UPV/EHUko Teknologia Matematikoaren Transferentzia ikerketa-taldeak proiektu bat garatu du Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroarekin lankidetzan, Euskadiko plaketa-kontzentratuen stockak kudeatzen laguntzeko baliabide informatiko bat diseinatzeko, eta, hala, gutxiago iraungitzeko. Sortutako eredu matematikoa baliozkotu ondoren, ebatzi dute urtean 420.000 euro baino gehiago aurreztuko litzatekeela ekoizpena murriztuta eta, gainera, egun bat gutxiago duten plaketak erabiliko liratekeela transfusioak egiteko.
Matematika, transfusioen iraungipena hobetzeko
UPV/EHUko ikerketa-talde batek Euskadiko plaketa-kontzentratuen kudeaketa optimizatu du simulazio matematikoaren bidez
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/12/01
Odol-transfusioetan ez da odol osoa erabiltzen. Emaileari erauzten zaion odoletik hiru produktu lortzen dira funtsean: globulu gorriak, plasma eta plaketak. Produktu horiek bizi mugatua dute; iraungitze-data desberdina dute: plasma bi urtez kontserba daiteke, globulu gorriak 28 egunez, eta plaketak bost egunean iraungitzen dira. Plaketa-kontzentratuen kudeaketa konplexua da; izan ere, azkar iraungitzen dira, ez da jakiten eguneroko plaketa-eskaria zein izango den eta, erantzunean, ez dago berandutzerik. Hori dela eta, ekoizpenaren ardura duen pertsonak erabaki zail eta arriskutsuak hartu behar izaten ditu, behar baino gutxiago ekoizteak eragin baitezake pazienteak behar bezala ez artatzea; beraz, gehiegi ekoizteko joera izaten da ohikoena, eta horrek eragiten du iraungitze-tasa altua izatea eta kostu ekonomikoak handiagotzea, produktu garestiak baitira.
Hala, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) UPV/EHUko Teknologia Matematikoaren Transferentzia ikerketa-taldearengana jo zuen, plaketa-kontzentratuen (PK) izakinen kudeaketa optimizatzeko tresna matematiko bat garatu zezan. Eredua 2012ko datu historikoak erabiliz osatu da, eta 2013ko datu historikoekin baliozkotu da: simulazio bat egin da jakiteko ereduaren jarraibideei jarraituz zenbat ekoitziko eta zenbat iraungiko litzatekeen, eta emaitza horiek 2013ko benetako eskariarekin alderatu ziren.
Ereduaren emaitzak eta 2013an gertatutakoa alderatuz ikusi dute urtean % 14,42 PK gutxiago ekoitziz (1.472 PK gutxiago) eskari guztiari erantzun ahal izango zela, PKrik batere inportatu gabe. Hala, % 90,18 PK gutxiago iraungitzea lortuko litzateke (hots, 1.460 PK gutxiago); aldea nabarmena da. Era berean, ia egun batez hobetuko litzateke transfusioan emandako plaketa-kontzentratuen adina; izan ere, % 65,07 txikituko litzateke bost eguneko adinarekin transfusioan ematen diren PKen kopurua, eta hori oso garrantzitsua da ikuspegi klinikotik. Horrek, zalantzarik gabe, eragin ekonomiko handia du: 2013an EAEn ezarritako tarifak aplikatuz, 420.000-690.000 € bitartean aurreztuko litzateke, gutxiago ekoitzita.
Eredu konplexua da, eta optimizatzen jarraitu behar da
PKen iraungipenaren arazoa orokorra da, transfusio-kate osoan aztertu beharrekoa. Euskadiko transfusio-sarean ekoizle bakarra dago: Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa. Horrez gainera, hamabi ospitale publiko eta bederatzi klinika pribatu daude, baina PKen stock finkoak bost ospitale publikotan baino ez daude. Informazio-sisteman erakunde horiek guztiak hartu dira kontuan, bost klinika pribatu izan ezik, eta, halaber, katearen prozesu guztiak sartu dira, odola ematen denetik transfusioa egiten den arte. Hala, odol-emateen % 100 eta EAEn egiten diren transfusioen % 94 zuzenean eta era zentralizatu batean kudeatzea lortzen da. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak, gutxi gorabehera, globulu gorrien 100.000 kontzentratu, transfusioa egiteko 12.000 plasma eta 10.300 PK ekoizten eta hornitzen ditu urtean.
EAEko plaketa-kontzentratuak kudeatzeko diseinatutako ereduan stock bakarra hartzen da kontuan, TGEEZkoa; hots, ez du ospitaletakoa kontuan hartzen. Ereduan, aintzat hartzen da lanegunetan baino ez dela kontzentraturik ekoizten baina urteko egun guztietan egiten direla transfusioak. Astelehen, astearte, asteazken eta ostegunetan ekoitzitako PKak biharamun goizean sartzen dira stockean, egun bateko adina dutelarik; ostiraletan ekoizten direnak, berriz, hurrengo astelehenean sartzen dira stockean, hiru eguneko adinarekin. Datu horiekin, beraz, benetako dinamika erreproduzitzen da. Egunaren amaieran, transfusio guztiak egin ondoren, iraungitako PKak bota egiten dira. Stocka goizetan eguneratzen da, iraungitako kontzentratuak deskontatu eta azken ekoizpena sartuta.
Horrenbestez, problema ez da erraza, eskaria ez baita egonkorra (asteko egunaren araberakoa da). Gainera, Aste Santuaren, Eguberrien eta udako oporraldien efektua ere izan behar da kontuan. Diseinatutako eredu matematikoan, eskariaren azterketa estatistiko bat erabiliz finkatzen da egunero gehienez ekoitzi beharrekoa, eta etorkizunean iraungiko diren aleak probabilitate-azterketa bat eginez zenbatesten dira.
"Esan dezakegu azterketa hau erabilgarria dela Euskadiko PKen ekoizpenaren, banaketaren eta transfusioaren dinamika hobeto ezagutzeko, eta mugak badituen arren, jarraibideak ezartzeko aukera ematen duela —adierazi du Mikel Lezaun, taldeko ikertzaile nagusiak—. Izan ere, dagoeneko, PKen ekoizpenaren sistematikan aldaketak egin dira: funtsean, ekoizpena murriztu egin da, asteko egunaren arabera doitu baita. Orain, egindako aldaketen segimendua egin behar da, haien eraginkortasuna balioesteko. Etorkizun hurbil batean, abiarazitako bidean sakonduko dugu, azterketa xeheagoak eta konplexuagoak egin behar baitira, errealitatea hobeto islatuko dutenak".
Informazio osagarria
UPV/EHUko Teknologia Matematikoaren Transferentzia ikerketa-taldean (https://www.ehu.eus/mae/grupottm/) sei doktore aritzen dira. Mikel Lezaun da ikertzaile nagusia, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko kidea da. Ikerketa-proiektuen bidez, taldeak enpresekiko harreman estuan egiten du lan, I+G+Bren arloan izan ditzaketen arazoak konpontzeko. Lortu duten jakintzaren eta erabilgarri dituzten azpiegituren bidez, taldeak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei.
Biltzarra
MA Pérez Vaquero, C. Gorria, M. Lezaun, FJ López, J Monge, C Eguizabal, MA Vesga. "A strategy for optimally managing the stock of platelet pool on a blood bank by mathematical simulation". Espainiako Matematikako Errege Elkartearen biltzarra. Granada, 2015eko otsailaren 2a eta 6a bitartean.