UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakasle Amaia Munarrizek egindako lanak uztartu ditu afasia den hizkuntza patologia eta elebitasunaren azterketa. Burmuineko lesio baten ondorioz, hizkuntzan sortutako arazoak elebidunen bi hizkuntzetan nola azaltzen diren ikertzen ahalegindu da, horretarako hainbat hizkuntza osagai aztertuz. Arazoak bi hizkuntzetan agertzen dira? Hizkuntza osagai berberei eragiten diete, eta mota berekoak dira? Hona tesiaren galdera nagusiak.
Afasiko elebidunak
UPV/EHUko Amaia Munarrizek aurkeztutako tesiak hizkuntza patologia eta elebitasuna uztartu ditu
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/08/26
Hizkuntzak eta haren osagaiak burmuin elebidunean nola antolatzen diren ulertzea izan du helburu tesiak, eta argi erakutsi du afasiak ez diela hizkuntza osagai guztiei berdin eragiten. Elebidunengan arazo horiek bi hizkuntzetan nola azaleratzen diren ulertzea izan da, beraz, erronka. Horretarako euskararen eta gaztelaniaren sintomen alderaketa izan du aztergai. Euskara-gaztelania elebidun baten kasu azterketa longitudinala burutu du nagusiki ikertzaileak. Ikerketa longitudinala hogei saioz osatuta dago, saio horietan bat-bateko elkarrizketa eta ariketa esperimentalak garatu ditu, eta ariketa guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egin dira, antzeko materialekin.
Elebidun afasikoarekin solasean jaso zituen hizketa espontaneoko datuak. Ariketa esperimentalak ere baliatu zituen egitura zehatzagoak aztertzeko bai aztergai nagusia izan duen afasikoarekin, zein bestelako hizkuntza arazoak zituzten edota arazorik gabeko elebakar zein elebidun batzuekin ere, emaitzak alderatzeko moduan.
Tesiak argi utzi duen ondorio nagusia da burmuineko lesioak ez dituela hizkuntza maila guztiak berdin kaltetzen, alegia, eta bi hizkuntzetan azaleratzen diren arazoen artean ere, antzekotasun eta aldeak atzeman daitezkeela. Bi hizkuntzen jokabidean ageri diren (des)berdintasunetan hainbat faktorek dute eragina, eta horien artean hizkuntzen arteko distantziak garrantzi handia du. Oro har, bi hizkuntzetan sintomak antzekoagoak dira euskaraz eta gaztelaniaz antzekoen diren hizkuntza mailetan, hain zuzen, hotsei dagokien maila fonetiko-fonologikoan, eta baita oso antzekoak diren tigre vs. tigrea bezalako (kognatu) hitzetan ere. Aldiz, bi hizkuntzetako jokabidean aldeak nabarmenago dira euskaraz eta gaztelaniaz ezaugarri desberdinak dituzten osagaietan, esate batera, maila morfosintaktikoan (euskara, SOV hizkuntza eta kasu-sistema ergatibo-absolutiboa duena vs. gaztelania, SVO hizkuntza eta kasu-sistema nominatibo-akusatiboa duena).
Egileari buruz
Amaia Munarriz (Iruñea, 1984) Euskal Filologia ikasitakoa da. Hizkuntzalaritza doktorego programaren baitan egin du tesia. Maria José Ezeizabarrena irakaslearen zuzendaritzapean egindako lanak Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketa du izenburua.
Argitalpenak
Munarriz, A. (2015). Irudikapen fonologikoa gaztelania-euskara afasia elebidunean. In Ezeizabarrena, M. J. & Gómez, R. (Eds.), Eridenen du zerzaz kontenta. Sailkideen omenaldia Henrike Knörr irakasleari (1947-2008). Bilbo: UPV/EHU, 437-456. ISBN: 978-84-9860-910-3.
Parafita Couto, M. C., Munarriz, A., Epelde, I., Deuchar, M. & Oyharçabal, B. (2015). Gender conflict resolution in Spanish–Basque mixed DPs. Bilingualism: Language and Cognition, 18 (2), 304-323. doi: 10.1017/S136672891400011X.
Munarriz, A. & Parafita Couto, M. C. (2014). ¿Cómo estudiar el cambio de código? Incorporación de diferentes metodologías en el caso de varias comunidades bilingües. In Epelde, I. (Ed.). Lapurdum. Basque Studies Review, XVIII, 43-73. ISSN: 1273-3830.
Munarriz, A. Ezeizabarrena, M. J. & Gutierrez-Mangado, M. J. (2014). Differential and selective morpho-syntactic impairment in Spanish-Basque bilingual aphasia. Bilingualism: Language and Cognition, Sarean eskuragarri CJO 2014 doi:10.1017/S136672891400042X.