euskaraespañol

Eguneko irudia

Koldo Serra, ikasle ohia eta zinegilea

«‘Goonie Belaunaldia' baino gehiago, ‘UPV/EHU Belaunaldia' gara»

Getxoko zinemagileak ‘Gernika' luzemetraiaren nondik norakoak azaldu zituen Arte Ederren Fakultatean

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/20

Martxoan estreinatuko du filma Serrak

Koldo Serra Leioako Arte Ederren Fakultatera itzuli zen atzo, karrera bukatu eta 16 urte pasa ostean. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Arte Ederretako ikasleei hitzaldi bat ematera etorri zen, film bat besoan zuelarik (ia-ia bukatua, produkzio ondokoan dagoena), ‘Gernika'. Ekoizpenak, 6 milioiko aurrekontua du, eta Espainiako Gerra Zibileko pasarterik samingarrienetarikoa birsortuko du: Alemania naziko aire indar bereziak, Legion Condor-ek, Bizkaiko hiribildua nola bonbardatu zuen 1937ko apirilaren 26an. Pelikula ingelesez, gazteleraz eta euskaraz dago filmatuta, eta nazioarteko antzezle-zerrenda du. Gernika urte berriko protagonista zinematografikoetariko izatera dago deitua. Gainera, Sony-k banatuko duenez, nazioartean ere zabalduko da.

Ikasle garaietan, bat egin zenuten Leioan  lanbide kide zenbaitzuk; Nacho Vigalondo ('Los cronocrímenes', 'Extraterrestre', 'Open Windows') eta Borja Cobeaga ('Pagafantas', 'El Negociador', guionista de '8 apellidos vascos') kasu. Espainiar zinemako ‘Goonie Belaunaldia'-  ren (1985an filmatu zen abentura filmari erreferentzia eginez) baitan sartu zaituztete.

‘Goonie Belaunaldia' baino gehiago, ‘UPV/EHU Belaunaldia' izan beharko ginen. Zinema maite genuen talde bat elkartu ginen Leioan, garai hartan. Nacho Vigalondoz eta Borja Cobeagaz gain, Nahikari Ipiña eta Borja Crespo ere han zeuden.  Arte Ederren Fakultatean ikasten genuen batzuk geunden, besteek Kazetaritza eta Ikus-entzunezko komunikazioa  ikasten zuten, gure lokarria Patxi Urkijo irakaslea izan zen. Urte haietako anekdota bat:  Borja Cobega campusean burutu zen laburmetraien sari banaketa batean ezagutu nuen. Berak irabazi zuen lehiaketa hura, eta nik bigarren saria eskuratu nuen. Ez zen izan unerik lagunkorrena , kar, kar, kar.  Hortik abiatu arren, lagun onak egin ginen. Izan ere, Arsénico P.C. produkzio etxearen bazkide sortzaileak gara Nacho Vigalondo, Borja Crespo eta Nahikari Ipiña.

Urte haietan filmatu zenituen laburmetrai gore-ak ("Photomatones","Háchame!" ); hamaika sari jaso zituzten laburmetraiak, pixka bat ganberroak ("Amor de madre", "El tren de la bruja"). Heldutasunera iritsi zara eta ‘Gernika' bezalako pelikula batekin serio jarri nahi izan duzu?

Ez da hori. ‘Gernika'nirea dela antzemango da, nire gustuak, nire unibertsoa… sumatuko da; gidoia neurea izan ez arren, ekoizle eta gidoilariekin asko inplikatu naiz. Filma Koldo Serrarena dela nabarituko da.

‘Gernika' Espainiaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko koprodukzioa da, nola sortu zen proiektua?

Bitxia izan zen. José Alba eta Carlos Clavijo, ekoizleetariko bi, zeharka bada ere, nireganaino heldu ziren, eta proiektua aurkeztu zidaten, hasiera batean oso arraroa egin zitzaidan dena: Malagako bi ekoizlek Gernikaren bonbardaketari buruzko lan bat filmatu nahi dute! Dena hain zen hain bitxia… baiezkoa ematea baino ez nuela, kar, kar, kar. Hala, elkartu egin ginen, proiektuaren nondik norakoak zehatz-mehatz azaldu zizkidaten eta berehala konektatu genuen. Enkarguzko filma da, baina ez zentsu negatiboan, gidoian parte hartu dut, lokalizazioetan, aktoreen hautaketan… neurea bezala sentitzen dut beste inork baino gehiago. 

