'Enpresa berritzaileak sortzen Euskal Herriko Unibertsitatean' egitasmoak estatu-mailako fasea gainditu du, eta orain Europa osoko ekimenekin lehiatuko du
Enpresa berritzaileei buruzko UPV/EHUren programa bat, finalista Enpresa Sustapenerako Europar Sarietan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/10
Ekintzaile-kulturan trebatzea helburu duen Enpresa berritzaileak sortzen Euskal Herriko Unibertsitatean programa Enpresa Sustapenerako Europar Sarietarako finalista aukeratu dute, final europarrean parte hartzeko. Hain zuzen ere, Enpresa ekimenaren sustapena izeneko kategorian lehiatuko du. Programa unibertsitate komunitate osoari zuzenduta dago, hau da, 50.000 lagun baino gehiagori.
UPV/EHUren proiektuak Europar Batasuneko gainerako herrialde guztiek egindako proposamenekin izango da lehian. Sariak Luxenburgon banatuko dira, azaroko bigarren hamabostaldian.
Enpresa berritzaileak sortzen Euskal Herriko Unibertsitatean programa 1999. urtean abiatu zen, UPV/EHUko ikasle, irakasle eta ikertzaileek ekintzailetza arloan zeukaten informazio eta trebakuntza gabezia konpontzeko.
Egitasmoaren azken helburua enpresa-ekimen berritzaileak eta oinarri teknologikodunak sortzea da. Lau atal nagusi ditu proiektuak, dibulgaziotik hasi, eta sortutako enpresei zuzendutako aholkularitzarekin amaitu. Programa jarduera ludiko-trebatzaileekin eta balizko ekintzaileentzako ikastaro berezituekin abiatzen da, unibertsitate ikasleen artean ekintzailetza kultura sustatzeko. Ostean, enpresa proiektua garatuko duten ekintzaileei banan-banako laguntza eskaintzen zaie; eta bukatzeko, enpresa berriei lehenengo urte bietan aholkularitza eta laguntasuna ematen zaie.
Programa sortu zenetik, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien sostenguarekin, jarduera ludiko-trebatzaileetako parte-hartzea nabarmen hazi da. Horrezaz gain, bai UPV/EHUk sustatutako oinarri teknologikodun enpresak, bai enpresok merkatuan ipini dituzten produktuak ere asko ugaldu dira. Hain zuzen ere, 2010-2015 aldian 81 enpresa sortu dira. Carmelo Garitaonandia, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "enpresa berritzaileak sortzea funtsezko bidea da berrikuntza eta ezagutza Unibertsitatetik gizartera transferitzeko, eta modu horretan gizartea beraren ongizatea hobetzeko".
Sariaren inguruan
Europako Batzordeak antolatutako European Entreprise Promotion Awards-ek enpresa espiritua bultzatzen duten aparteko ekimenak aintzatetsi eta saritzen dituzte. Sarien lehenengo aldia 2005ean antolatu zen. Herritarrak enpresen garrantziaz konturatzea dute helburu, baita ere.
Proposamen finalistak aurkezteko epea ekainaren 26an amaitu zen. Europako Batzordeak aukeratutako epaimahaia Bruselan bilduko da, hautagaien proiektuak aztertu eta irabazleak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Kategoria bakoitzeko ekimen onena hautatuko dute, eta beste batek, irabazle orokorrak, Epaimahairen Sari Nagusia jasoko du. Saria PYMEren urteko Biltzarrean banatuko dira, Luxenburgon, azaroaren 18tik 20ra bitartean.