euskaraespañol

Eguneko irudia

Phillippe Eggers eta Asier Martínez ikasleak sateliteetako eguzki panelei buruzko lehiaketan irabazle

UPV/EHUko ikasleek ESMATS-2015 aeroespazial sinposioan aurkeztuko dute proiektua

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/23

Phillippe Eggers eta Asier Martínez ikasleek irabazi dute satelitetan eguzki panelak zabaltzea xede duten mekanismoak diseinatzeko lehenengo lehiaketa. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak, Sener ingeniaritza-enpresarekin batera, antolatu du lehiaketa. Saridunek proiektua 16th European Space Mechanisms and Tribology Symposium ESMATS-2015 nazioarteko kongresuaren baitan aurkeztuko dute proiektua. Europako Agentzia Espaziala (EAS) elkarteak babesten duen kongresua Bilbon egingo da, irailean.

Industria Ingeniaritzako Masterrean matrikulatuta dauden zortzi ikasle-taldek parte hartu dute aipatutako lehiaketa. Sariketak oso-osorik frogatu ditu ikasle hauen gaitasunak, edozein misio espazialetan hil ala bizikoak diren teknologia maila handiko proiektuei dagokienez. Espazioan azalera handia zabaltzeari buruzko ikerketa-kasu bat lantzea zen helburua, bolumen txiki batetik abiatuta.

Phillippe Eggersek eta Asier Martínezek —bata zein bestea 23 urteko ikasleak diren— Industria Ingeniaritzako Masterra lehen maila ikasten dute, Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Graduko Ingeniaritza Mekanikoa espezialitateko lau urteak egin ondoren.  Ikasle horien diseinua ESMATS-2015 Bilbon antolatuko den nazioarteko sinposio aeroespazialean aurkeztuko da irailean, eta egileek euskal ingeniaritza-enpresa ospetsuko Espazioaren Dibisioan praktikak egiteko aukera izango dute.

Ikasleek diseinatu duten mekanismoak, orbitan dagoen satelite batean azalera malgu bat kontrolpean zabaldu eta zurruntasun handia lortzea ahalbidetzen du. Mekanismoa modularra da, barrak eta errotazio-junturak bezalako osagai sinpleek osatutakoa, eta tortsio eta konpresio malgukien laguntzaz zabaltzen da.

Ahalik eta bolumen eta pisu txikiena erabiliz, ahalik eta azalera, zurruntasun eta fidagarritasun handiena lortzea izan da proiektu irabazlearen helburua. Teknologia aeroespazialean, orbitan jarri beharreko gramo bakoitzak sekulako kostua dakar erregaian, eta gehiegizko pisua izateak bertan behera utz lezake jaurtiketa. Bestalde, zenbat eta azalera handiagoa zabaldu, orduan eta eguzki-energia handiagoa xurgatzen da. Bi premia hauek "kontrajarriak" direnez gero, behar-beharrezkoa da bien arteko oreka lortzea. Horren haritik, diseinu irabazleak ezin hobeto optimizatu du azalera eta bolumenaren arteko erlazioa.

Teknologia Espazialeko etorkizuneko ingeniariak

Lehiaketan Industria Ingeniaritzako Masterreko lehen urteko bina ikaslek osatutako zortzi taldek parte hartu dute. Lehiaketako epaiamahia Senerreko ingeniariek eta Eskolako katedradunek osatu dute: Egitura eta Mekanismo Sailaren Bilboko buru Juan Ruiz de Gopegui eta Sail Aeroespazialeko proiektuen zuzendari Eduardo Urgoiti eta Ibon Arregi, ingeniaritza-enpresaren ordez. Eta Eskolaren izenean, Óscar Altuzarra, Víctor Petuya eta Javier Canales, Aeronautika Gelako eta Ingeniaritza Mekanikoa Saileko irakasleak. Epaimahaiak berak honako hau adierazi du: "Egia esanda, harrituta geratu gara aurkeztutako lanen kalitateari erreparatuta, eta ondorioz, zaila izan da irabazlea aukeratzea. Ikasleek buru-argitasun aparta erakutsi dute beren diseinu arras berritzaileekin, eta zorroztasun handiz funtsatu dituzte diseinuen ezaugarri teknikoak. Eskolak harrobi ona du Teknologia Espazialeko etorkizuneko ingeniariak prestatzeko".

Lehiaketa hau babestu duen Sener konpainiak mende erdi inguruko ibilbidea egina du jarduera honetan, eta urteotan guztiotan, inongo akatsik izan ez duten 260tik gora talde eta sistemaren hornidura egin die munduko agentzia espazial nagusiei, satelite eta ibilgailu espazialetan erabil ditzaten, NASA iparramerikarra, Europako Agentzia Espaziala (ESA), JAXA japoniarra eta Roscosmos errusiarra tarteko direla.