euskaraespañol

Eguneko irudia

Leioako segurtasuna, aztergai

Laura Sotok eta Osertz Escobarrek emakumeek arriskutsutzat jotzen dituzten tokietarako zenbait proposamen egin dituzte

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/06

Osertz Escobar, Laura Soto eta Ricardo Egiguren Leioako leku gatazkatsu batean

Leioa udalerria Bilboko metropoli eremuan dago, eta 30.000 biztanle ditu. Hasieran, abeltzaintzan eta laborantzan aritzen ziren baserri sakabanatu batzuek osatutako herria zen. Gero, industrializazioa heltzearekin batera, aldatu egin zen herriaren fisionomia: hazkunde demografikoak espazio berriak ekarri zituen, eta izugarri ugaritu ziren etxebizitzak, aisialdi zentroak, parkeak, galeriak, industrialdeak… Hiria garatzen ari da oraindik ere: aurre egiten zaie erronka askori, baina, hala ere, beste hainbat arazo alboratu egiten dira. Leioako hiri diseinuak, azken batean, euskal herri askoren bide berari jarraitu dio.

Mundu guztia egongo da ados: gure hirietan berdin-berdin bizi eta gozatu behar dute gazteek, desgaitasunen bat duten pertsonek, gizonek zein emakumeek; egiatan, ordea, ez da hala gertatzen. Zenbaitetan, kolektibo batzuk ez dira seguru sentitzen: kasurako, emakumeak.

UPV/EHUko Kriminologiako 3. mailako ikasle Laura Sotok eta Osertz Escobarrek, Auditoria local de seguridad desde la perspectiva de género femenino. Leioa, 2015 lanarekin, Leioako emakumeek arriskutsutzat jotzen dituzten lekuak ikertu eta horien inguruko proposamenak egin dituzte: lur azpiko tunelak, batere argirik gabeko edo argi gutxiko kale eta auzoak, zaindu gabeko landaretza duten guneak, zoko eta ezkutalekuak izan ditzaketen eraikin abandonatuak… Hala, emakumeek eremu askotan sentitzen dute ez dabiltzala seguru.

"Segurtasunik ez dagoelako irudipen hori sorrarazten dute, neurri batean, lanean bildu eta azaldu ditugun aldagaiek: ikusgaitasunak, argiztapenak, ezkutatzeko aukerak, jendearen dentsitateak, espazioaren kalitateak, kontrolatzeko aukerek eta laguntza lortzeko aukerek. Horregatik, espazio batzuetan, haien ezaugarriak direla eta, errazagoa da zenbait delitu egitea, eta zailagoa beste batzuk egitea", esan du Sotok, lanaren egileetako batek eta UPV/EHUko Kriminologia Graduko 3. mailako ikasleak.

Sotoren gelakide eta lanaren egilekide Osertz Escobarrek dioenez, zaindu gabeko edo aintzat hartu gabeko eremu horietan, "delituen beldurragatik, pertsona asko gutxiago ibiltzen dira, bakartu egiten dira, espazio publikoak uzten dituzte… Horrek, finean, eragotzi egiten du herritar guztiek hiri eremu publikoa erabili ahal izatea".

Herri segurua

Lan hori (112 orrialde ditu, eta, generoaren ikuspegia oinarri hartuta, Leioako 40 leku gatazkatsu baino gehiago zehazten dira, argazkiekin, lekuaren morfologiaren azalpenarekin eta ondorio eta hobetzeko proposamenekin batera), hain zuzen ere, Kriminologiako bi ikasleek bigarren maila amaitu eta udan egin zituzten praktika boluntarioetan dago oinarrituta.

Escobarren hitzetan, "teoria praktika bihurtu" nahi zuten, eta Leioa udalerria leku aproposa zen horretarako. "Udalak bide eman zigun auditoretza egiteko, eta izugarri eskertzen diogu Ricardo Egiguren Leioako Udaltzainen buruari; izan ere, beste udaltzainekin batera, guri laguntzen aritu da une oro".
Leioa hautatzean eragina izan zuen 2009ko beste lan batek ere: Diagnóstico urbano desde la perspectiva de género en Leioa. Azterlan hori bertako zenbait emakumek egin zuten, Udalaren laguntzarekin: kalera atera ziren Leioako hiri eremuetan zeuden hutsuneen bila, lekuok identifikatu eta hobetze aldera. "Aurretik egindako lan horri esker, udalerritik hobeto ibili ahal izan gara, eta bertako leku arazotsuak topatu ahal izan ditugu; horiez gain, ordea, segurtasun gutxiko beste gune batzuk ere identifikatu ditugu. Lana, bestalde, lagungarri izan zaigu sei urteotan egindako erreformak aztertzeko: ikusi dugu asko hobetu direla eremu batzuk (Udondo Boulevard-a, San Juan Talderako eskailerak edo Viviendas de Bizkaia), baina oraindik ere badaude hobetu beharreko tokiak (L.Agirre plaza [Txakurzulo izenaz ezagutzen dena] edo Cervantes plaza). Alabaina, argi eta garbi utzi behar da Leioan oso delitu gutxi egiten direla", adierazi du Sotok.

Lanean behin eta berriz azpimarratzen da egokitu egin behar direla oinarrizko segurtasun elementurik ez duten eremuak, seguruago izan daitezen. "Lur azpiko igarobideak dauden lekuetan, beste ibilbide seguru batzuk gehitu behar dira (adibidez, aireko igarobideak); bideozaintzarako kamerak jarri behar dira; argi gehiago jarri eta zuhaitz eta landareen tamaina egokitu behar da (txikiago egin); udaltzain gehiago jarri behar dira kalean; ostiral eta larunbat gauean, segurtasun pribatua jarri behar da metro sarbideetako inguruetan; eta, gainera, apustu egin behar da metro anezkak udalerriaren erdiguneraino joan daitezen", azaldu du Escobarrek. Haren ustez, hiri eremuen diseinua izugarri hobetuko litzateke langileak elkarren artean koordinatuko balira: arkitektoak, Udaleko teknikariak, botanikariak, kriminologoak… "Horrela, ez da sortuko segurtasunik gabeko gunerik edo kontrol soziala zailtzen duen eremurik. Izan ere, esan dugun bezala, itxuraz abandonaturik dagoen eremu batean, ekintza bandalikoak ez badira kontrolatzen, azkenerako ugaritu egiten dira, eta zabaltzeko arriskua dago, ez bazaie garaiz aurre egiten".

Lan etorkizuna

Laura Sotok eta Osertz Escobarrek argi dute zer egin nahi duten ikasketak amaitutakoan: tokiko, erkidegoko, nazioko nahiz nazioarteko segurtasun indarrentzat lan egitea da bien ametsa. "Nik garbi daukat oposizioak egin nahi ditudala udaltzain edo ertzain izateko. Graduan ikasitakoarekin, uste dut egin ditzakedala ekarpenak", esan du Escobarrek. Sotok ere egingo lituzke oposizioak, baina nahiago du Polizia Nazionalean edo Europolen jardun: "Ertzaintzan lanean hasten bazara, behetik hasten zara, eta gero eskalatuz joaten zara. Nik, ordea, nahiago nuke hasieratik bertatik hasi gai garrantzitsuak lantzen eta delituak ikertzen: pertsonen edo armen trafikoa, haur pornografia, narkotrafikoa... Horretarako, Polizia Nazionaleko edo Europoleko tarteko karguetarako oposizioak egin behar dira; bestela, ezinezkoa da".