euskaraespañol

Eguneko irudia

Jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztu ditu UPV/EHUk Durangoko Azokan

Historiaren, Komunikazioaren, Ingeniaritzaren, Filologiaren edo Biologiaren esparruko aleak eskaini dira, besteak beste

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/30

Aurtengo uzta ikasliburu teknikoek eta dibulgazioko aleek osatzen dute

Euskal Herriko Unibertsitatea, euskara bultzatzeko daukan konpromisoari eutsiz, euskal kulturaren erakusleiho garrantzitsuenean izango da aurten ere, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen liburuak erakutsiko ditu abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den 50. edizioan. Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu han: ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezko) eta dibulgaziokoek osatzen dute uzta.

Jon Zarate Euskararen arloko errektoreordearen esanetan, "Euskal Herriko Unibertsitateak bere lehentasunen artean du euskarazko liburuak sustatzea, teknikoak nahiz dibulgaziokoak, itzuliak nahiz sormenezkoak, paperean nahiz formatu digitalean. Euskararen II. Plan Gidarian (2013-2017) hala dator jasota, eta ahalegin berezia egiten dugu hori betetzeko. Ikusi besterik ez dago: urtetik urtera handiagoa da UPV/EHUk Durangoko erakusleihoan aurkezten dituen liburu zientifikoak eta akademikoak".

Historiaren, Komunikazioaren, Fisikaren, Nautikaren, Ingeniaritzaren, Filologiaren edo Biologiaren esparruko aleak eskainiko dira, besteak beste. Guztira, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak 2015. urtean 20 titulu berritik gora argitaratu ditu; horietatik dozena bat inguru itzulpenak dira, eta gainerakoak euskaraz sortuak. Argitalpen berria izan ez arren, aipagarria da Koldo Mitxelenaren jaiotzearen mendeurrena dela-eta hizkuntzalari gipuzkoarraren lan guztiak biltzen dituzten 15 liburukiak (6.000 orrialde baino gehiago) 100 euroren truke erosteko aukera egongo dela. Halaber, UPV/EHUk Koldo Mitxelena webgunea jarri du abian; hots, Mitxelenaren idazlan guztietako testuetarako bilaketa-tresna izango da. 

Hizkuntzaren erabilerari buruzkoa da, era berean, Juan Garzia Garmendiaren "Esaldiaren Antolaera. Funtzio informatiboak gako" Euskara Zerbitzuaren ekimenez sortutako eskuliburua. Testuetan, esaldiaren mailan, informazioa antolatzerako orduan kontutan izan beharreko jarraibideak proposatzen ditu Garziak. Testugile orori, ikasle, irakasle, ikertzaile zein kazetari, lagungarri izango zaion gida praktikoa, azken finean. Eskuliburu hori askotariko ‘testugileei' zuzendutako liburu multzo baten lehen liburukia izatea da Euskara Zerbitzuaren asmoa.

Sorkuntzako beste lan berriei dagokienez, nabarmentzekoak dira UPV/EHUko hiru ikertzaile gaztek egindako saiakerak Historia garaikidea, Euskal literatura eta Komunikazioa sailetan: Unai Belaustegiren "Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923)", Elizabete Manterola Agirrezabalagaren "Euskal literatura itzulia" eta Josu Martinezen "Gure (zinemaren) Sor Lekua". Hirurak ere, entseguak gustuko dituzten euskal irakurleei euskaraz gozatzeko aukera emango dieten aleak.

"Zergatik den E=mc2" eta "Epigenetikaren iraultza"

Dibulgazioko saiakera irakurtzeko atseginak batzen dituen ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bilduman bi ale berri (18. eta 19. zenbakiak) argitaratu dira: "Zergatik den E=mc2" eta "Epigenetikaren iraultza". Lehenengoan, Brian Cox eta Jeff Forshaw fisikariek kontatzen dute Albert Einstein nola heldu zen mamitu zuen formula ospetsura, Euklides-ek, Galileo-k, Newton-ek eta Maxwell-ek irekitako bideei jarraituz. Bigarrenean, Nessa Carey biologo molekularrak zientzia berri horren (epigenetika) bilakabidea azaltzen du. Bi horiek, gainera, bilduma bereko liburu guztiak bezala, epub formatuan eskuratu ahal izango dira; baita filosofia eta pentsamendua uztartzen dituzten egile klasikoen lanak batzen dituen Limes bildumako guztiak ere. Liburu sailekin jarraituz, Legeak-Leyes bilduman, genetika eta biomedikuntzari buruzko hainbat lege itzuli dira 17. zenbakia egiten duen azken argitalpenean.

Euskarara itzulitako liburuak dira, orobat, honako hauek: "Mendebaldeko goi-inperio erromatarra. Augustotarrengandik Severotarrengana. K.a. 31 - K.o. 235"; "Itsasontziaren eskuliburua", "Mundu Modernoaren sorrera. Kontakizun global bat, XV. mendetik XXI. mendera arte"; "Instalazio elektrikoak"; "Metabolismoaren erregulazioa giza organismoan"; "Arteari buruzko oinarrizko kontzeptuak" eta "Lurraldeak eta mugaldeak II. Agerraldiak eta presak Espainiako zinema dokumentalean".

UEUrekin koedizioan plazaratu dira, halaber, "Enpresaren zuzenbiderako sarrera. Eskemak", "Nola hezi genero-berdintasunean? Guraso eta hezitzaileentzako hezkidetza-gida" eta "Giza histologia orokorra".

Aurreko lan guztiekin batera izango dira Durangoko erakusleihoan honako liburu hauek ere: "Eridenen du zerzaz kontenta: Sailkideen omenaldia Henrike Knörr irakasleari (1947-2008)"; "Ibon Sarasola, gorazarre. Homenatge, Homenaje"; "Kalitatezko kazetaritza: ba al dago etorkizunik? Erreferentziazko prentsaren eboluzioa Euskal Herrian eta Europan (2001-2014)"; "Kubik: antzezlan bat baino gehiago… Haur Hezkuntzarako proposamen artistiko-pedagogiko bat" eta "Natura eta ongizatea Bizkaian. Ekosistemen zerbitzuen eboluzioa; ikerketa kudeaketan". Horiekin batera, "Txostena: 2014. Elikagaien Segurtasuna Euskadiko Prentsan" eta "2014 barometroa. Atzerriko immigrazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak" formatu digitaleko lanak  www.ehu.eus/argitalpenak gunean daude eskuragai.

"Era berean, nabarmendu nahi nuke Gogoa, Tantak eta Ekaia-k, UPV/EHUko euskara hutsean argitaratzen diren hiru aldizkari zientifikoek, zientziaren euskarazko dibulgazioari egiten dioten ekarpen mardula. Duela bost urte hiruren artean 32 artikulu argitaratu bazituzten, gaur egun 50eko kopurutik gora dabiltza. Amaitzeko, formatu digitalean argitaratzen diren hainbat ikasmaterial ez dira Durangoraino heltzen. Hori dela eta, hitz hauek erabili nahi nituzke eskerrik beroenak emateko UPV/EHUko ikasmaterialen sare argitalpenen atarian testubiltegia materialak argitaratzeko urtean zehar gogor lan egin duten irakasleei", argitu  du Zaratek.