreta neurriak edo neurri zuzentzaileak ezartzeko ere balio du.

Rozasen iritziz, "ikerketan erabili den metodologia da berrikuntza nagusia, hots, bizitza laburreko erradionukleidoen aktibitate-kontzentrazioa determinatu ahal izateko erabili dugun prozedura". "Zaila da, azkar egin behar baita, erradionukleidoen emisio-energia jakin batzuk hautatu behar dira…", azaldu du. Halaber, desintegrazio erradioaktiboarekin lotuta erabiltzen diren ekuazioetan, "atzipen atmosferikoko terminoak sartu dira, eta laginketa-prozesuei, lagin-prestakuntzari eta neurketari aplikatu zaizkie", erantsi du. Prozedura hori beste kasu batzuetan ere erabil liteke. "Metodo analitiko hau bera erabili dugu jarduera industrial bateko, soldadurako, erradionukleidoen aktibitate-kontzentrazioa determinatzeko".

Informazio osagarria
Hauek dira Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko Ingurumeneko Erradioaktibitatea ikerketa-taldea osatzen duten kideak: Margarita Herranz, Raquel Idoeta, Natalia Alegría, Saroa Rozas eta Fernando Legarda.

Erreferentzia bibliografikoa