Bilboko Udalak lankidetza hitzarmena sinatuko du Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Errekalde-Moncada esparruaren hiri-diseinu berriari buruz Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleek egindako lanekin erakusketa antolatzeko eta horiek jasotzen dituen liburua argitaratzeko.
Arkitekturako ikasleek Rekalderako egindako proiektuak erakutsiko dira
Bilboko Udalak hitzarmena sinatuko du UPV/EHUrekin proposamen onenen erakusketa eta liburua egiteko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/10/28
Uriko Gobernu Batzordeak berretsi egin du helburu horietarako Bilboko Udalak 4.000 euroren ekarpena emateko erabakia.
Errekalde, Irala eta Ametzola elkartzen diren aldean dago Errekalde-Moncada esparrua. Gaur egun industria-pabilioiak eta etxebizitza-eraikinak tartekatzen dira bertan.
Indarrean dagoen Hiri Antolaketarako Plan Orokorrak jasotzen duenez, alde horretan pabilioien ordez babestutako etxebizitzak eraiki daitezke. Hirian egoera txarrean dauden aldeak egoera onean uzteko egin beharreko eraldaketak eta denbora kontuan hartuta, HAPO berrikusteko aukera ere badago, garapena gauzatu barik egonda, hausnarketa berri bati ekin dakiokeelako.
Horrela bada, aukeratutako proposamenek gogoeta berria eskaintzen digute esparru horretako erabilerei buruz, FEVEren trenbidea lur azpian laster sartuko dela eta Bilboko industri ondareari erabilera berria emateko dagoen sentsibilizazioa orain arte baino handiagoa dela kontutan hartuta. Soluzio berriak planteatzen dira, esate baterako, pabilioiak zenbait jarduera artistiko edo espezializaturen edukiontzi bihurtzea.
Erakusketa, abenduan
Errekaldeko Udaltegian (Altube zeharkalea, 6) erakusketa bat egongo da zabalik, abenduaren 2tik 10era. Sarrera doakoa da.
Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan Arkitekturaren Oinarrietako Graduko 4. mailan, 2014-2015 ikasturtean, 'Proiektuak VIII' bigarren lauhileko gaia egin duten euskarazko adarreko ikasleek egindako lanen artean aukeratu dira erakusketako lanak. Era berean, 2015aren amaieran aukeratutako lanak jasotzen dituen liburua argitaratzea dago aurreikusita.