ELEKIN taldearen ikerketa-ildoetako bat ingeniaritza biomedikoa da. Bioseinaleak aztertzeko sistemak ari dira garatzen, diagnostikoak egiten dituzten medikuen lagungarri. Beste proiektu batzuen artean, aipatzekoa da hizketa espontaneoaren analisi automatikoa: diagnostiko adimenduneko teknika ez-inbaditzailea, alzheimerra goiz detektatzeko. Eragile eta unibertsitate ugarirekin aritzen da elkarlanean ELEKIN, patologia honen zein beste batzuen detekzio goiztiarrerako metodologiak garatzen.
Hizketaren bidez, alzheimerra goiz detektatzeko sistema garatzen
Alzheimerraren detekzio goiztiarrerako zenbait metodologia ez-inbaditzaile garatzen ari da UPV/EHUko ELEKIN ikerketa-taldea
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/03/18
Adinduen dementzia eragiten duen kausarik garrantzitsuena da Alzheimerren gaitza: munduan, 35 milioi laguni baino gehiagori eragiten die. Jotzen da alzheimerra proportzio epidemikoak izatera irits daitekeela herrialde garatuetan, baldin eta gaitza sendatzeko edo prebenitzeko terapiak lortzen ez badira. Orain arte egindako ikerketek agerian uzten dute terapiak eraginkorragoak direla garunak kalte larriak izan baino lehen aplikatzen badira. Gainera, gaixotasunaren fase goiztiarrak identifikatzea lagungarri izan liteke tratamendu berriak garatzeko. Gaur egun, alzheimerraren diagnostiko kliniko bat egiteko zenbait proba egiten dira: azterketa medikoak, test neuropsikologikoak, neuroirudiak, likido zefalorrakideoaren analisia eta odol-analisiak; denak ere, inbaditzaileak izateaz gainera, kostu ekonomiko handikoak dira. Beraz, antza denez, diagnostiko adimenduneko teknika ez-inbaditzaileak tresna baliagarriak izan litezke dementziak goiz hautemateko.
UPV/EHUko ELEKIN diziplina anitzeko ikerketa-taldea dementziarekin lotutako patologiak detektatzen laguntzeko teknika ez-inbaditzaileak ari da garatzen, eta horietako bat Automatic Spontaneous Speech Analysis (ASSA) da: hizketa espontaneoaren analisi automatikoa. Metodologia honetan, pazienteak grabatu egiten dira giro erlaxatu eta atsegin batean beren bizitzako esperientziaren bat kontatzen ari diren bitartean, eta, hala, zenbait parametro neurtzen zaizkie. Adibidez, pazienteak esan nahi duen hitza gogoratu nahian hizketan egiten dituen etenaldiak neurtzen dira. Beraz, pazientearen gaitasunak aztoratu edo blokeatu gabe gauzatzen da teknika, proba honek ez baitio estresik eragiten pazienteari.
Proba inbaditzaileak saihestu daitezke?
Lan honen helburua da profesional klinikoei tresnak ematea diagnostikoak egin ditzaten hain inbaditzaile ez diren teknikak erabiliz. "Osasun-espezialistek begi hutsez hautematen dituzten elementuak edo xehetasunak kuantifikatu nahi dira; izan ere, haiek zehazki neurtuta, patologiak diagnostikatzeko edo segimendu anbulatorio zehatzagoa egiteko lagungarri izan daitezke", azaldu du Karmele Lopez de Ipiña ELEKIN ikerketa-taldearen koordinatzaileak. Ikertzaileak adierazi duenez, neurketa horiek langile ez-teknikoek egin ditzakete, pazientearentzat ohikoa den giro batean.
