Itziar Alkorta Calvo, Biokimikan doktorea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Gizarte Hedakuntza eta Nazioarteko Harremanetako dekanordea, Biofisika Unitateko (CSIC-UPV/EHU ikastegi mistoa) zuzendari izendatu dute. Félix M. Goñi irakaslea ordezkatuko du; 2000. urtetik aritu da hura zuzendari, hau da, Unitatea sortu zenetik. Biekin bildu dira gaur CSICeko buru Emilio Lora-Tamayo eta UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Leioa-Erandio eremuko Biofisika Unitatearen instalazioetan.
Itziar Alkorta, Biofisika Unitateko zuzendari
Félix M. Goñiren ordez jardungo du; 2000. urtetik aritu da hura zuzendari lanean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/23
Biofisika Unitateak bi helburu ditu: alde batetik, kalitate handiko ikerkuntza garatu nahi du, fisikaren arauak prozesu biziak nola zuzentzen dituzten ulertu ahal izateko eta ezagutza horien bidez gizartearen bizi kalitatea hobetzeko; bestalde, laborategi zorrotzenetan aritzeko moduko gazte zientzialariak trebatu nahi ditu. Aspalditik aritzen da lankidetzan beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin. Ikastegi horretan, bada, nazioarteko bokazio argia duten hainbat herrialdetako ikertzaileak hartzen dira.
Itziar Alkortak Kimika Zientzietako lizentzia (1987ko ekaina) eta Biokimikako doktore titulua (1994ko azaroa) lortu zituen UPV/EHUn. Biokimika eta Biologia Molekularra Sailean egin zuen doktorego tesia, Entzimen Teknologia eta Bioteknologia taldean, Juan Luis Serra eta María Jesús Llama katedradunen zuzendaritzapean. Gero, Kaliforniako Unibertsitateko Ernest Orlando Lawrence National Laboratory laborategian (Berkeley) egin zituen doktorego ondoko ikasketak. Han egindako ikerkuntzan, herentzia genetikorako giltzarri den DNAren tipologia ulertzen saiatu zen batez ere. Aldi horretan, ezagutza zabala lortu zuen biologia molekularreko tekniken inguruan, eta ondoren gaur egungo lantaldean aplikatu ahal izan zuen.
1996an, Biomintzen Taldearekin bat egin zuen (gaur egun, Biofisika Unitatea, CSIC-UPV/EHU ikastegi mistoa). Han, R388 konjugazio plasmidoaren TrwB proteina akoplatzailearen azterketa molekularraren ikerlerroaz arduratu zen (prozesu hori ospitaleetako infekzioetan gertatzen da). Orduz geroztik, honako ikerlerro hauek zuzentzen ditu: alde batetik, bakterioen arteko antibiotikoekiko erresistentzien barreiatzea geldiarazteko molekula-estrategia berrien garapena, eta, bestalde, sendagaiak bektorizatzeko nanobioteknologien estrategiak.
Alkortak hainbat lan argitaratu ditu nazioarteko zein estatuko aldizkari entzutetsuetan, diruz lagundutako ikerketa proiektu askotan parte hartuta. Gainera, ikerketa artikuluen ebaluatzaile aritu da zenbait zientzia aldizkaritarako, bai eta doktorego tesietako epaimahaikide ere. Azkenik, zientzia arduradun izan da estatuko eta nazioarteko hainbat biltzarren eta ikastaroren antolakuntzan.
Ikerketa lan trinko hori ez ezik, irakasle lana ere egiten du: Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakasle da 1998ko otsailetik. Bestalde, Biologia Molekularra eta Biomedikuntza Masterrean ere ematen ditu eskolak. Horrez gain, zenbait doktorego tesi zuzendu ditu orain arte (beste bi ditu bidean), eta zientzia dibulgazioko artikulu bat baino gehiago ere argitaratu du.