Gaur, astelehena, abenduak 14, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean, ikerketa proiektu bat hasi da Rio de Janeiroko 2016ko Olinpiar Jokoetan lehiatuko diren eliteko ibiltarien ezaugarri fisikoak, fisiologikoak eta biomekanikoak ikertzea eta konparatzea helburua duena. "Munduko atleta onenek zer berezitasun dituzten ikusi nahi dugu", azaldu du Jordan Santos-Concejerok. Bera da UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle eta proiektuko zuzendarietako bat.
UPV/EHUtik 2016ko Rioko Jokoetara
Josu Gómez-Ezeiza egiten ari den doktorego tesiak munduko eliteko ibiltarien ezaugarri fisiologikoak eta biomekanikoak aztertuko ditu
Lehenengo argitaratze data: 2015/12/14
Ikerketa hau Josu Gómez-Ezeizak egiten ari den doktorego tesiaren —‘Determinantes fisiológicas y biomecánicos de marchadores de élite internacional'— zatia da. Gómez-Ezeizak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Masterra atera ditu UPV/EHUn, eta Mikel Odriozola ibiltari olinpikoaren entrenatzailea da gaur egun. Proiektua UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Jordan Santos-Concejero eta Cristina Granados doktoreek zuzenduko dute.
"Ibaltari bakoitzari milaka datu biomekaniko eta fisiologiko aztertuko dizkiogu, jarduera muskularra, mugimenduaren patroiak edo egoera fisiologikoa ezagutu nahi dugu, nola funtzionatzen duten jakin", adierazi du Gómez-Ezeizak, doktorego tesi horren egileak.
Proiektuan, munduko lehen mailako ibiltariak aztertuko dira: besteak beste, proiektuari hasiera emateko hemen egon da egungo 20 kilometroetako munduko txapeldun Miguel Ángel López espainiarra, selekzioko beste kide batzuekin batera; ondorengo hilabeteetan etorriko dira, 20 kilometroetako munduko errekordun Ysuke Suzuki japoniarra eta 50 kilometroetako txapeldun olinpiko Jared Tallent australiarra. Horiez gain, Japoniako, Australiako, Kanadako, Ingalaterrako eta Italiako selekzioetako ibiltariek ere parte hartuko dute azterlanean.
Neurketei dagokienez, honako hauek aztertuko dituzte besteak beste: 3Dko biomekanika, hainbat abiaduratan; ukipen indarrak; eta jarduera neuromuskularra, elektromiografien bidez. Jarduera muskularra mugimenduaren patroiak zehazteko neurtuko da, eta Ion Lascurain eta Ana Bengoechea doktoreek lagunduko dute horretan. Bestalde, balorazio fisiologikoa egingo da test inkremental batean, ibilketaren ekonomia zehazteko; Jon Torres-Unda doktoreak esku hartuko du horretan.