euskaraespañol

Eguneko irudia

Eragin dietetiko kaltegarriak izan ditzake elikagai berriak probatzeko beldurrak

Eragin dietetiko kaltegarriak izan ditzake elikagai berriak probatzeko beldurrak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/10

Elikagai berriak probatzeko beldurrari edo probatu nahi ez izateari elikagai-neofobia esaten zaio. Ezaugarri arrunta da hori haurren garapenean. Nolanahi ere, ohiko izatera irits daiteke baita helduaroan ere. UPV/EHUn 8-16 urteko haurrekin egindako azterketa batean, ondorioztatu dute azterketan parte hartu duten haur neofobikoek dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dutela, antsietate handiagoa dutela eta autoestimu txikiagoa.

Elikagai berriak errefusatzeko jokaera arrunta da haurren garapenean, batez ere 2-3 urteko haurretan, eta bost urte ingururekin pasatu egiten da. Elikagai-neofobia duten haurrek, gainera, larritasun- eta antsietate-zantzuak izaten dituzte, eta jokaera hori helduaroan ohiko izatera ere irits daiteke.

Edurne Maiz UPV/EHUko Psikologia Fakultateko ikertzaileak azterketa bat egin du, bere doktore-tesian, 8-16 urteko 831 ikaslerekin. Azterketa egiteko, haurren neofobiarekin lotutako galdera-sorta batzuk erabili dituzte —tesirako berariaz egokituak—; elikagai berriak jateko duten joerari buruz galdetu zitzaien parte-hartzaileei. Bestalde, hainbat datu hartu ziren haurren gorputz-konposizioari lotutakoak, orobat haien bizimoduari buruzkoak (adibidez, elikadura eta ariketa fisikoa), gurasoen elikadura-ereduari buruzkoak eta hainbat aldagai psikologikorekin lotutakoak (autoestimua eta antsietatea). Horrekin guztiarekin, "alde esanguratsuak ikusi ditugu aldagai askotan, alde estatistikoki esanguratsuak", adierazi du ikertzaileak.

Garrantzitsua da gurasoen eredua

Jokaera neofobikoak ondorio dietetiko kaltegarriak izan ditzake, elikagaien aniztasuna murriztu egiten baita. Dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dute azterketan parte hartu duten haur neofobikoek; ziur asko, funtsean, fruta eta barazki gutxiago jateagatik eta aldian-aldian jan beharreko elikagaiak maizago jateagatik gertatzen da hori.

Oro har, seme-alabek zer, zenbat eta noiz jaten duten kontrolatzeko joera dute gurasoek. Maiz, gurasoek behartu egiten dituzte seme-alabak elikagai berriak jan ditzaten, eta egiten duten presio horrek —zeina sortzen baita elikagaia errefusatzeak gurasoei eragiten dien frustraziotik— eragin kaltegarria izan dezake haurraren egoera emozionalean eta, bestalde, neofobia-maila handiagoetara eramaten du haurra. Ikerketan, haur neofobikoek adierazi dute beren gurasoek estimulazio bidezko elikadura-eredua erabiltzen dutela eta haur neofilikoen (alegia, denetik jaten duten eta elikagai berriak probatzea atsegin duten haurren) gurasoek baino gutxiago kontrolatzen dituztela. "Ondorioztatu dugu —adierazi du Edurne Maizek— gurasoek hasiera batean asko kontrolatzen eta estimulatzen dituztela seme-alabak, baina uneren batean etsi egiten dutela, gurasoek ere sufritu egiten baitute egoera horrekin".

Antsietateari dagokionez, datuek adierazten dute bai haurtzaroan bai nerabezaroan, parte-hartzaile neofobikoek neofilikoek baino antsietate-maila handiagoak dituztela. Halaber, autoestimuari dagokionez, haur neofobikoek neofilikoek baino puntuazio baxuagoak lortu dituzte autokontzeptuarekin lotuta aztertutako bost dimentsioetan (familia, gizartea, fisikoa, emozionala eta akademikoa); nerabe neofobikoek, berriz, puntuazio baxuagoak lortu dituzte familiarekin lotutako autokontzeptuan eta fisikoan.
Nolanahi ere, ez dute alde nabarmenik aurkitu haur batzuen eta besteen gorputzaren konposizioan. "Baliteke hori hala izatea nutrizio-osagarri asko daudelako gaur egun eskura, eta, une jakin batean, elikaduraren osagarri gisa har litezkeelako", ondorioztatu du ikertzaileak.

Pazientzia hartzeko mezua helarazi nahi die ikertzaileak gurasoei, "haurren elikagai-neofobiako kasuak garatu ez daitezen, eta areagotu ez daitezen"; izan ere, "ikusi da heldu eta haur askok dutela arazo larri bat arrazoi horregatik", azaldu du. Ikertzailearen iritziz, arazo hori saihesteko, garrantzitsua da haurren eta gurasoen arteko lotura sendoa izatea, eta, bestalde, gomendio hauek egiten ditu: "otorduetan giro atsegin eta lasaia izatea, haurrek janaria prestatzen eta erosten parte hartzea, errefortzu positiboak erabiltzea eta, azkenik, gurasoak eredugarri izatea".

Informazio osagarria

Edurne Maiz Aldalur (Tolosa, 1982) Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatua da (Nafarroako Unibertsitatea, 2003), Psikologian lizentziaduna da (UPV/EHU, 2010), eta Psikologia: Gizanabakoa, Taldea, Antolamendua eta Kultura masterra egin du (UPV/EHU, 2011). Lunch Time! Body composition, lifestyles, psychological variables and their relationship with food neophobia in childhood and adolescence izeneko tesia egin du UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Sailean (PETRA), Carmen Maganto Mateo eta Nekane Balluerka Lasaren zuzendaritzapean. Gaur egun, UPV/EHUko doktoretza-osteko beka bat dauka, eta EFIGRO programan hartzen du parte.

Bibliografia-erreferentziak

Maiz, E., Maganto, C. (2012). Evaluación de la Obesidad Infantil: IMC versus Bioimpedancia. En Asociación Española de Psicología Conductual (Eds.), Avances en Psicología Clínica (54-58. or.). Madril. ISBN: 978-84-695-3599-8

Maiz, E., Maganto, C., Balluerka, N. "Neofobia y otros trastornos restrictivos alimentarios en la infancia y consumo de frutas y verduras", Revista Española de Nutrición Comunitaria (pp. 150-157)  ISSN 1135-3074. DOI:10.14642/RENC.2014.20.4.5029