euskaraespañol

Eguneko irudia

Olatuek zenbateko energia ekarriko duten aurreikusteko teknika

Uhinen indarra ordu batzuk lehenago iragartzeko teknika bat garatu du UPV/EHUko EOLO taldeak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/31

Aldizkakotasuna da itsas energiaren arazoetako bat: batzuetan, ugari izaten da; beste batzuetan, urri

Gainerako energia berriztagarrien arazo bera du itsasokoak ere: aldizkakotasuna; batzuetan ugari eta beste batzuetan urri izaten dela, alegia. Horregatik, itsas energia eraginkorki ekoizteko, komeni da jakitea noiz ekarriko duten olatuek indar handia; hartara, hobeto txerta daiteke energia-mota hori elektrizitate-sarean. Ocean Engineering aldizkariak duela gutxi argitaratu du aipatutako taldearen artikulu bat, "Short-term forecasting of the wave energy flux: Analogues, random forests, and physics-based models", non proiektuari buruzko xehetasun guztiak ageri diren.

Itsas energiaren potentziala handia da, adituen iritziz, baina bide luzea egin behar da, oraindik, masiboki ekoizteko. Aldizkakotasuna arazo du, bai, baina haize-energiarekin alderatuta, adibidez, badu abantaila bat olatuenak: errazago iragar daitezke olatu egokiak haize-boladak baino. Horregatik, itsas energia ustiatzeko, prototipo eraginkorrak edukitzea bezain garrantzitsua da hau jakitea: zenbateko energia ekarriko duten olatuek hainbat ordu barru. Datu hori jakinda, izan ere, uhinek sortutako energia hobeto txerta daiteke elektrizitate-sarean, eta, bide batez, kontsumitzen den energia berriztagarriaren portzentajea handitu.

Itsas energia iragartzeko eredu horietako batzuk garatu ditu UPV/EHUko EOLO taldeak Bizkaiko golkorako, random forests (ausazko basoak) deritzon teknikaz baliatuta. "Machine learning izeneko eremuan azken urteotan garatu den algoritmoetako bat da random forests (RF). Erregresio-zuhaitzak deritzenak ditu oinarri RFk: sarrerako aldagaiak sustrai gisara tratatzen dira, eta irteerakoak, berriz, hosto modura. Horregatik deitzen zaio "zuhaitza" teknika horri. Bada, erregresio-zuhaitzen garapen bat da random foresta, zeinak, zuhaitz bakar baten ordez, asko erabiltzen baititu (normalean, milatik gora), ‘baso' bat osatuz", argitu du EOLO taldeko Gabriel Ibarrak.

Ikertzaile horrek dioenez, beste modelo batzuekin alderatuta, fidagarritasun handiagoa dute bere taldeak garatutakoek, hiru eta hamasei ordu bitarteko iragarpenetarako. Neurketa-sail historiko bat dute oinarri EOLO taldearen modeloek, zeinek elkarrekin alderatzen dituzten olatuen unean uneko energia-mailak eta handik ordu batzuetarako izango direnak. Buia bidez egiten dute neurketa: bost dituzte Bizkaiko golkoan; hiru Galiziako kostatik gertu, eta bi itsas zabalean. Espainiako portuen erakundea arduratzen da Galiziako buien mantentze-lanaz, eta britainiar meteorologia-zerbitzua (MetOffice) itsas zabalekoenaz.

Klima-aldaketa eta olatuak

Gerora begira, bi bide jorratzeko asmoa du EOLOK: batetik, denbora errealean bereganatu nahi ditu WRF (Weather Research and Forecasting) meteorologia-modeloaren datuak, egungo emaitzak hobetzeko lagungarri izango zaizkiola baiteritzo; bestetik, etorkizunean sor daitezkeen klima-egoera hipotetikoak aztertzen jarraitu nahi du. Izan ere, klima-aldaketak olatuei ere eragiten die, eta hainbatean behin euskal kostaldea astintzen duten denboraleekin ere badu loturarik. EOLOko kideen iritziz, komeni da jakitea zer bilakaera izango duen itsas energiak datozen hamarkadetan, eta horretan dihardute. Nolanahi dela ere, hasi besterik ez dira egin itsas energia iragartzeko ikerketa-lanak, eta fase operatibora ez dira iritsi, hots, ez dira zuzenean aplikatzen, oraingoz.

2008an eraiki zen, Portugalen, itsas energia ekoizteko mundu osoko lehenbiziko instalazio operatiboa. Euskal Herrian, berriz, instalazio txiki bat egin zen, Mutrikun, 2011n. OWC teknologiaz funtzionatzen du Mutrikuko zentralak, eta elektrizitate-sarera bidaltzen du ekoizten duen energia. Laster, bestalde, entsegu-plataforma bat eratuko du EVEren BIMEP plataformak (Biscay Marine Energy Platform), olatuen jardun errealean probatzeko prototipoak.

Bibliografia-erreferentziak:

G. Ibarra-Berastegi, J. Saénz, G. Esnaola, A. Ezcurra, A. Ulazia (2015) "Short-term forecasting of the wave energy flux: Analogues, random forests, and physics-based models". Ocean Engineering, doi: 10.1016/j.oceaneng.2015.05.038. 104. 530-539. 2015