euskaraespañol

Eguneko irudia

Sánchez-Lavega, teleskopiorik handienaren zientzia batzordean

Katedradunak Astronomiako Batzorde Nazionalarekin ere bat egin du, Eguzkia eta Eguzki Sistema arloko aditu gisa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/08

Agustín Sánchez-Lavega, bere bulegoan. Mikel Mtz de Trespuentes-UPV/EHU

UPV/EHUko katedradun eta astrofisikari Agustín Sánchez-Lavega E-ELT (European Extremely Large Telescope) munduko teleskopiorik handiena zuzentzen duen Zientzia Programaren Batzordeko kide izendatu dute. Atacamako basamortuan ari dira teleskopioa eraikitzen, Txilen. Bestalde, Astronomiako Batzorde Nazionaleko (CNA) kide ere izendatu dute; batzorde horrek astronomiaren inguruko programak bultzatu eta koordinatzen ditu, eta Espainia ordezkatzen du Nazioarteko Astronomia Elkartean.

E-ELT delakoa (Europako teleskopio izugarri handia, euskaraz) puntako ingeniaritza obra handia da, eta Europako Ikerkuntza Azpiegituretako Planaren barruan dago. 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioa jaso du, eta 2024an amaituko dira lanak. European Southern Observatory (ESO) behatokiko zuzendari Tim de Zeeuw-k nazioarteko astrofisikariz osatutako zientzia batzordeko kide izendatu du Agustín Sánchez-Lavega irakaslea; horrenbestez, teleskopio erraldoiarekin etorkizunean egingo den ikerkuntzaren ildoak ezarri beharko ditu hark, bai eta ikerkuntza hori gauzatzeko abangoardiako tresnak zehaztu ere.

Teleskopioaren elementu nagusia hainbat ispiluz osatutako ispilu islatzaile bat da. Ispilu guztiak konbinatuta, 39 metroko diametroa lortzen da guztira, hau da, Kanarietako Teleskopio Handiaren (GRANTECAN) diametroa halako lau; futbol zelai baten erdia hartuko du ia-ia. Azpiegitura horri esker, era guztietako astronomia objektuak behatu ahal izango dira hurbileko eremu ikusgai eta infragorrian, eta, era berean, eguzki sistematik kanpoko planeten atmosferak, planeten osaera eta urruneko galaxiak aztertu ahal izango dira. Horrez gain, teleskopioaren bidez, errazago ikertu ahal izango da unibertsoko energiari eta materia ilunari buruz. Horrela, E-ELT teleskopioaren Zientzia Programaren Batzordeak gure garaiko erronkarik handienari aurre egingo dio: alegia, Unibertsoa ulertzeari, Galileok duela 400 urte zerura begiratzean egin zuen bezalaxe.

Datorren urtean hamar urte beteko dira Espainia Hego Hemisferioko Behatokiaren (ESO, European Southern Observatory) partzuergoan sartu zenetik. Partzuergo horrek Europako astronomo eta astrofisikariak biltzen ditu, eta Europako Ikerkuntza Azpiegituretako Planaren esparruan sustatzen du teleskopio izugarri handia. 2010eko apirilean, ESOren Kontseiluak teleskopioa Txileko Atacamako basamortuan jartzea erabaki zuen, 3.000 metroko garaieran; izan ere, han zerua kalitate handikoa da, eta urtean ia 350 gau oskarbi daude.

Bestalde, Sánchez-Lavega irakaslea Astronomia Batzorde Nazionaleko (CNA) kide ere izendatu dute: Sustapen Ministerioaren mendeko kide anitzeko organoa da. Zehazki, UPV/EHUko astrofisikaria Eguzkia eta Eguzki Sistema arloaz arduratuko da, berak zuzentzen duen Zientzia Planetarioen Taldeak ere esparru horretan lan egiten baitu. Hauxe da Batzordearen helburu nagusia: astronomia programa nazionalak sustatzea eta koordinatzea, eta Espainia Nazioarteko Astronomia Elkartean ordezkatzea.

Agustín Sánchez-Lavega, lau aldiz Nature aldizkariaren azalean

Agustín Sánchez-Lavega (Bilbo, 1954), UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Fisika Aplikatuko katedraduna, nazioartean izen handia duen astrofisikaria da, eta eguzki sistema aztertzeko ikerketa lanean dihardu nagusiki. Venuseko, Marteko, Jupiterreko, Saturnoko, Titaneko, Uranoko, Neptunoko eta eguzki sistematik kanpoko planetetako atmosferak ikertzen lagundu du, Europako teleskopioekin eginiko behaketen eta NASAren eta ESAren espazioko misioen bidez. Era berean, UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Saileko zuzendaria VIRTIS tresnarekin ikertzen aritzen da beste ikertzaile batzuekin batera, MAJIS kamera hiperespektralean (JUICE espazio misioan erabiliko da), eta UPV/EHU PlanetCam astronomia kameraren ikertzaile nagusia da.

Bere ikerketen emaitza gisa, Sánchez-Lavega lau aldiz agertu da Nature aldizkariaren azalean, eta beste zortzi artikulu argitaratu ditu Nature eta Science aldizkarietan. Horrez gain, beste 200 argitalpen egin ditu aldizkari espezializatuetan, eta Jupiter (Cambridge U. Press, 2004) eta Saturn from Cassini-Huygens (Springer, 2009) liburuetako kapituluen egilekidea da. Halaber, hark idatzi du unibertsitateko An Introduction to Planetary Atmospheres testuliburua (Taylor & Francis – CRC Press, 2011).

Zientzia dibulgazioari dagokionez, 2009an Revista Española de Física aldizkarian argitaraturiko artikulurik onenaren saria lortu zuen, eta 2014an, berriz, Real Sociedad Española de Física – Fundación BBVA erakundeak Fisikako Irakaskuntzaren eta Dibulgazioaren Saria eman zion (unibertsitate mailakoa).

Sánchez-Lavega astrofisikaria, gainera, Europako Espazio Agentziaren (ESA) Eguzki Sistema Esploratzeko Aholku Kontseiluko kide ere izan da. Bestalde, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea sortu du, Espazio Gela eta hango Astronomia Behatokia sustatu ditu, eta Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterraren arduraduna da. Gela hori, hain zuzen ere, Euskadin Astronomiaren, Astrofisikaren eta Espazioko Zientzien arloa unibertsitatean irakasten duen lehendabiziko erakundea da.