Urtarrilaren 11tik 22ra UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko (ZTF-FCT) laborategietan Jose Luis Ayastuy eta Izaskun Gil de Muro irakasleek koordinatzen duten Kimika Bizirik / Química en Acción programaren edizio berri bat burutuko da, Euskal Autonomia Erkidego osoko 40 ikastetxe baino gehiagotik etorriko diren bigarren hezkuntzako eta batxilergoko 400 ikasle baino gehiagorekin.
Kimika Bizirik-en edizio berria
Zientzia eta Teknologia Fakultatea zientzialari ikastunen bila dabil bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen artean
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/08
Ekimenak Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa uztartzen ditu, unibertsitate aurreko ikasleen artean bi gai horien gaineko interesa indartzeko. Programan parte hartuko duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz izango dituzte saioak, goizez eta arratsaldez. Aurten, partaideen %53a batxilergoko lehen eta bigarren mailakoak dira eta %47a DBHko laugarren mailakoak.
Ikasleek Kimikako lau praktika egingo dituzte laborategian, besteak beste, honako hauek: bost zentimoko kobrezko piezak "urrezko txanpon" bihurtuko dituzte prozesu elektrokimiko baten bidez (zinkez estaltzen dira eta zilar kolorea hartzen dute; ondoren, berotzean, zinka letoi bihurtzen da eta urre kolorea hartzen dute); detektibe kimikoaren jardueran, zortzi konposatu ezezagun identifikatu beharko dituzte, zenbait propietate kimiko eta fisiko neurtuta, esate baterako, pHa, eroankortasuna edo lumineszentzia. Ondorengo konposatuak identifikatu beharko dituzte: ur destilatua, itsasoko ura, tonika, kola edaria, tea, ozpina, lixiba eta gaseosa.
Era berean, 6-10 nylonaren sintesia egingo dute, polimerizazio bidez, bi erreaktiboak nahastuta, eta analgesiko komertzial baten osagai aktiboa identifikatuko dute. Azken jarduera horretan, ikasleek geruza fineko kromatografia erabiliko dute analgesiko baten benetako osagaiak identifikatzeko eta ondorengo agente aktiboen presentzia baieztatu edo ezeztatuko dute: parazetamola, ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa eta kafeina.
Gainera, esperimentuetan ere parte hartuko dute, betiere, Zientzia eta Teknologia Fakultateko tutore baten gidaritzapean; unibertsitateko zenbait irakaslek erakustaldiak ere egingo dizkiete.
Kimika Bizirik / Química en Acción programa 2006az geroztik gauzatzen da urtero eta bere helburua da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleak zientzian murgiltzea, hain zuzen ere, kimikan eta ingeniaritza kimikoan.