euskaraespañol

Eguneko irudia

Punta Begoña Galeriei buruzko herritarren partaidetzako ekitaldia

Jendearentzat zabalik dagoen ekitaldia izango da eta, haren bidez, proiektuaren jarduketa-eremua eta zabaltze-mugak zehaztuko dituen mapa egiten laguntzeko datuak bildu nahi dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/16

Ander de la Fuente, Juanma Madariaga eta Joseba Arregi.

Urriaren 22an, Punta Begoña Galerietan (Getxo) herritarren partaidetzako ekitaldi bat egingo da. Haren helburua, galeriak balioan jartzeko proiektuko ildo estrategikoen garapenean aintzat hartu beharreko ekarpenak jasotzea da. Ekitaldi hori Punta Begoña Galeriak birgaitzeko proiektuari lotutako partaidetza-prozesuaren barnean dago, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du Getxoko Udalaren laguntzarekin.

Hirigintza, Obra, Zerbitzu, Ondare eta Etxebizitza zinegotzi Joseba Arregik aipatu duenez, "galeriak berreskuratzeko eta balioan jartzeko egitasmoan ere herritarren parte-hartzeak toki nagusia du. Hiritarren parte-hartze ekimen zehatz hau, hortaz, gure udalerriarentzat, ikuspegi askotatik, zalantzarik gabe estrategikoa den proiektu batean getxotarrak inplikatzeko gure borondatearen adierazpena da".

UPV/EHUren aldetik, proiektuko ikertzaile nagusi Juanma Madariagak azpimarratu duenez, "Punta Begoñan ikasten ari garenarekin, etorkizuneko arazoei konponbidea emateko tresnak lortzen ari gara". Madariagaren iritziz, "horrek galerien eraikinera mugatzen ez den ikuspegi zabalagoa eskatzen du, hau da, askotariko elementuak hartu behar ditu, eta haiek herritarren mesederako prestatutako ekintzak egiteko toki bihurtuko dira".

Bestalde, UPV/EHUko Eraikitako Ondarearen Ikerketa Taldeko arkitekto doktore Ander de la Fuentek azaldu duenez, "herritarrei zabaldutako bilgune bat da, Punta Begoñarekin zerikusia dutela uste duten Getxoko tokiei nahiz inguruneari buruzko informazioa eman nahi dutenak, eta kontaketa komuna partekatzen dutenak nahiz eta lurralde-mailan sakabanatuta egon". Gaineratu du ere, "hala identifikatutako ondasunak UPV/EHUko ikertzaileek aztertuko dituzte paisaia-egoera baten barnean sartzeko; hala, paisaia horretan, ardatz nagusi batekin, kidetasun-sentimendua baliabide bat bihurtzeko ekintzak egin ahalko dira".

Herritarren partaidetzako ekitaldia Punta Begoña Galerien ekitaldi-aretoan egingo da, 18:30ean, eta bi bat ordu iraungo du. Lehenengo zatian, ondarea eta haren aukerak zaintzeak zer garrantzia duen azalduko da baliabide sozio-ekonomiko bat bilakatzeko. Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektuak zer helburu dituen ere jakinaraziko da. Bigarren zatian, ekitaldira bertaratutakoak, antolatzaileekin elkarlanean ariko dira galeriak lotzen dituzten tokien gainean beren ekarpenak egin ahal izateko. Jasotako informazioak oinarri bat osatzen lagunduko du, eta oinarri horiekin, UPV/EHUko ikertzaileek proiektuko jarduketa-eremua eta haiek zabaltzeko mugak zehaztuko dituen mapa egingo dute.

Espazioan dauden mugak direla-eta, ekitaldirako 55 lagunentzako tokia prestatuko da eta, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da Getxoko Udalaren webgunean (www.getxo.net).

Punta Begoña Galeriak biziberritzeko proiektua

Punta Begoña Galeriak (Getxo) Bizkaiko XX. mende hasierako eraikuntza esanguratsuenetariko bat da, haren erabilera eta kokapen bereziagatik eta egikaritzeko erabili zuten teknologiagatik.

Horrek guztiak, gaur egun duten narriadura-egoerarekin batera, Getxoko Udalaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea eragin dute; lankidetza-hitzarmen horren bidez, galeriak berreskuratu eta biziberritu nahi dira jendeari zabaldutako ikerketa- nahiz egikaritze-prozesu baten bitartez, herritarren zerbitzurako sortutakoa dena.

Horrenbestez, UPV/EHUko bost ikerketa-talde diziplina arteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udaleko aditu-talde batekin batera, eta Bizkaiko Aldundia nahiz Eusko Jaurlaritza laguntzaile izanik. Punta Begoña Galeriak berreskuratzearen nahiz biziberritzearen gainean proposatutako ekintzen aholkularitza-organo eta zuzendari lanak betetzen ditu UPV/EHUk.