Xabier Txakartegi pediatrak "Umearen pisu sobera: esku-hartzea Lehen Mailako Arretako pediatrian" tesian dioenez, larria da pisu soberaren arazoa haurren artean, zeinak B motako diabetesa, hipertentsioa eta beste zenbait gaitz jasaten hasiak diren. Gernika-Lumoko neska-mutikoen Gorputz Masa Indizea (GMI) hainbat urtez neurtu du Txakartegik, eta hau ondorioztatu du, besteak beste: prebentzio-neurri jakin batzuk hartuta, obesitate-mailak ez du behera egin, baina gora ez egitea lortu da. Edoskitze naturalak pisu soberaren aurka izan lezakeen eraginari dagokionez, berriz, emaitza hobeak espero zituela aitortu du tesiaren egileak.
Ume obesoak heldu obesoa izateko probabilitate handia du
Gernika-Lumoko neska-mutilen obesitatearen prebalentzia-maila aztertu du Xabier Txakartegi pediatrak, eta zenbait prebentzio-neurri proposatu
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/12
Xabier Txakartegik adierazi duenez, "Lehen Mailako pediatria-taldeek badute eraginik pisu sobera PSa geldiarazteko edo, gutxienik, haren prebalentzia-tasa ez igotzeko jardunean. Hiru eratako neurriak hartu ditugu guk: batzuk, gizarte osoarentzakoak dira; beste batzuk, berriz, eskolei zuzenduak, eta, azkenik, umeei, banan-banan, ezarri beharrekoak". Hogeita sei urtez egin zuten Gernika-Lumoko pediatria-taldekoek umeen Gorputz Masa Indizearen jarraipen sistematikoa (GMI), eta hona emaitza nagusia, Txakartegiren hitzetan: "Pisu soberaren prebalentzia-tasetan ez da hobekuntzarik nabaritu, baina obesitate-mailak ez du gora egin, ikerketa gehienetan ez bezala. Hortaz, ez dugu ezer konpondu? Ez da ezer lortu? Lortu da, bai: beste pediatria-taldeko umeen GMIarekin alderatuz gero, hau da, guk sistematikoki egin genuena egin ez zutenekin konparatuta, gure ume-populazioa osasuntsuagoa da, PSari dagokionez".
Zenbait gomendio bidali zituen pediatria-taldeak Gernika-Lumoko ikastetxe guztietara, txosten batean laburbilduta; besteak, urtebetetzeak eta gainerako ospakizunak ez egiteko ordura arte bezala, beste moduren batera baizik. Familiei ere bidali zitzaizkien hainbat aholku: bost otordu egiteko, gosariari garrantzi handiagoa emateko, koipe aseak saihesteko, edari azukredunik ez hartzeko, eta abar. "Horiek izan ziren, gutxi asko, Pisu Soberari aurre egiteko gomendatu genituen prebentzio-neurriak", dio Txakartegik.
Espero zen emaitzarik ez edoskitze naturalak
Oro har, ondorio positiboak ekarri zituzten neurri horiek, aipatutako tesiaren egileak dioenez, baina espero baino eskasagorik ere izan zen: edoskitze naturalari zegozkion emaitzak, esate baterako. "Dezepzio handia izan zen guretzat. Emaitza ez zen positiboa izan, eta guk positiboa espero genuen. Alegia, pentsatzen genuen edoskitze naturalak (EN) nolabaiteko babesa ematen diela haurrei pisu soberaren aurka, baina emaitzek ez zuten uste hori egiaztatu. Aitzitik, ENz luzaroan elikatutako haurrek PSaren prebalentzia-tasa handiagoak ere ageri zituzten modu estatistiko esanguratsuan", adierazi du X. Txakartegik.
Nesken eta mutilen artean alderik baden galdetuta, baietz dio tesiaren egileak: "PSari dagokionez, hiru urtera arte antzekoa izaten dute obesitate-maila neskek eta mutilek; hiru urtera iristean, GMIaren igoera izaten dute neskek eta, gero, jaitsiera, hamar urtera arte; hortik aurrera, hazten joaten da GMIa. Mutilei, berriz, geroago gertatzen zaie hori (sei bat urte dituztela); gero, jaitsi egiten zaie GMIa, 10-14 urtera arte. Laburbilduz: haurtzaroan, gizenagoak izaten dira mutilak, eta haurtzarotik aurrera, alderantzizkoa izaten da joera, neskek mutilek baino handiagoa izaten dute PSaren prebalentzia-tasa".
Informazio osagarria:
Osakidetzako Lehen Mailako Arretako pediatrian egiten du lan Xabier Txakartegi Etxebarria (Lekeitio, 1953), eta Gernika-Lumoko umeen ikerketa antropometrikoa du oinarri bere tesiak, "Umearen pisu sobera: esku-hartzea Lehen Mailako Arretako Pediatrian". Juan Carlos Vitoria Cormenzana doktorea (Haur-Gastroenterologiako Sailburua; Pediatriako katedraduna) eta Juan José Aurrekoetxea Agirre (Osakidetzako ikuskatzailea; EHUko irakaslea) izan ditu tesiaren zuzendari.
Argazkia: Maika Salguero - UPV/EHU
Campusako aurrealdeko argazkia: aedkafl/Dollar Photo Club.