euskaraespañol

Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Graduaren III. Hedapen Jardunaldiak

Euskal Herriko Batxilergoko 96 ikasle hartuko ditu Farmazia Fakultateak hedapen ekimen honetan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/19

Irudia

Farmaziako Fakultateak Elikagaien Zientzia eta Teknologiako (EZT) Graduaren III. Hedapen Jardunaldiak burutuko ditu, ‘Elikagaien Zientzia eta Teknologia eta horien garrantzia XXI. mendean' izenburupean. Horietan, Euskal Autonomiako ikastetxe ezberdinetako Batxilergoko 96 ikasle hartuko ditu bere laborategietan. Unibertsitate aurreko ikasleei titulazio horrekiko interesa piztea da horien helburua, elikagaien teknologoaren lanbidea eta dagozkion prestakuntza, gaitasunak, trebetasunak eta irtenbide profesionalak ezagutaraziz.

Mikrobiologia (Ester Suñén eta Maite Orruño), Nutrizioa eta Bromatologia (Marta Albisu, Arrate Lasa, Jonatan Miranda eta Mª Ángeles Bustamante), Kimika Ezorganiko (Idoia Ruiz de Larramendi) eta Elikagaien Teknologiako (Iñaki Etaio, Encarnación Goicoechea, Mª Dolores Guillén, Mª Jose Manzanos, Patricia Sopelana, Ainhoa Ruiz eta Andrea Martínez) sailetako irakasleek koordinatutako ekimena da. Laguntza lanetan, gainera, Bárbara Nieva eta Xabier Belaunzaran doktoregaiak, bi ikasle graduatu (PepsiCo-ko Beatriz Arana eta Doniene Gorrondona upeltegiko Itziar Insausti) eta Euskadiko Elikagaien Zientifiko eta Teknologoen Elkartea (Carmen Vega) dihardute.

Saioetan, Elikagaien Zientzia eta Teknologiari lotutako bost praktika egingo dituzte ikasleek laborategian: mikroorganismoek  elikagaien kalitatean eta segurtasunean duten egitekoa egiaztatu, ohiko bi elikadura intolerantziari (laktosa eta glutenarekikoak) irtenbideak ematen saiatu, edarien alkohol gradua zehaztu eta horren garrantzia egiaztatu, zentzumenen bitartez (usaimena, ikusmena, dastamena, ukimena) hainbat elikagai deskribatzen ahalegindu, eta janari lipidoen (olioak eta koipeak) garrantzian sakonduko dute, teknologiaren zein zentzumen eta nutrizioaren ikuspegitik.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.