euskaraespañol

Eguneko irudia

Kutsadura-iturriak lokalizatzeko eta kuantifikatzeko metodo bat diseinatu dute

UPV/EHUko ikertzaileek protokolo bat sortu dute konposatu organiko lurrunkorren iturriak lokalizatzeko eta iturri horiek eragiten duten kutsadura kuantifikatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/24

Cadaguako behe-ibilguko aire-kalitatea neurtzeko estazioa

Iratxe Uria UPV/EHUko ikertzaileak protokolo estandarizatu bat garatu du, airearen kalitatea kudeatzeko eredu ezagunetan oinarrituta, kutsadura-iturriak identifikatzeko eta iturri horiek ingurumeneko kutsadura-mailan duten eragina kuantifikatzeko. Protokoloa, gainera, Cadagua ibaiaren behe-ibilguan neurtutako konposatu organiko lurrunkorren datuekin baliozkotu da.

Kutsatzaile-iturriei buruzko informazio kuantitatibo eta fidagarria izatea funtsezkoa da kutsadura murrizteko estrategia eraginkorrak ezarri eta, gerora, aplikatutako kontrol-neurrietatik lortutako emaitzak ebaluatu nahi badira. Iratxe Uria UPV/EHUko Ingeniaritzako Goi Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena Saileko ikertzaileak protokolo estandarizatu bat garatu eta baliozkotu du konposatu organiko lurrunkorren (KOL) iturriak lokalizatu eta esleitzeko, hargailu-ereduetan oinarrituta. Eredu horiek teknika matematikoak dira, eta asko erabiltzen dira aire-kalitatearen kudeaketan kutsadura-iturriak identifikatzeko eta iturri horiek ingurumeneko kutsadura-mailan duten eragina kuantifikatzeko.

Cadaguako behe-ibilguko aire-kalitatea neurtzeko bi estaziotan aplikatu zen protokoloa, eta, haren bidez, antzeko kutsadura-iturriak ebatzi ziren: koke-labeek, zirkulazioak, disolbatzaileek eta landarediak eragindako emisioekin lotu ziren iturriak, batez ere. Protokoloaren bidez, zehaztasun handiz xedatu ziren bi estazioetan identifikatutako kutsadura-iturrietan sortutako KOLen ehunekoak. Protokoloak oso emaitza onak eman dituenez orografia eta meteorologia konplexuko eremu horretan, baliagarria izan liteke beste edozein lekutan erabiltzeko.

Protokoloa definitzeko, oinarritzat hartu zituen kutsadura-iturriak esleitzeko gaur egun gehien erabiltzen diren metodologiak, bai eta emisio-iturriei buruzko eta emisioen kontzentrazioei buruzko informazio zehatzik ez dagoen egoera ohikoenak ere. Protokoloa gauzatu ondoren, benetako datuekin baliozkotu zen: Cadagua ibaiko behe-ibilguko eremu batean kokatutako bi laginketa-puntutan lortutako KOLen ingurumen-datuekin. Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, Cadaguaren behe-ibilguan airearen kalitatea ebaluatzeko eta konposatu organikoen iturriak esleitzeko proiektuan egin ziren neurketa horiek.

Koke-instalaziotik eta zirkulaziotik sortutako KOLak

KOLak konposatu organikoak dira, eta gas-egoeran daude giro-tenperaturan. Kaltegarri izan daitezke osasunerako, ozonoaren eta partikula kutsatzaileen aitzindari izan baitaitezke: KOL batzuek minbizia eragin dezakete, eta beste batzuk toxikoak dira (zorabioak, botalarria eta abar eragiten dute). Hala ere, KOL gehienak ez daude araututa, eta garrantzitsua da haien ingurumeneko mailak neurtzea. Ikerketa egin zenean, KOL-iturri ugari eta askotarikoak zeuden Cadaguaren behe-ibilguan (besteak beste, koke-instalazio bat, harrikatz-mundrunaren destilazio-instalazio bat, petrolio-findegi bat, zirkulazio handiko autobideak eta populazio handiko hiriguneak), eta ingurunearen topografia eta meteorologia konplexuak dira han; horren ondorioz, esperimentu-alor ezin hobetzat jo zuten eremu hura, protokoloa definitu eta probatu ahal izateko.

Batetik, Eusko Jaurlaritzak Zorrotza auzoan airearen kalitatea neurtzeko zuen estazioan egin ziren neurketak, eta, bestetik, Zubiletan, Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikor hornitu bat erabiliz. Zorrotzan ordu oro hartu ziren neurriak, urtebetez; Zubiletan, berriz, urte-erdian baino gehixeagoan. Estazio horietan, halaber, ohiko kutsatzaileen datuak eta parametro meteorologikoak hartu ziren ordu oro, gero kutsadura-iturriak identifikatzeko lanetan erabiltzeko.

Datu horiekin guztiekin azterketa kualitatibo eta kuantitatibo bat egin zen, eta agerian geratu zen bi estazioetan erregistratutako kutsatzaile-kontzentrazioak oso lotuta zeudela une bakoitzeko egoera meteorologikoarekin eta Cadaguako ibarreko jatorri industrialeko emisioekin; hain zuzen ere, etano-, eteno-, bentzeno- eta naftaleno-kontzentrazio handiak aurkitu ziren, ziurrenik koke-instalaziotik eratorriak —instalazioa, gerora, itxi egin zuten—. Zirkulazioa, halaber, KOL-iturri nagusitzat jo zen, bai Zorrotzan, bai Zubiletan; bestalde, disolbatzaileen erabilera iturri txikiagotzat jo zen, eta, azkenik, petrolio-findegiaren emisioen inpaktuaren aztarna batzuk azaldu ziren Zorrotzako estazioan. Emaitza horiek ezin hobeto egiten zuten bat ikertzaileak diseinatutako protokoloa erabiliz lortutako emaitzekin.

Informazio osagarria

Iratxe Uria (Bilbao, 1985) ingeniari kimikoa da, Ingurumen Ingeniaritzako master bat egin du, eta Ingurumen Ingeniaritzako doktore da. Development and application of a protocol for source apportionment of ambient volatile organic compounds in urban/industrial áreas tesia egin du UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena Sailean, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskolan, Marino Navazo Muñozen zuzendaritzapean.

Bibliografia-erreferentziak

I. Uria-Tellaetxe, D. C. Carslaw (2014). "Conditional bivariate probability function for source identification". Environmental Modelling & Software, 59 1-9.

J. D. Ramón, M. Navazo, L. Alonso, N. Durana, M. C. Gómez, I. Uria (2013). "Determinación de Fuentes de Contaminantes Atmosféricos en un Área de Fondo Rural Mediante los Modelos Umnix – Pmf Aplicados a Medidas Horarias de 64 COVs Durante 3 Años". Revista Ambiental Aire, Agua, Suelo. Vol.4, 2. ISSN 1900-9178.