euskaraespañol

Eguneko irudia

Punta Begoñako Galerien birgaitzea fase berri batean sartu da

UPV/EHUko bost ikerketa talde diziplina anitzeko lana burutzen ari dira eraikin enblematikoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/15

Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Punta Begoñako Galeriak berreskuratzeko eta balioan jartzeko prozesuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute. Ereagako hondartzaren aurrealdean kokatuta dagoen eraikin hau, Getxoko paisaiaren mugarri bat izateaz gain, XX. mendearen hasierako Bizkaiko eraikin esanguratsuenetako bat ere bada, bere erabileraren berezitasunagatik, bere kokapenagatik eta bere eraikuntzan erabilitako teknologiagatik, sasoi haietarako oso berritzailea izan zena.

Asteazkenean, uztailak 15, Imanol Landa Getxoko alkateak udalbatza berriarekin batera eta Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak bere gobernu taldea ondoan duela eraikina bisitatu dute, instalazio horiek berreskuratzeko eta balioan jartzeko helburuarekin lanean ari diren UPV/EHUko bost ikerketa taldeetako koordinatzaileek gidatuta. 2014an proiektua abian jarri zenetik eman diren aurrera pausuak azaldu dizkiete eta datozen hilabeteetako aurreikuspen eta lan-ildoak aurreratu.

Honako hau, berriz abian jarriko den bisita gidatuen txanda berri baten lehen bisita izan da. Izan ere, herritarrek berriz izango dute Punta Begoñako Galeriak barrutik ikusi eta bertan burutzen ari diren ikerketa lanak lehen eskutik ezagutzeko aukera. Bisita gidatuen bigarren fasea uztailaren 20an hasiko da eta Getxoko Udalak kudeatuko du bere webgunearen bidez.

UPV/EHUko bost ikerketa talde

Punta Begoñako Galerien ikerketa proiektua, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako hitzarmenari esker burutzen ari da, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetzarekin. Hitzarmen honen arabera, UPV/EHUko kimika, geografia, historiaurrea, arkeologia, geodinamika, mineralogia, petrologia, zaharberritzea, ekonomia, artearen historia, ingeniaritza, antropologia eta arkitektura arloetan adituak dituzten bost ikerketa talde ari dira lanean diziplina anitzeko proiektuan, galeriak berreskuratzeko helburu komunarekin, publikoari irekita dagoen ikerketa eta betearazte prozesu batean, beti ere herritarren interesen zerbitzura dagoena.

Hauek dira UPV/EHUko bost ikerketa taldeak:

Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa (IBeA): Kimika Analitikoa saileko ikerlariz osatutako talde honek, lehen analisi bat egin zuen Galerien eraikuntzan erabili ziren materialak denborarekin hondatzen joan diren substantzia kaltegarriak eta degradazio konposatuak bilatzeko. Gaur egun, behin material desberdinetako jatorrizko konposatuak eta narriadura produktuak karakterizatuta, ikerketa fase batean daude ondorengo arloak zehazteko:

a) Eraikin honetan hormigoiak, luzitu morteroak eta lotune morteroak egiteko orain 100 urte erabili zen teknika,
b) Alterazio konposatuen agerpena eragin duten erreakzio kimikoak,
c) Aurkitutako inpaktuen iturriak,
d) Eraikin osoan burutu beharko liratekeen garbiketa eta sendotze (birgaitze) prozesuetan fenomeno hauek dituzten inplikazioak.

Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldea (GPAC): Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko ikerlariekin osatuta dago batez ere talde hau, baina ekonomia, artearen historia, ingeniaritza, antropologia eta arkitektura arloetako unibertsitateko adituak ere badituzte. Eraikinaren egituraren diagnostikoa egin dute eta egonkortze-neurriak diseinatu ditu. Ziurtatu dutenez, "hasieran kontrakoa uste zen arren, Punta Begoñako Galeriak ez daude hondamendi arriskuan". Era berean, eraikinaren ikerketa historiko-arkitektoniko bat ere burutu dute memorien aztarna bezala, eta hortik jaso ahal izan dituzte Galerietako gela apaintzen duen ikonografia frankistaren inguruko datuak eta, baita ere, gela hori Laguntza Sozial bezala erabilia izan zela erakusten duen informazioa. Punta Begoñaren iragana ere aztertu dute, XIX. mendera arte Abra tontorretik begiratzen zuen gotorlekuaren zati garrantzitsu bat bezala. Eta jasotako datu guztiekin, Galerien eta eraikin honekin lotutako pertsonen inguruko narratiba eta kontakizun elkartuak osatzen ari dira, bereziki sustatzaile eta jabe Horacio Echevarrieta, XX. mendearen lehen erdiko jaun ekintzailea.

