Baten bat haluzinazioekin heltzen bada ospitale batera, mediku taldeak egiten duen probetako bat da odol analisia. UPV/EHUko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko, Cibersameko eta Ibiomedeko diziplina askotako ikertalde batek proba hori erabili du, krisi psikotikoa buruko gaixotasun bihur daitekeen iragartzen lagunduko duen eredua sortzeko. Horretarako, aintzat hartzen da analitika klinikoan erregistratutako jarduera entzimatikoa. Metodo soila, lasterra, ekonomikoa eta, batez ere, ez inbasiboa da.
Odol analisi batek aurreikus lezake krisi psikotiko baten bilakabidea
UPV/EHUko talde batek, Cibersamek, Ibiomedek eta Arabako Unibertsitate Ospitaleak metodo lasterra, soila, ekonomikoa eta ez inbasiboa asmatu du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/11/13
Krisi psikotikoa errealitatearen pertzepzioan eragiten duen gorabehera da, haluzinazioak eta delirioak eragiten dituena; gainera, buruko gaixotasun bat dagoelako ohartarazpen izan daiteke (esate baterako eskizofreniarena, nahasmendu bipolarrarena edo depresio handiarena). Halaber, kanpoko agente batek eragindako nahasmendu puntual hutsa izan daiteke. Orain arte, odolean ez da markatzaile biologiko fidagarririk atzeman, gaixotasuna aurreikusteko eta alternatiba terapeutikoa eskaintzeko diagnostiko goiztiarra egiteko.
UPV/EHUko ikertzaile Ainhoa Fernández-Atuchak azaldu du: "krisi psikotikoen sintomak lotuta daude burmuineko neurotransmisoreen jardueraren nahastearekin, eta eskizofrenia bezalako buruko gaixotasun larriak eragin ditzake. Nolanahi ere den, halako krisiak bizi dituzten pertsona guztiek ez dute eskizofreniarik izango. Gure aurreikuspen ereduak erregresio linealeko teknika estatistikoa du oinarri, eta helburua da odol analisi baten bidez burmuinaren jarduera horren isla izatea jarduera entzimatikoan, horrela, hasierako diagnosia eta bilakabidea hobetzeko".
Jarduera entzimatikoa: markatzaile biologikoa
Azterlana 119 gaixoren artean egin zen: 78 gizon eta 41 emakume, 17 eta 62 urte bitartekoak. Guztiak ziren Arabako Unibertsitate Ospitaleko pazienteak, 2009tik 2012ra bitartean. Lehenengo krisi psikotikoaren ondoren, kontrol klinikoa eta analitikoa egin zitzaien, eta errepikatu egin zen hilabeteren, hiru hilabeteren eta urtebeteren buruan. Azterlanetik kanpo utzi ziren drogak kontsumitu ondoren eta burmuineko traumatismo larriaren ondoren haluzinazioak edo delirioak bizi zituzten pertsonak. Kontrol taldea 14 gizonek eta 16 emakumek osatzen zuten, eta haien arteko inork ez zituen aldez aurretik nahasmendu psikiatriko edo neurologikoak pairatu, ezta burezurreko eta entzefaloko traumatismorik ere.
Ikertaldeak sortutako teknikak lotu egiten ditu, batetik, pertsonak krisi psikotikoa bizi duenean duen jarduera entzimatikoa eta, bestetik, jarraipen urte batean zehar eginiko balorazio psikiatrikoko eskaletan lortutako datuak.. Zehazki, gurutzatu egin zen peptidasen taldeko entzimei (APB, APN, DPP-IV, PEP eta PSA) buruzko informazioa eta Jarduera Globalaren Ebaluazio Eskalaren (JGEE) eta Depresioaren Hamilton Eskalaren (DHE) bidez lortutako emaitzak.
Bada, ikertaldeak ondorioztatu zuen jarduera entzimatikoa handiagoa zen heinean, txikiagoa zela gaixoaren egoera orokorraren inguruko ebaluazio psikiatrikoko eskaletan lortutako puntuazioa; aldi berean, handiagoa zen depresio sintomen presentzia ebaluatzen duen eskalari dagokionez. Bestela esanda, emaitza horiek, epe laburrean, gaixo baten bilakabide globalaren pronostiko txarraren adierazle dira. "Badirudi entzimen jarduera areagotzeak neuronen jarduera aldatzea dakarrela" azaldu du Fernández-Atuchak. Gainera, odolean krisi psikotikoaren bilakabidea aurreikusten duten markatzaile biologikoak aurkitu izana garrantzitsua da; izan ere, "mediku taldeak diagnostiko goiztiarreko metodo bat izan dezake, alternatiba farmakologiko eta terapeutiko egokia izateko" azaldu du ikertzaileak.
Ikerlana diziplina askotako taldeak egin du; zehazki, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileek, Centro de Investigación Biomédica en Red de Salud Mental (Cibersam) erakundekoek, Arabako Unibertsitate Ospitalekoek eta Leongo Unibertsitateko Biomedikuntza Institutukoek (Ibiomed) osatu dute taldea. Bestalde, Jesús Gangoiti Barrera fundazioak finantzatu du proiektua.
Erreferentzia bibliografikoa:
Ainhoa Fernández-Atucha, Enrique Echevarría, Gorka Larrinaga, Javier Gil, Mónica Martínez Cengotitabengoa, Ana M. González-Pinto, Jon Irazusta, Jesús Seco. Plasma peptidases as prognostic biomarkers in patients with first-episo de psychosis. Psychiatry Research (2015), http://dx.doi.org/10.1016/j.psychres.2015.04.027i