euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk 2015-2016ko ikasle berrientzako plazen %96 bete ditu dagoeneko

Zientzien eta Osasun Zientzien diziplinek gutxieneko notarik altuenak dituzte; eta 52 graduk itxi dute matrikula

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/30

UPV/EHUk 2015-2016ko ikasle berriei eskainitako 8.694 plazen % 96 bete da. Hau da, matrikularako uztaileko epean, alegia, UPV/EHUk egingo dituen sei deialdietatik lehen hiruetan —lehenengoa, uztailaren 15; bigarrena, uztailaren 23an; eta hirugarrena, uztailaren 29an—, 8.351 ikasle matrikulatu dira unibertsitateak hiru campusetan eskaintzen dituen 88 graduetako lehenengo mailan.

Matrikularen lehen epe honetan plaza guztiak bete dira 52 gradutan eta beste titulazio asko betetzear daude, matrikula baldintzatuen ebazpenaren zain —beste unibertsitate publiko baten erantzuna jaso behar duten ikasleek matrikula baldintzatua egingo dute—. Momentuz gutxieneko notarik altuena izan duten hamar gradu hauek dira:

  • Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza (gutxieneko nota: 12,644)
  • Medikuntza (gutxieneko nota: 12,220)
  • Biokimika eta Biologia Molekularra (gutxieneko nota: 12,218)
  • Odontologia (gutxieneko nota:11,646)
  • Fisioterapia (gutxieneko nota: 11,526)
  • Leioako Erizaintza (gutxieneko nota: 10,642)
  • Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza (gutxieneko nota: 10,621)
  • Biologia (gutxieneko nota: 10,572)
  • Gasteizeko Erizaintza (gutxieneko nota: 10,340)
  • Donostiako Erizaintza (gutxieneko nota: 10,316)

Oraindik irailean egingo diren matrikula hiru epe geratzen dira: laugarren deialdia, irailaren 2an; bosgarrena, irailaren 11an, eta seigarrena eta azkena, irailaren 18an.

Amaya Zarragak, UPV/EHUren Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak nabarmendu du, uztaileko hiru matrikula aldietan itxi diren titulazio gehienak iazko ikasturteko gutxieneko notak baino handiagoekin edo antzekoekin itxi direla. Honez gainera, azpimarratzekoa da, gutxieneko notarik altuenak gradu zehatzean kokatzen badira ere, titulazio guztietan oro direla espediente akademiko bikaineko ikasleak.

Informazio gehiago: Unibertsitaterako sarbidea