euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHU, mundura irekita dagoen leihoa

Nabarmen handitu da gure unibertsitateak arlo guztietan nazioartean duen presentzia

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/29

Hala dio Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) lemak: "Eman ta zabal zazu". Bada, helburu horrekin jarraitzeko, UPV/EHUk hainbat ekimen egin ditu nazioartean; horri esker, unibertsitateak mundu osoan du presentzia, hainbat hitzarmen eta mugikortasun programaren bitartez, beste unibertsitate batzuekin batera hainbat saretan parte hartuz, goitik behera ingelesez irakasten diren masterrak ikasteko; besteak beste, gurera iristen diren atzerriko ikasleei esker edo Latinoamerikan irakasten diren masterren bitartez. Hainbat eta hainbat ekimen arrakastatsu gauzatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak, eta, horri esker, gaur egun nazioartean duen egoera primerakoa da.

Egun, UPV/EHUk 1.600 hitzarmen inguru ditu beste herrialde batzuetako unibertsitate eta erakundeekin: horietatik 1.500 inguru Erasmus hitzarmenak dira; 67 Latinoamerikako erakundeekin egindako hitzarmenak (Mexikon, Brasilen, Bolivian, Kolonbian, Argentinan, Uruguain…) eta beste 52 hitzarmen mundu osoko unibertsitateekin adostu dira "Beste Norakoak" programaren barruan; besteak beste Errusian, Malaysian, Kanadan, Kazajistanen, Korean, Ukrainan… Ildo horretatik, duela gutxi beste hitzarmen batzuk sinatu dira. Bereziki aipagarriak dira Tokioko (Japonia) University of Foreign Studies (TUFS) erakundearekin eta Estatu Batuetako Lesley University ikastegiarekin sinatutakoak.

"Hitzarmen gehiago lortzeko ahaleginak, batez ere Estatu Batuetako eta Asiako Goi Mailako ikasketak eskaintzen dituzten erakundeekin, UPV/EHUk nazioartean zabaltzeko duen estrategiari erantzuten dio; izan ere, orain arteko akordioei eusten badiegu ere, garrantzitsua da beste arlo horietan presentzia handiagoa lortzea, gure ikasleen aukera akademikoak hobetze aldera" azpimarratu du Nekane Balluerkak, UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak.

Bestalde, azken 25 urteetan Europak Erasmus programa diruz lagundu du; horri esker, Europako hiru milioi ikaslek baino gehiagok aukera izan dute haien unibertsitateko ikasketen zati bat beste herrialde europar bateko ikastegiren batean egiteko. Programa horren bitartez, UPV/EHUk ikasturte guztietan bidaltzen eta jasotzen ditu langileak eta ikasleak (2.000 ikasle baino gehiago igaro den ikasturtean) atzerrira eta atzerritik. Gainera, duela gutxi, programa hori zabaldu egin da, eta mugikortasun aukerak handitu egin dira, beste herrialde batzuk ere kontuan hartuz. Programa horri Erasmus+ deritzo, eta UPV/EHUk 100 mugikortasun akordio inguru kudeatzen ditu lau herrialderekin: Hego Korea, Errusia, AEB eta Kanada. Hori posible izan da aurkeztutako eskaeren ebaluazio prozeduretan oso emaitza onak lortu direlako. Hala, berriro ere argi gelditu da gure unibertsitateak nazioartean duen osasun ona.

Halaber, UPV/EHUk ingelesez irakasten diren ikasgaien kopurua nabarmen handitu du, batez ere masterrei dagokienez. Horrekin batera, mugaz gaindiko hainbat elkarlan era indartzea ere lortu dugu, besteak beste titulazio bikoitzak, bi tutoredun tesiak eta beste herrialde batzuetako kideekin egindako ikerketa proiektuak. Horri esker, atzerritik iritsitako doktoregaien ehunekoa % 18tik % 23,52ra igo da. UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen iritziz, datu bikain horrek argi erakusten du "gure graduondoko eskaintzaren kalitate gorena, nazioarteko talentua erakartzeko gai dena".

Horrez gain, joan den urtean, UPV/EHUko errektoreek eta Bordeleko Unibertsitateko errektoreak oinarrizko hitzarmen bat berretsi zuten. Hitzarmen horren helburua da mugaz gaindiko campus bat sortzea, akademiaren arloko elkartrukea errazteko eta ikerketa proiektuetan elkarlana ahalbidetzeko. Horri esker, Euro-eskualdea Europako jakintzaren erdigune bihurtuko da.

Latinoamerikako master eta doktorego sarea

Europatik kanpo ere lanean gabiltza. Graduondoko ikasketei dagokienez, duela zazpi urte, 2008an, Latinoamerikako master eta doktorego sarea sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitatea buru zuela. Ordudanik, gure irakasleek Latinoamerikako ikasleei zuzenduriko unibertsitate masterrak eta doktorego programak irakasten dituzte, eta haien doktorego tesiak zuzentzen dituzte. Gaur egun, Sare hori 12 herrialdetako (Peru, Dominikar Errepublika, Txile, Bolivia, Mexiko, Brasil, Guatemala, Puerto Rico, Kolonbia, Venezuela eta Ekuador) 16 unibertsitatek osatzen dute, baina espero da laster beste unibertsitate batzuk gehitzea. Hauek dira sare horretan gehien landu diren arloak: zuzenbidea, ekonomia, filosofia, hezkuntza, informatika eta hizkuntzalaritza. Gainera, beste arlo batzuk gehitzeko lanean gabiltza, esaterako medikuntza, biologia eta ingeniaritza. Azken urteotan, 300 egresatu baino gehiagora iritsi gara, eta 100 doktorego tesi baino gehiago defendatu dira. Latinoamerikako master eta doktorego sarea bi urtero biltzen da, nazioarteko biltzar batean. Biltzarraren helburua da ezagutzak partekatzea eta doktoregaiek haien ikerketetan eman dituzten aurrerapausoak ezagutaraztea. Gaurdaino, lau edizio ospatu dira, Dominikar Errepublikan, Perun, Mexikon eta Guatemalan. Aurtengo urrian egingo da bosgarren biltzarra, Brasilen.

"Sare honen bitartez, UPH/EHU gai izan da Latinoamerikako hainbat unibertsitaterekin lankidetza akademiko sendoagoa eraikitzeko eta herrialde horietako gobernuekin harremanetan jartzeko; horri esker, gure unibertsitatea nazioartean ezagutarazteaz gain, Euskal Herriak Latinoamerikan duen presentzia ere indartu ahal izan da".

Agerikoa da, beraz, UPV/EHU mundura irekita dagoen leiho bat dela. Halaxe erakusten dute hainbat kontinentetako herrialde ugaritan gauzatutako ekimenek izan dituzten emaitza bikainek.

 

Argazkiak: UPV/EHU