El Molí del Salt aztarnategian (Vimbodí i Poblet, Tarragona) egindako indusketei esker, arte higigarriko pieza berezi bat topatu dute, Goi Paleolitokoa: 13.000 eta 14.000 urte bitartekoa da. PLOS ONE aldizkarian argitaratu berri dute piezaren azterlana: eskistozko plaka bat da, 18 cm luze eta 8,5 zabal, eta zazpi motibo erdizirkular ditu grabatuak. Motiboak, formagatik eta proportzioengatik, etxolatzat jo daitezke; hortaz, ehiztarien kanpamentu baten irudikapena izan daiteke, dokumentatuta dagoen era horretako lehenengoa.
Duela 13.000 urte baino gehiagoko ehiztari kanpamentu baten mapa aurkitu dute harri batean grabatuta
Plaketa hori orain arte aurkitutako gizarte talde baten lehendabiziko irudikapena da
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/12/03
Marcos García Díezek (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Manuel Vaquerok (Universitat Rovira i Virgili / Institut Català de Paleoecologia Humana i Evolució Social) aztertu dute objektua. Bada, azterlanaren arabera, plakan irudikatutako motiboen forma ezaugarriak bat datoz etnografiaren bidez ezagutzen ditugun ehiztari-biltzaileen taldeek (Kalahariko boskimanoek, Australiako aborigenek…) eraikitako etxolekin. Halaber, etxola kopurua, zazpi, bat dator ehiztari talde baten ohiko tamainarekin.
Pieza hori berezi-berezia da Paleolitoko arteari dagokionez, orduko artean animalien irudiak eta ikur abstraktuak baitira nagusi. Bestalde, arte profanoa ere bada, Paleolitoko ohiko irudikapenetik urrun dagoena, ez baitu inplikazio ideologikorik, orduko artelan gehienek ez bezala. "Kontuan hartzen badugu kanpamentuak ehiztarien gizarte egituraren adierazpen espaziala direla, El Molí del Salteko plaketa talde sozial baten aurreneko irudikapena izan daiteke" adierazi du Manuel Vaquerok.
"Bestalde, grabatuaren azterlanaren arabera, motibo guztiak tresna eta teknika berarekin marraztu ziren. Horrek esan nahi du grabatua pertsona bakar batek eta denbora tarte laburrean egin zuela" esan du UPV/EHUren Historiaurreko Ikertaldeko kide Marcos García Díezek. "Horrenbestez, artistak marraztean begien aurrean zuen errealitatea erakutsiko luke grabatuak" gehitu du. Beraz, artearen historian dokumentaturiko lehenengoetariko paisajismo adibide bat litzateke; oraingo honek, ordea, soil-soilik giza paisaia erakusten du, lehenengo aldiz.
El Molí del Salteko lehendabiziko indusketa kanpaina 1999an egin zen, eta gaur arte urtero egin izan dituzte lanak, etenik gabe. Horretarako, honako erakunde hauek babesa ematen dute: Kataluniako Generalitateak, La Conca de Barberàko Eskualde Kontseiluak, Vimbodí i Pobleteko Udalak (Tarragona) eta SOREA enpresak. Manuel Vaquero aritu da beti indusketen zuzendari: Tarragonako Rovira i Virgilli Unibertsitateko Historiaurre Arloko eta Institut Català de Paleoecologia Humana i Evolució Social (IPHES) institutuko ikertzailea da.
Erreferentzia bibliografikoa
García-Diez, M., Vaquero, M. "Looking at the Camp: Paleolithic Depiction of a Hunter-Gatherer Campsite". PLOS ONE (http://dx.plos.org/10.1371/journal.pone.0143002)