Zinegileok asko asaldatzen zarete Espainian Gerra Zibilari buruzko pelikulak baino ez direla egiten entzuten duzuenean. Zergatik egin beste bat, orduan?

Badirudi Vietnameko gerraren inguruko pelikula bat edonork hartzen duela gogo onez; aitzitik, Gerra Zibilari buruzko filma bat aspergarria izan behar duela ematen du. ‘Gernika'-k, egia esateko, Gerra Zibilaren inguruko filmetan egon izan diren topikoetatik ihesi egiten du, Paracuellos del Jarama, Madril… at daude. Oso desberdina izango da, ekintza Euskadin kokatuko da, bestalde, nazioartekoagoa izango den ikuspegia du: kazetari estatubatuarrak, gobernu errepublikarraren aholkulari sobietarrak.. agertzen dira. Bigarren Mundu Gerraren aurrekari bati buruzko filma da, eta mundu guztian ulertarazteko egongo da bideratuta.

Gernika zure bigarren luzemetraia da, nazioarteko aktoreen zerrenda batek protagonizatzen du, ingelesa erabili duzu filmatzerakoan eta aurrekontu altu bat kudeatu duzu. Asmo handiko pelikula. Nola prestatu kritikari, behatzen dauden milaka begiei aurre egiteko?

Ardura handia dut gertaera historiko bat narratzen ari naizen aldetik, zalantzarik gabe. Baina, aurrekontuari dagokionez, ez hainbesteraino. Horrek ez nau arduratzen, ni sortze-prozesuaz okupatzen naiz, pelikulak pena merezi dezala, hori da nire burukomina. Gainera, Sonyk zabalduko duenez, mundu osoko merkatuetara heldu ahal izango gara; lasaigarria da. Egiari zor, hemendik aurrera gertatzen dena ez da nire mendekoa.

Zure aurreko luzemetraia, ‘Bosque de Sombras', 2006an filmatua eta Gary Oldman izarra protagonista zuena definitu zenuen "ahokatzeko zaila" legez, "generoen artean" mugitzen zena,  "pertsonaia anbiguoak" zituena eta "target jakin bati zuzentzen ez zena". Nola laburtuko zenuen ‘Gernika'?

Pelikula hau errazagoa da  ‘saltzeko', hitzaren zentzu onenean; ‘Bosque de sombras'-ek gris gehiago zituen, pertsonaia guztiak ziren zitalak, filma ilunagoa zen. Aitzitik, ‘Gernika' drama erromantiko bat da testuinguru beliko batean garatzen dena; itxura klasikoko pelikula bat, ‘Casablanca', "El Paciente Inglés" edo "Expiación" lanekin lerrokatu daitekeena. Filmak akzioa ere izango du; hala, bonbardaketa birsortuko da azken atalean.

Sortzeko eginahalak amaitu ostean, promozioari heldu beharko diozu. Nola daramazu hori?

Gutxien gustatzen zaidan partea da, kar, kar, kar. Niri sorkuntzaren aldea gustatzen zait, gidoia idatzi edo idazketan lagundu, filmatu, aktoreak zuzendu…

Zein fasetan dago ekoizpena? Estreinaldiaren datak itxita daude?

Filma urtarrilerako izango dugu bukatuta, momentu hauetan Fernando Velázquez ari da soinu-bandarekin, gero bestelako produkzio ondoko kontu batzuk izango ditut… eta martxorako, nik uste, estreinatuko dugu.

Azken urteetan telesail asko egin dituzu. Eskola bat izan da zuretzat medio hori?

Telebista lana izan da nire kasuan, bizitzeko enplegu bat. Baina asko irakatsi dit baita ere, azkar filmatzen, bestela ezagutuko ez nituzkeen aktoreak ezagutu ditut horri esker, eta horrek honelako pelikula bat jasotzea ahalbidetu du.

Zergatik kritikatu da horrenbeste medioa? Kateen errua da, ikusleena…?

Espainiako telesailen arazoa mundu guztiari atsegin eman nahi zaiola da, Cuencako atsoari eta Madrileko nerabeari; eta, azkenean, ez da inorentzat.  Amerikako Estatu Batuetako ordainpeko telebistek, ezen telesail zragarriak egiten dituzten, ez dute horrelako arazorik.  Nolanahi ere, azken boladan aldaketa bat sumatzen dut, gero eta telesail interesgarriak egiten dira, egikera akasgabea dutenak.