euskaraespañol

Eraikin historikoetan itsasoak duen eraginaren azterketa kimikoa

Eraikuntza-materialetan eragiten dituen narriadura-prozesuak ulertzen lagundu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/11

Héctor Morillas

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak aztertu du itsas ingurune eta hiri- eta industria-ingurune batzuek zer eragin duten hiru lekutan kokatutako eraikinen kontserbazio-egoeran, zenbait tresna analitiko erabiliz. Horretarako, eraikuntza-materialetan zer erreakzio kimiko gertatzen diren aztertu dute. Horrek guztiak lagundu dezake itsasotik hurbil dauden eraikinak zaharberritzeko prozesu berrietarako erabil litezkeen estrategiak diseinatzen.

Haizearen eta olatuen elkarrekintzatik sortzen da itsas aerosola: gatz ez-organikoz eta materia organikoz osatutako esekidura bat, airearekin eta euriarekin garraiatzen dena partikula ñimiñotan. Itsas aerosola osatzen duten partikula horietan erreakzio kimikoak gerta daitezke atmosferan, eta eraikuntza-materialetan jalki daitezke hiri- eta industria-inguruneetan ageri diren beste partikula batzuekin batera —zeinak iturri antropogenikoa baitute, hala nola zirkulazioa, industria, etab.—. Konposatu horien guztien eta eraikuntza-materialen artean gerta daitezkeen interakzioek mota askotako patologiak eragin ditzakete eraikin horietan: materiala galtzea, gatzak sortzea, zirrikituak, pitzadurak, zolda sortzea, etab.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko Héctor Morillas ikertzaileak aztertu du zer narriadura-prozesu izan ditzaketen denborarekin itsasotik hurbil dauden zenbait eraikinen eraikuntza-materialek (hareharriak, kareharriak, igeltsuak, adreiluak, material zementatua...). Hiru eraikin hauetan egin zituzten neurketak: Igeldoko Itsasargia (Donostia), zeinak itsasoaren zuzeneko eragina baitu eta hiri- eta industria-ingurunetik aldendu samar baitago; Berangoko eraikin berri batzuk, zeinak itsasotik eta hiri- eta industria-ingurunetik aldendu samar baitaude; eta Galeako gotorlekua (Getxo), zeinak itsasoaren eta hiri- eta industria-ingurunearen zuzeneko eragina baitu. Hiru eraikinak eraikuntza-material desberdinez osatzen dira. Horrez gainera, ingurune-motak aerosolaren konposizioan eragiten du, eta, ondorioz, baita tokian gertatzen diren erreakzio kimikoetan ere.

Tresna analitikoen konbinazioa eta erreakzio kimikoen simulazioak

Ikerketan, eraikin horietan aurkitu diren patologiak ebaluatu dira, tresna analitiko batzuen (bereziki teknika espektroskopikoak) konbinazioan oinarritutako metodologia analitiko berri bat garatuz. Ikerketa-kasu bakoitzean aplikatutako metodologiei esker, aztertutako eraikuntza-materialen jatorriko konposizioari eta narriadura-produktuei buruzko informazioa lortu da (elementuei eta molekulei dagokiena). "Ikertutako materialen kontserbazio-egoerari buruzko ideia oso zehatza ematen dute emaitzek, materialek dituzten patologien karakterizazioari esker", azaldu du Morillasek.

Eraikin bakoitzaren hainbat tokitako jatorriko eta oraingo konposizio-datuak lortu ondoren, erreakzio kimikoen simulazioak egin zituzten, eredu termodinamikoak (software termodinamikoak) erabiliz, esperimentalki lortutako emaitzen arabera proposatutako narriadura-mekanismoak azaltzeko.

Doktore-tesi honetan ikasitakoak lagundu du "kimika analitikoaren ikuspegitik ulertzen nola gertatzen diren narriadura-prozesuak, itsas ingurune mota batzuen edo besteen eragina jasan dezaketen eraikuntza-materialetan, kostatik hurbil edo ez hain hurbil". Halaber, doktore-tesi honek lagundu dezake itsasotik hurbil dauden eraikinak zaharberritzeko prozesu berrietan erabil daitezkeen estrategiak diseinatzen, "eraikinak etorkizunean zaharberritzen badira, behar bezala zaharberritzeko behar beste informazio edukitzeko eta eraikinetan sortu diren patologien arabera lan horretan produktu batzuk edo besteak erabiltzeko", adierazi du. Bestalde, ikerketa-lan honek argitalpen zientifiko ugari eragin ditu izen handiko aldizkarietan.

Informazio osagarria

Héctor Morillas (Bilbo, 1981) Zientzia Kimikoetan lizentziaduna da, eta Kimika Analitikoan doktore. Analytical tools applied to the evaluation of the influence of different marine environments on the conservation state of building materials izeneko doktore-tesia egin du Juan Manuel Madariaga eta Maite Magureguiren zuzendaritzapean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Sailean. Ikerketa honetan, Frantziako Pierre eta Marie Curie Unibertsitateko (UPMC) Monaris ikerketa-taldearen lankidetza izan dute.

Erreferentzia bibliografikoak

Morillas, H., Maguregui, M., Paris, C., Bellot-Gurlet, L., Colomban, P., Madariaga, J.M. (2015). "The role of marine aerosol in the formation of (double) sulfate / nitrate salts in plasters". Microchem. J. 123, 148-157.

Morillas, H., Marcaida, I., Maguregui, M., Carrero, J.A., Madariaga, J.M. (2016). "The influence of rainwater composition on the conservation state of cementitious building materials". Sci. Total. Environ. 542, 716-727.

Argazkia: Mikel Martínez de Trespuestes. UPV/EHU