euskaraespañol

Eguneko irudia

Saguzar hatz-luze ehiztariak sonar fina garatu du arrantzarako

Arrainaren desagertze-mugimenduak pizten du bere arrantza portaera, eta horren arabera bere ehiza patroia doitzeko gai da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/29

Saguzar hatz-luzea (Argazkia: Antton Alberdi)

Saguzar hatz-luzea (Myotis capaccinii) intsektuz gainera, arrainez ere elikatzen dela dakigun Europako saguzar bakarra da. Baina jokabide hori ez da anekdota hutsa, trebetasun hori garatzeko azaleratu dituen zentzumenen eta hegazkeraren fintasun maila faktore garrantzitsua izan baita saguzar hatz-luzearen historia ebolutiboan eta espezie honen biziraupenean. Hori ziurtatzen da Euskal Herriko Unibertsitateko Saileko ikerlari talde batek Scientific Reports aldizkari zientifikoan "Insight on how fishing bats discern prey and adjust their mechanic and sensorial features during the attack sequence" (Saguzar arrantzaleek harapakinak nola bereizten dituzten eta beraien mekanika nola doitzen duten inguruko pertzepzioa eta eraso sekuentziaren ezaugarri sentsorialak) izenburupean argitaratu duten artikuluan.

"Intsektuak eta arrainak harrapatzeko era bateko edo besteko teknika erabiltzeak saguzarrak bi ehizakiak bereizteko gai direla adierazten du, eta bereizketa hori nola gertatzen den ulertzea izan zen ikerketa honen lehen urratsa: harrapakina arrain gisa identifikatzeko kinada zein den ezagutzea, alegia" dio Ostaizka Aizpurua UPV/EHUko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa Ikerketa Taldeko kide eta artikuluaren ikertzaile nagusiak.

Arrastea eta buzzak

Saguzar hatz-luzeak intsektuen ehizarako eta arrantzarako darabilen teknika ezberdina da, harrapakin mota bakoitzari doitua. Ur-azalean pausaturiko intsektuak oinekin edo uropatagioarekin (oinen arteko mintza) arraste labur bat eginez harrapatzen ditu. Arrantzaren kasuan, ordea, hankak askoz ere gehiago sartzen ditu eta arrastea ere luzeagoa da. Aldeak ez dira, ordea, hegazkerara murrizten, ekokokapen-patroia ere ezberdina baita. Ekokokapena, saguzarrek orientatzeko eta ehizatzeko darabilten mekanismoa da, eta oihartzunen bitartez inguruneko objektuen kokapena ezagutzean datza. Hain zuzen, harrapaketa-fasearen amaieran gertatzen den ekokokapen pultsuen bizkortzea buzz izenaz ezagutzen da, eta saguzar arrantzale hauen kasuan ezaugarri ezberdinak dituzten bi zati bereizten dira: 1. buzza eta 2. buzza. Saguzar hatz-luzeek euren buzzaren bi zatiak modulatzeko gaitasuna dute; hots, interesaren arabera zati bat luzatu eta bestea murrizten dutela. Intsektuak harrapatzean bi buzzen garrantzia parekoa da, baina arrainak harrapatzerako orduan 2. buzza asko murrizten da, kasu batzuetan desagertzeraino.

Kinada zehatza ezagutzeko lehen pausoa saguzarrek zein estimulu-motari erantzuten dioten ezagutzea izan zen, eta horretarako hiru aukeraren aurrean saguzarrek zuten portaera aztertu dute UPV/EHUko ikerlariek. Aizpurua ikerlariak azaltzen duenez, "kinada batean, ur-uhinak sortu genituen, inongo ageriko harrapakinik gabe. Beste batean, uretan murgilduta geldirik zegoen arrain bat jarri genuen, goi-ezpaina uretatik kanpo zuela. Azken kinada, berriz, gora eta behera egiten zuen arrain bat izan zen, agertu eta desagertzeaz gain ur-uhinak sortzen zituena". Behaketa honen ondorioz ohartu dira ikerlariak, saguzarrek harrapakina ur-azaletik kanpo agerian zuten kinadei soilik erantzun zietela, uhinei kasurik egin gabe.

Informazio hori ezagututa, geldirik zegoen arrainaren eta agertu eta desagertu egiten zen arrainaren arteko aldeak aztertzeari ekin zioten, helburu jakin batekin: arrainak, morfologian ala desagertze-mugimenduan oinarrituta identifikatzen ote zituzten ezagutzea. Eta erantzun egokia bigarren aukera zen, bi kinada-motei emandako erantzuna intsektuei eta arrainei emandakoaren parekoa zela ikusi baitzuten. "Arrain bat geldi dagoenean, intsektua balitz bezala erasotzen dute hura, azaleko arraste motzak eginez eta pareko 1. eta 2. buzzak erabiliz. Eta arraina desagertzen denean, ordea, arraste sakonago eta luzeagoak egiten dituzte, eta buzza 1. motako pultsuetara alboratzen dute, arrainak harrapatzean gertatu bezala", dio ikerlariak.

Harrapakina desagertzen denean

Arrainak harrapatzeko saguzarrek darabilten teknika intsektuak harrapatzeko darabiltena baino neketsuagoa da, hankak urpean sartzeak sortzen duen frikzioak energia zinetikoaren galera handia eragiten baitu. Etengabe arrainak harrapatzeko ehiza-modua erabiltzea, beraz, ez da probetxugarria arrainak ahalegin gehienetan harrapatzen ez badira. Harrapakina desagertzean saguzarrek nola erreakzionatzen duten ezagutzeko, azken esperimentu bat diseinatu zuen ikerketa taldeak. Saguzarren ehiza-ekintzaren hainbat mementotan urperatu zuten arraina, eta saguzarren hegazkera- eta ekokokapen-patroien aldaketa aztertu zuten.

Saguzarren erantzuna ez zen bai/ez motakoa izan, graduala baizik. Hots, arrainaren desagerpen-mementoaren eta ehiza-patroiaren aldaketa erlazionatuta daude. Saguzarrek arrastearen intentsitatea harrapakinaren kokapenaren ziurgabetasunari doitzen diote, eta ekokokapen-patroia interesatzen zaien informazio-mota jasotzeko moldatzen dute. Erregulazio-portaera hori arrantza errentagarri egiten duen elementu garrantzitsua izan daiteke, beraz.

Erreferentzia bibliografikoa

Ostaizka Aizpurua, Antton Alberdi, Joxerra Aihartza & Inazio Garin. Insight on how fishing bats discern prey and adjust their mechanic and sensorial features during the attack sequence. Scientific Reports (2015). http://dx.doi.org/10.1038/srep12392