Rio de Janeiroko 2016ko Olinpiar Jokoetan lehiatuko diren munduko ibiltari garrantzitsuenetarikoak UPV/EHUtik pasatuko dira hurrengo hilabeteetan zehar, ezaugarri fisiologikoak eta biomekanikoak aztertzeko probak egitera. Bisita horiek eliteko ibiltarien bereizgarriak analizatzeko ikerketa baten harira egingo dira: proiektua Josu Gómez-Ezeizaren (1992, Tolosa)doktorego tesiaren zati bat da —‘Determinantes fisiológicas y biomecánicos de marchadores de élite internacional'— . Ikerlariak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Masterra atera ditu UPV/EHUn, eta Mikel Odriozola ibiltari olinpikoaren entrenatzailea da gaur egun.
Zer berezitasun dute ibiltari txapeldunek?
Mundu osoko atleta olinpikoak pasatuko dira UPV/EHUtik ezaugarri fisiologikoak eta biomekanikoak aztertzera
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/12/17
Josu Gómez-Ezeizaren proiektua astelehenean, abenduak 14, hasi zen, Espainiako selekzioko ibiltariekin: besteak beste, han izan ziren egungo 20 kilometroetako munduko txapeldun Miguel Ángel López; Europako Kopako junior probako brontzezko domina, María Pérez; Espainiako Txapelduna junior mailan, Amanda Cano; eta 20 kilometroetako Espainiako txapeldun ohia junior mailan Alberto Amezcua.
Bitxikeria moduan aipatu behar da Josu Gómez-Ezeiza ibiltariak ikertzen hasi aurretik, haietako bat izan zela, hau da, gaur egun ikertzen ari den atleta horiekin lehiatu zela. "Alberto Amezcuarekin batera aritu nintzen gazte mailetan; hala ere, ez nuen inoiz berarekin lehiatzea lortu, lasterketa guztietan doblatzen baininduen", aitortzen du barre algaratan Gómez-Ezeiza.
Zer berezitasun dute ibiltari txapeldunek? from UPV/EHU on Vimeo.
Espainiako selekzioaren ostean, hurrengo hilabeteetan igaroko dira proiektuan parte hartzera Australiako, Italiako, Kanadako, Ingalaterrako eta Japoniako selekzioetako ibiltariak. Ikerlanak determinatu nahi du zer berezitasun duten diziplina horretako txapeldunek. Gaur egungo 20 kilometroetako munduko txapeldun Miguel Ángel López espainiarraz gain, Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia eta Biomekanikako laborategietatik pasako dira, 20 kilometroetako munduko errekordun Ysuke Suzuki japoniarra eta 50 kilometroetako txapeldun olinpiko Jared Tallent australiarra.
2016ko ekainera arte luzatuko den Gómez-Ezeizaren tesi hori UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle Jordan Santos-Concejeroren eta Cristina Granadosen zuzendaritzapean egingo da, eta honako hauek aztertuko dira besteak beste: 3Dko biomekanika, hainbat abiaduratan; ukipen indarrak; eta jarduera neuromuskularra, elektromiografien bidez.
"Ibiltari bakoitzari dagozkion milaka datu bimekaniko eta fisiologiko analizatuko ditugu, hamaika disko gogorretan gordeko ditugunak. Bilduko dugun informazio izugarri handi horri esker jarduera muskularra, mugimenduaren patroiak edo egoera fisiologikoa ezagutu ahal izango ditugu", argitu du Gómez-Ezeizak.