euskaraespañol

Eguneko irudia

Manuel Tuñón de Lara, UPV/EHUko historialaria eta irakaslea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/09

Tuñón de Lara bere herrialdearekin eta garaiarekin konprometitutako intelektuala izan zen

Hil honetan, Manuel Tuñón de Lara historialariaren jaiotzaren mendeurrena betetzen da. 1915eko irailaren 8an jaio zen, Madrilen. Bigarren Errepublikan, Zuzenbidea ikasi zuen, Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta 1936an, Juventudes Socialistas Unificadas erakundean sartu zen. 1939an, gerra zibilaren amaieran, atxilotu egin zuten, eta presoaldiak egin zituen Albaterako kontzentrazio esparruan eta Valentzia eta Madrilgo espetxeetan. 

Gerra ondoren, Unión de Intelectuales Libres erakunde klandestinoko kide izan zen, harik eta erbesterako bidea hartu zuen arte, 1946an. 35 urte igaro zituen Frantzian. Parisen, kazetari lanetan hasi eta ezin konta ahala artikulu argitaratu zituen, Frantziako argitalpenetan (Esprit, Cahiers Internationaux) eta Ibérica aldizkarian (New York), eta itzultzaile ere izan zen UNESCOn. 1951n, Pierre Vilar frantziar hispanista handia ezagutu zuen, handik aurrera maisu nagusi izango zuena, eta, hurrengo urteetan, Historia ikasketak egin zituen, Sorbonako Unibertsitatean eta École Pratique des Hautes Études delakoan.

1956an lehen liburua argitaratu zuenetik, Espagne izenekoa, Tuñón de Larak historia garaikideari lotutako ikerketa lanak egin zituen, eta La España del siglo XIX (1961) eta La España del siglo XX (1966) argitaratu, Parisen, bi-biak zabalkunde handia izan zuten obrak, 70eko hamarkadan Espainian berrargitaratuko zirenak, Francoren diktadurak ezarritako oztopoen gainetik.

1965ean, irakaskuntzan hasi zen, Paueko Unibertsitatean, eta Ikerketa Hispanikoen Zentroa sortu zuen ikasegi horretan. Letretako estatu doktoregoa eskuratu eta Espainiako Historia eta Literaturako katedraduna izan zen, 1981. urtera arte. Eragin handia izan zuen frantziar hispanista gazteengan eta espainiar historialariengan, eta horietako asko entzule izaten zituen 70eko hamarkadan Pauen antolatzen zituen Historia Solasaldietan.

Garai berean, obra garrantzitsuak argitaratu zituen: hala nola Historia y realidad del poder (1967), Medio siglo de cultura española (1970), El movimiento obrero en la Historia de España (1972) eta La II República (1976). Liburu horiek funtsezkoak izango ziren historia garaikideari buruzko espainiar historiografia berritzeko, historia politikoaren atalean nahiz historia sozial eta kulturalarenean.

Frankismoaren azken etapan, Manuel Tuñón de Lara Espainiara itzuli zen, eta historialari oso ezagun egin zen. Historiografiak ordura arte eginiko lana aitortu zion, Santanderreko Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateak egin zion omenaldian (Estudios de Historia de España, 1981, hiru liburuki). 1982tik aurrera, Euskal Herrian bizi izan zen. Katedradun eta irakasle emeritu izan zen gure unibertsitatean, eta Historia Garaikidea aldizkariko (Bilbo) zuzendaria. UPV/EHUn, hainbat biltzar antolatu zituen (Prentsaren Historia, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila), eta gai horiei buruzko liburuak eta konpilazioak argitaratu zituen: besteak beste, Comunicación, cultura y política durante la II República y la Guerra Civil eta La guerra civil en el País Vasco. Gainera, Historia Solasaldi sail berri bat antolatu zuen, Segoviako eta Cuencako Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean.

Etapa horretan, bi obra kolektibo nagusiren zuzendaritzaz arduratu zen: Labor argitaletxearen Historia de España (1980-1991, 14 liburuki) eta Historia del socialismo español (1989, 5 liburuki), eta honoris causa doktore izendatu zuten, Zaragoza, Palma de Mallorca eta Bordeleko unibertsitateek. 1997ko urtarrilaren 25ean hil zen, 81 urterekin, Leioan (Bizkaia), eta haren bizitza eta obrari buruzko hainbat argitalpen eta omenaldi eskaini zizkioten.

Manuel Tuñón de Larak garrantzi handia eman zion historia gizartean zabaltzeari, eta eginkizun horretan aritu zen, hedabide nagusietan izan zituen kolaborazio ugarietan: prentsan (Cuadernos para el Diálogo, El País), aldizkarietan (Historia 16), irratian eta telebistan. Aholkulari eta gidoilari lanak egin zituen historiari buruzko TVEren saioetan: Memoria de España: medio siglo de crisis (1896-1936) eta España en guerra, 1936-1939.

Tuñón de Lara, azken batean, bere herrialdearekin eta garaiarekin konprometitutako intelektuala izan zen. Antonio Muñoz Molina eleberrigileak idatzi zuen bezala: "sekula ez zuen utzi ezein dogmak historiarekiko zuen pasioa itzal zezan, pasio bikoitza zena: egia ezagutzea eta egia kontatzen jakitea".

 

José Luis de la Granja, Historia Garaikideko katedraduna
Carmelo Garitaonandia, Kazetaritzako katedraduna