Ikerketan askotariko erakundeek hartzen dute parte: besteak beste, alzheimerra duten gaixoen senideen elkarteak, Vic-eko Unibertsitatea, TecnoCampus Mataró (Pompeu Fabra Unibertsitatea), Center for Biomedical Technology (Madrid), Las Palmasko Unibertsitatea (Kanaria Handia) eta CITA-Alzheimer (terapia eta ikerketa aurreratuen zentroa). Probak gaixotasuna garatu ez duten pertsonei, familia-aurrekariak dituzten pertsonei eta gaixoei egiten zaizkie —gaixoen kasuan, zentro medikoekin lankidetzan, eta beti irizpide etikoak eta dagozkien protokoloak errespetatuz—. Lankidetza horri esker, "gaitzaren fase preklinikoan dauden edota oraindik gaitza garatu ez duten lagunak azter daitezke", adierazi du Ipiñak.
Nazioartean asko ari da ikertzen ildo hauetan; hala ere, ASSA sistema oraindik ez dago erabilgarri, teknika garatzen eta ikertzen ari baikara oraindik. "Pazienteak ebaluatzeko sistema normaltasunez erabiltzeko moduan izatera iritsiko gara —esan du Ipiñak—. Begi hutsez ikusten ez diren elementuak hautemateko tresnak eman nahi dizkiegu medikuei. Izan ere, lagungarri izango zaie seinale horien azterketa automatikoa".
Informazio osagarria
UPV/EHUko ELEKIN diziplina anitzeko ikerketa-taldea (elekin.net) zenbait sailetako profesionalek osatzen dute (Automatika eta Elektronika, Mekanika, Enpresen Antolakuntza, Matematika Aplikatua), orobat askotariko jakintza-alorretako profesionalek (matematikariak, fisikariak, bai eta soziologo bat eta abokatu bat ere), eta gizartearentzako ingeniaritzan jarduten dute. Estatuko zein nazioarteko hainbat unibertsitate eta eragilerekin aritzen dira lankidetzan: BioDonostia eta Donostia Unibertsitate Ospitalea, TecnoCampus Mataró (Pompeu Fabra Unibertsitatea), Bordeleko Unibertsitatea, Tübingengo Unibertsitatea, Vic-eko Unibertsitatea, Center for Biomedical Technology (Madrid), Las Palmasko Unibertsitatea (Kanaria Handia), University of Technology Brno, Mataróko Ospitalea, CITA-ALZHEIMER, AFAGI, guABIAN, Plentziako Itsas Estazioa, eta abar.
Karmele Lopez de Ipiña (Gasteiz, 1964) Zientzia Fisikoetan lizentziaduna da, elektronika eta automatikako espezialitatean. Konputazio Zientzietako adimen artifizialari buruzko doktore-tesia egin zuen, euskarazko hizketaren ezagutzaren inguruan. Elektronika eta automatikako master bat du, bai eta arkitekturako ikasketa aurreratuetako diploma bat ere. Gaur egun, UPV/EHUko irakasle da, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailean, eta ELEKIN, elekin.net taldeko koordinatzaile.
Erreferentzia bibliografikoak:
Laske C., H.R. Sohrabi, S.M. Frost, K. López-de-Ipiña, P. Garrard, M. Buscem, J. Dauwels, S.R. Soekadar, S. Mueller, C. Linnemann, S.A. Bridenbaugh, Y. Kanagasingam, R.N Martins, S.E. O'Bryant. "Innovative diagnostic tools for early detection of Alzheimer's disease". Alzheimer & Dementia, 2014, doi:10.1016/j.jalz.2014.06.004, 2013.
Lopez-de-Ipiña K., J.B. Alonso, C.M. Travieso, J. Solé-Casals , H. Egiraun, M. Faundez-Zanuy, A. Ezeiza, N. Barroso, M. Ecay , P. Martinez-Lage, and U. Martinez-de-Lizardui. "On the selection of non-invasive methods based on speech analysis oriented to Automatic Alzheimer Disease Diagnosis". Sensors, 13 (5), 6730-6745, 2013. Open Access
K. Lopez de Ipiña, J. Solé Casals, H. Eguiraun, J.B. Alonso, C.M. Travieso, A. Ezeiza, N. Barroso, M. Ecay Torres, P. Martinez Lage, B. Beitia. "Feature selection for spontaneous speech analysis to aid in Alzheimer's disease diagnosis: A fractal dimension approach". Computer Speech & Language. Volume 30, Issue 1, March 2015, Pages 43-60