Abuztuaren 14an, Andonik utzi egin gintuen. Oporraldian utzi gintuen, ohikoa zuen diskrezioari heldu nahi izan balio bezala, guri bere hutsune ustekabeko eta mingarriaren hasierako inpaktuari aurre egiteko denbora eman nahian.
In memoriam: Andoni Lazkano Bilbao
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/09/15
Andoni unibertsitate irakasle titularra zen UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza Sailean. 1995ean bat egin zuen sailarekin, eta, orduz geroztik, irakasle aritu zen hainbat arlotako irakasgai askotan, seinale prozesaketaren eta komunikazioen esparruan, Bilboko IGETen irakasten diren titulazioetan, betiere Telekomunikazioaren Ingeniaritzarekin lotuta. 2012tik, bere saileko idazkari akademikoa zen.
Seinale eta Komunikazioen Taldean aritu zen ikertzaile, seinale prozesaketa digitaleko teknikak sare elektrikoaren seinalearen eta bihotz desfibrilazioaren kalitatean aplikatzen. Azken urteotan, haize turbinen hornidura elektrikoaren kalitatea karakterizatzeko tresneriari eta neurriei buruzko ikerlerroa dinamizatzen ziharduen. Horrez gain, Estatuko eta nazioarteko hainbat batzordetako eta erakundetako kide zen (AEN/CTN 206 SC 88 "Aerogeneradores" azpibatzordeko kidea; azpibatzorde horretako GT21 "Power quality characteristics" lantalde nazionalaren koordinatzailea; eta TC88 "Wind Turbines" batzordeko IEC WG21 "Measurement and assessment of power quality characteristics of grid connected wind turbines" lantaldeko nazioarteko aditua), eta aktiboki lan egin zuen aerosorgailuen eta haize parke osoen karakterizazio elektrikoari buruzko nazioarteko araudia eguneratzen. Gainera, hark egin zuen ekarpen gehien batzorde horietan, flickerari dagokionez. Ikerkuntzako ibilbide horretan, hainbat ikerketa proiektutan eta kontratutan parte hartu zuen, aldizkarietarako, liburuetako kapituluetarako eta biltzarretarako artikuluak idatzi zituen, eta titularkide izan zen bi ustiapen patentetan. Gainera, bi doktorego tesiren zuzendarikide ere izan zen; 2015/16 ikasturteko lehen seihilekoan amaitzekoak dira tesiok.
Finean, Andoniren ibilbide profesionala oso zabala, aberasgarria eta apartekoa izan da. Hala eta guztiz ere, ibilbide profesional horrek ez du islatzen haren alderdirik garrantzitsuena: hau da, unibertsitatean eman digun hori guztia, benetan faltan botako duguna. Zinez honelaxe oroituko dugu Andoni:
- Bakezale eta bakegile. Bakezalea zen bereziki; ziur zegoen dena ondo zegoela, eta bake eta lasaitasun hori helarazten zien beti ingurukoei. Bestalde, bakegilea zen, eta ez gatazkak saihesten zituelako, baizik eta irmo aurre egiten zielako, desberdintasunei irtenbidea modu konstruktiboan aurkitu nahian eta inori kalterik egin gabe: jarrera guztiak aintzat hartzen zituen, eta benetako ahalegina egiten zuen denak integratzeko eta guztiek elkar ulertzeko.
- Diskretua zen eta ez zien besteei gaina hartzen. Hala ere, pertsona bizia, arduratsua eta egiatia zen. Adi entzuten zion aurrean zituenek adierazten ziotenari, izan esplizituki zein ez.
- Oso sentibera zen besteen beharrizanekin, eta beti zegoen laguntzeko prest. Gainera, laguntza emeki eskaintzeko trebetasun berezia zuen, ez baitzituen besteak zapaltzen; laguntzen ari ez balitz bezala jokatzen zuen, horrela behar zuela uste zuelako, umiltasunez eta erabakitasunez.
- Begirunez aritzen zen hitz egitean, isilik egotean, lan egitean, hausnartzean, besteak ez epaitzean...
- Hitz gutxikoa zen, baina esan beharreko guztia adierazten zuen; bere ikusmoldeak errespetuz partekatzen zituen, baina ez zuen sentitzen iritzi desberdinen aurrean defendatzeko beharrik.
- Zintzoa eta prestua zen, eta printzipio sendoak zituen. Printzipio horiekin koherentea zen edozein egoeratan, eta inoiz ez zuen printzipio horiek inori ezartzeko asmorik. Hala, bere uste sendoak eta horien ondorioak naturalki agertzen zituen, bere ekintzez bidez.
- Oso etxekoa zen, eta senidetasunez aurre egiten zion bizitzari. Haren familiak, emazteak, lau alabek, gurasoek eta anai-arrebek garbi erakusten dute harreman osasuntsuak, sakonak, hurbilekoak eta bene-benetakoak sortzeko grina zuela, eta pertsonen balioetan oinarritzen zela.
- Mundu eta gizarte justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko konpromisoa zuen, eta aktiboki esku hartzen zuen horretan.
- Gogoetatsua zen, eta ikuspegi globala hartu ohi zuen proposamenetan, erabakietan eta ekintzetan, baina ez zituen bazter uzten horiek maila apalagoan izan zitzaketen inplikazioak. Guztien ongizateari ematen zion lehentasuna, bere beharrizan edo lehentasun pertsonalen gainetik, eta ez zuen onura propiorik lortu nahi.
- Autokritika egiteko eta kritikak onartzeko gaitasuna zuen. Ez zen bere burua zuritzen edo defendatzen ahalegintzen; aitzitik, adi eta modu irekian entzuten zituen kritikak, eta hobetzeko aukera gisa hartzen zuen esandakoa, eta eskertu egiten zuen.
- Aparteko lana egin zuen, izugarrizko diskrezioarekin; badirudi ez zuela nahi gainerakook itota sentitzerik berak egiten zuen guztiagatik edo ez zuela nahi guk berari lana arintzerik.
- Ez zuen gibel asmorik. Pertsona garbia eta egiatia zen, eta edonor fida zitekeen hartaz, begi itsuan.
- Inoiz ez zen mintzen, ezer ez zuelako pertsonalki hartzen eta gainerakoen jarreren atzean zeuden kezkak, sufrimenduak eta motibazioak ikusteko gai zelako.
- Uste osoa zuen pertsonak berez direla onberak, eta berezkoa zuen bakoitzaren alderdi onena deskubritzeko eta horri erreparatzeko joera; gainera, itzelezko trebetasuna zuen hori modu naturalean azalerazteko.
- Inoiz ez zen kexatzen eta ez zuen ezer aurpegiratzen; edozein egoeraren eta edonoren alderdi positiboa ateratzen ahalegintzen zen.
- Harekin, dena zen erraza.
Izugarrizko hutsunea utzi digu, galera sentipen ikaragarria. Era berean, ordea, eskertzekoa da hura, haren maitasuna eta haren eredua hurbil eduki izana. Haren oroitzapenak beti aterako digu irribarrea, eta inspirazio iturri izango dugu gure bizitzako hainbat alderditan. Eta, beste era batera izanda ere, gure artean jarraituko du.
Andoni, atseden har ezazu bakean, bizi izan zinen bezala.
Ikertaldeko zure lagunak eta kideak