Hidro(geo)logia-Geoteknia-Ingurumena (HGI): Geodinamika eta Mineralogia eta Petrologia sailetako ikerlariekin osatutako talde honen eginkizuna, lehenik, eraikinaren egonkortasun orokorraren azterketan datza. Egituraren zimenduak aztertzen dituzte eta antzinako itsaslabarraren balizko bultzada. Horretarako, bi estentsometro edo mugimenduak kontrolatzeko sistema jarri dira kokalekurik larrienetan, milimetro baten hamarrenaren zehaztasuna daukatenak. Eta beste bi gehiago jartzeko asmoa dago. Aldi berean, eraikinaren inguruko uraren zirkulazioaren jarraipena ere egiten dute, batez ere lur azpitik doan urarena. Helburua da, ur hauek eraikinaren egituran, bere garapenean eta degradazioan, duten eragin fisikoa eta kimikoa baloratzea da, horrela, zuzenketa eta babes neurri egokiak hartu ahal izateko. Lan hauetarako teknika geofisikoen euskarria ere izango da (georradarra) bai lurrean zein eraikinaren egiturako elementuetan behaketak sakonean egitea ahalbidetzen dituztenak. Beste alde batetik, Punta Begoñako eraikuntzan erabilitako material geologikoak ere karakterizatu dituzte. Eraikinetik aparte, paisaiaren ezaugarri geologikoak ere aztertuko dituzte, arreta berezia jarriz itsasoaren mailak izan dituen aldaketetan, gure kostaldeko gaur egungo zabalgune eta itsaslabar bereziak sortarazi zituztenak. Ingurunean dauden flysch motatako materialen azterketa sakon batek osatzen du taldearen ikerketa lana.

Kultura-ondasunaren Kontserbazio Taldea: Talde hau Margolaritza saileko Birgaitze eta Kontserbazio atalean kokatzen da, eta Punta Begoñako material zeramikoa berreskuratzeaz eta ikerketaz arduratzen da. Punta Begoñako Galerietan zeramika-beiraztatu azulejoz osatutako zokalo bat dago ertzi teknikakoa barrualde guztia osatzen duena. Bere jatorria XIX. amaiera eta XX. hasierako Trianoko buztin famatuetan dago. Ikerketa talde honen helburua da zeramika material honen esangura estaldura arkitektoniko bezala ezagutzera ematea eta azaltzea zergatik izan den kalifikatua kultura-ondasun bezala eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Legeak ematen duen babesa daukan. Kontserbazioari dagokionez, hainbat puntu egoera prekarioan daudenez, laborategietako entseguen eta bertan egingo diren frogen bidez zehaztuko dira zeintzuk diren metodo egokienak guzti horiek berreskuratzeko eta balioan jartzeko.

Cultural Landscape and Heritage UNESCO Katedra (CLH): UPV/EHUko Cultural Landscape and Heritage UNESCO Katedrak ildo desberdin baina osagarri bitan egiten du lan: proiektuaren partaidetza sozial prozesuetan eta bere exekuzioaren segimendu ekonomiko iraunkorra. Partaidetza sozialak helburu hirukoitza dauka: Galerien paisaiari lotuta dagoen memoria immaterialaren erregistroa, herritarrek paisai horren parte bezala sentitzen dituzten elementuen identifikazioa eta garapen sozioekonomikoa erakarri dezaketen eragile potentzial edo stakeholders-ak aurkitzea. Lehen helburua lortzeko Katedrak ‘De Cara a la Galería' memoria immaterialaren dokumentazio zentroa kudeatzen du, Galerien memoria ukiezinari buruzko testigantzak eskaini dezaketen pertsonekin sare sozial bat eraikitzeaz eta bildutako testigantzak ikus-entzunezko artxibategi batean antolatzeaz arduratzen dena. Arlo sozio-ekonomikoan, Katedra anbizio handidun ikerketa bat burutzen ari da eraikinak etorkizunean izan ditzaken erabilerak aztertzeko.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa