Gaixo bat larrialdi zerbitzuetan sartzen denean, oro har, odoleko oxigenoaren kontzentrazioa neurtzen da lehendabizi; horretarako, pulsioximetro bat jartzen da, atzazalarekiko perpendikular. Izan dezakeen eragina desagerrarazteko, atzazalen esmaltea kendu ohi da, eta horrek atzerapentxoa dakar premiazko esku hartze medikoan. Bada, UPV/EHUko Sendoa Ballesteros eta Irrintze Fernández ikertzaileek zuzentzen duten diziplina askotariko talde batek eginiko azterlan baten arabera, atzazaletako lakak eragiten duen alterazioa pulsioximetroen akats tarte estandarretan (± % 2) dago.
Odoleko oxigenoa neur daiteke atzazalak pintatuta?
UPV/EHUko azterlan batek dio atzazalen esmalte batek ekoitzitako pulsioximetro baten irakurketaren alterazio sutila ez dela klinikoki esanguratsua
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/11/27
Pulsioximetroak odoleko hemoglobinaren oxigeno saturazioa neurtzen du, era ez inbasiboan; izan ere, hemoglobina oxigenatuak eta desoxigenatuak sistole eta diastole faseetan xurgatutako argi kopurua neurtzen du. Pulsioximetroaren zundak sarri jartzen dira atzamarretako atzazalen gainean, non atzazalen esmalteak neurketa distortsiona baitezake. Hori dela eta, larrialdian eginiko azterlan klinikoan, atzazaletako laka kendu ohi da, oxigenoaren saturazioa baloratu ahal izateko. Prozesu horretarako, likido disolbatzaile egokiak eta zenbait segundo behar dira. Gainera, aldez aurretik beharrezko izan daiteke pertsona kaltetuaren baimena izatea, eta eztabaidak sor daitezke esmaltea kendu nahi ez dutenekin.
Tradizioz, uste izan da atzazaletako esmalteak aparatuek igorritako argia xurga dezakeela, hemoglobina oxigenatua atzematen lagun dezakeela eta eragina izan dezakeela odoleko oxigenoaren saturazioaren berri izateko egiten diren neurketetan. Hori ezinbesteko parametroa da pertsona baten ebaluazio klinikoa egitean. Eragin horrek pulsioximetria baten emaitzetan duen eragina zehazteko, Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernández UPV/EHUko Erizaintzako irakasleek 400 pertsonaren datuak aztertu zituzten: 12 saio klinikotan parte hartu zuten 1999ko urtarriletik 2014ko otsailera bitartean, Estatu Batuetan, Turkian, Brasilen, Thailandian, Italian eta Alemanian. Saio horiek Osasun Zientzien datu base garrantzitsuetatik seitan jaso ziren: Medline, Embase, WOS, Scopus, CINAHL eta IBECS. Aztertutako 440 kasuen artean, 50 gaixok bentilazio mekanikoa zuten, eta beste 42k obstrukzio arazo kronikoak (EPOC); bestalde, bost pertsona osasuntsurekin altueragatiko (3.084 m) hipoxia (oxigeno maila txikia) arineko simulazioa egin zen. Gainerako pertsonak osasuntsuak ziren, eta beren borondatez aritu ziren azterlanean.
Ballesterosek eta Fernándezek gidatutako taldearen berrikuste horretan, ikusi zen alde txikiak daudela emaitzetan, atzazal pintatuak eta pintatu gabeak zituzten pertsonen artean; hots, esmaltearen koloreak eragina izan zuen neurketaren emaitza estatistikoetan, baina alde horiek % 2tik beherakoak izan ziren. Beraz, erabiltzen diren pulsioximetroen akats tarteetan daude, eta ez dute eraginik jarduera klinikoan. Halere, ikusi zen kolore ilunek (beltza, marroia, urdina eta purpura) seinalearen indarra murrizteko joera zutela eta pulsioximetroaren errendimenduan eragiten zutela; nolanahi ere den, ez zen ezberdintasun estatistiko esanguratsurik lortu ez kosmetikoaren koloreei ez aplikatutako esmalte geruzei dagokienez.
Sendoa Bastellesterosen ustez, pulsioximetria egin zaien gaixoekin eginiko berrikuste sistematikoan, "atzazalak pintatzeko erabilitako kosmetikoak odoleko oxigeno saturazioaren irakurketan eragin dezake, baina eragin txikin hori ez da klinikoki esanguratsua, bereziki errendimendu handiko led eta sentsore teknologian oinarritutako dispositibo modernoetan erabiltzen direnean. Horrenbestez, ez da denborarik eta indarrik xahutu behar atzazaletatik esmaltea kentzen, larrialdian oximetriaren neurketa baliagarria lortzeko".
Egileei buruz:
Sendoa Ballesteros-Peña (Bilbo, 1981). Erizaintzan graduatua, masterra du Osasun Publikoan eta doktorea da UPV/EHUn. UPV/EHUko Erizaintza I Saileko irakasle elkartua da, eta erizain laguntzailea Basurtuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan (Bilbo).
Irrintzi Fernández-Aedo (Bilbo, 1981). Diplomaduna Erizaintzan, lizentziaduna Farmazian eta doktore UPV/EHUn. Irakasle atxikia da UPV/EHUko Erizaintza I Sailean.
Erreferentzia bibliografikoa
Sendoa Ballesteros-Peña, Irrintzi Fernández-Aedo, Artzai Picón, Sergio Lorrio-Palomino. Influencia del esmalte de uñas en los valores de saturación de oxígeno en pacientes sometidos a pulsioximetría: una revisión sistemática. Emergencias 2015; 27
Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes