Arte Ederren ikasleen Gradu Amaierako Lanen erakusketa
2014-2015 ikasturtean titulua eskuratu duten ikasleen 50 artelan eta 221 dosier biltzen dira Bizkaia Aretoan
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/10/26
UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo) Arte Ederren Fakultateko ikasleen Gradu Amaierako Lanen II. Erakusketa izango da ikusgai datorren ostirala hilak 30a bitartean. Bertan, 2014-2015 ikasturtean zentro honetan beraien ikasketak bukatu dituzten ikasleek aurkeztutako lan praktikoen aukeraketa bat eta dosier guztiak ikus daitezke. Erakusketak Bizkaia Aretoko Etxepare, Axular eta Chillida erakusketa-aretoak betetzen ditu eta 08:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Sarrera librea da.
Arte Ederren Fakultateko Gradu Amaierako Lanen II. Erakusketa hau, ikasleek aurkeztutako 50 pieza aukeratuk osatzen dute, tartean margolanak, instalazioak, lan bideografikoak eta posterrak, eta baita Gradu Amaierako Lan bezala ikasleek aurkeztutako 221 dosierrak ere. Izan ere, 2014-2015 ikasturtean, 221 ikaslek eskuratu zuten titulua UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean, horien artean 95ek Arteko Gradua eskuratu zuten, 92k Sorkuntza eta Diseinuko Gradua eta 34k Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeari buruzko Gradua.
Honako hau ez da ohiko erakusketa bat, fakultate honek eskaintzen dituen hiru graduetan burutzen diren lanen aukeraketa bat baizik. Guztiek dute ikerketa teorikoa den parte bat, dosier formatuan, eta praktikoa den beste parte bat, landutako eremuaren arabera era desberdinean gauzatzen dena.
II Exposición de trabajos fin de grado de la Facultad de Bellas Artes from UPV/EHU on Vimeo.
Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak adierazi duenez, "erakusketa honekin artearen zati garrantzitsu bat, baina hala ere ezezaguna dena, ezagutzera eman nahi dugu: ikerketa teorikoarena. Horregatik erakusten ditugu ikasleek aurkeztutako dosier guztiak". Lauzirikak gaineratu duenez, "Arte Ederren eremuan egindako lana gizartearen aurrean erakusteko formatu naturala erakusketa da eta, beraz, ikasketa prozesuaren beste zati bat da, non harremanetan jartzen den artelana osatzen duen elementuarekin: ikuslearekin".
Erakusketaren aurkezpen ekitaldian Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoaz gain, Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea ere izan da eta baita hainbat ikasle, erakusten diren Gradu Amaierako Lanen egileak.
Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU