Punta Begoñako galerietara bisita gidatuak
UPV/EHUko bost ikerketa talde diziplina anitzeko lana burutzen ari dira eraikin enblematikoan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/08/11
Punta Begoñako galeriak aisialdirako eskaintza interesgarria dira, oro har, abuztuan eta irailean ere bisita gidatuak egingo baitira Getxon Ereagako hondartzaren aurrealdean kokatuta dagoen monumentu horretara.
Punta Begoñako Galeriatara egiten ari diren bisita gidatuen bitartez, jendeari Getxoko eraikin adierazgarri honek gordetzen dituen sekretu ezezagunak erakusten zaizkio, lekuaren historiari, bere pintura eta esanahiari eta bere sinbolismoari erreparatuta. Euskal Herriko XIX. mendeko historia azaltzen laguntzen duen gunea den aldetik. Izan ere, UPV/EHUko bost ikerketa talde diziplina anitzeko lana burutzen ari dira eraikin enblematikoan. Eta, datozen urteetan eraikina berreskuratzeko Getxoko Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta, gauzatzen ari diren proiektua eta horren inguruko lanak azaltzen zaizkie, batez ere, bisitariei.
Gogoratu bestalde, udako hilabete hauetako bisitaldi gidatuak egiten diren bitartean pasabide bat eraikitzen ari direla, galerietan barrena modu seguruan ibiltzea ahalbidetuko duena. Bisitaldiak egiten diren heinean eraikitzen ari dira pasabidea; hala, galerietako eremu berriak irekitzeko segurtasun elementuak nola ipintzen diren ikusteko aukera aparta dute herritarrek. Izan ere, bisita bakoitza desberdina izan daiteke, une bakoitzean egiten ari diren lanen araberakoa.
Bisitaldiak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera dago. Asteartetik ostiralera egiten dira, 12:00etan, eta larunbat eta igandetan 13:00etan eta ordubeteko iraupena dute gutxi gorabehera. 12 urtetik beherakoek ez dute sartzerik izango.
Erreserbak egiteko: https://eudala.getxo.eus/ReservaVisitasPB/ReservaVisitasPB.aspx edo Turismo Bulegora deitu: 94 491 08 00.