Dominikar Errepublikako Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministro Ligia Amada Melo de Cardona doktoreak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkak, erakunde biek graduondoko bekei buruz indarrean duten hitzarmena berritu dute gaur, ostirala, hilak 15. Hitzarmen honekin diruz laguntzen da UPV/EHUko master edo doktorego ikasketak egin nahi dituzten ikasle dominikarrei.
UPV/EHUk eta Dominikar Errepublikak bekei buruzko hitzarmena berritu dute
Ligia Amada de Melo Hezkuntza ministro dominikarrak Unibertsitateko Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusak bisitatu ditu gaur
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/15
2015/16 eta 2016/17 ikasturteetan indarrean izango den hitzarmen honen bidez, UPV/EHUk bertakoei ezarritako salneurri bera ezarriko dizkie matrikulan ikasle dominikarrei ere, eta ostatu aurkitzeko laguntza eskainiko die hona heltzen direnean. Bere aldetik, Dominikar Errepublikako gobernuak bere gain hartuko du matrikularen ordainketa eta diruz lagunduko ditu bekadunak mantenua, ostatua eta osasun aseguruari dagokionean.
Nekane Balluerka UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak adierazi duenez, "gure Unibertsitateak Dominikar Errepublikarekin duen harreman akademiko ona orain dela hamabost urte ingurutik dator; izan ere, urtero, 30 ikasle inguru matrikulatzen dira gure master eta doktorego programetan".
1999an, UPV/EHUk bere lehen harremanak hasi zituen dominikar erakundeekin Latinoamerikako Master eta Doktoregoen Sarearen bitartez. Ondorioz, 2010ean, harremana areagotu egin zen Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministerioarekin sinatutako lehen hitzarmenarekin. Orain, hitzarmen horri jarraipena ema zaio.
Euskal Herrian egin duen egonaldian, Dominikar Errepublikako Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministroak Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusa bisitatu ditu eta beka hau jaso duten hainbat ikasle dominikarrekin hitz egiteko aukera ere izan du.
Argazkiak: Tere Ormazabal eta Nagore Iraola. UPV/EHU