euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Farmaziako, Medikuntzako eta Odontologiako graduei master maila eman diete

Graduek 3. maila/Masterra kualifikazioa lortu dute Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/08

Unibertsitateen Kontseiluak MECESen (Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparrua) 3. maila/Masterra kualifikazioa eman die UPV/EHUko Farmaziako, Medikuntzako eta Odontologiako graduei. Maila hori lortzeak esan nahi du Farmaziako, Medikuntzako eta Odontologiako graduak amaitzen dituzten ikasleak lanbide horietan jarduteko prest daudela eta zuzenean doktoregora sar daitezkeela, ikertzen hasteko. Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruak lau kualifikazio maila aitortzen ditu: 1-Goi mailako teknikaria, 2-Gradua, 3-Masterra eta 4-Doktorea.

Unibertsitateen Kontseiluak emandako aitorpen horrekin, Odontologiako eta Farmaziako 2014/2015eko promozioek MECESen 3. mailarekin (Masterra) amaituko dituzte ikasketak. Bestalde, Medikuntzan maila berbera aitortuko zaio ikasketak 2015/2016 ikasturtean amaitzen dituzten graduatuen lehenengo promozioari.

ANECAko Ebaluazio Batzorde batek –akademiaren arloko nazioko eta nazioarteko adituek, profesionalek eta ikasleek osatzen dute– aldeko txostenak eman ditu, hiru graduetako ikasketa planak aztertu ondoren. Medikuntzako ikasketa planak 360 ECTS (Kredituak Transferitzeko Europako Sistema) kreditu ditu, eta Farmaziakoak eta Odontologiakoak, berriz, 300 kreditu bakoitzak. Guztietan lantzen dira masterreko kualifikazioei dagozkien ikasketa emaitzak lortzea ahalbidetzen duten konpetentziak.

Gradu Ikasketetako eta Berrikuntzako errektoreorde Amaya Zarragak hauxe nabarmendu du: "Gure unibertsitateak kalitate oneko prestakuntza ematen du. Farmaziako, Medikuntzako eta Odontologiako graduei, gainera, 3. maila/Masterra kualifikazioa aitortu zaie, dituzten berezitasunak direla eta. Titulazio horiek gutxienez master mailako 60 ECTS kreditu dituzte ikasketa planean; horiei esker, kualifikazio maila espezifikoa lortzen da, eta ikasleek zuzenean jo dezakete lan eta ikerketa mundura".

Medikuntzako eta Odontologiako dekano Enrique Hilarioren esanetan, "arrakasta handia da 3. maila/Masterra lortzea; izan ere, gure ikasleei aitortu egingo zaie graduko ikasketetan egin duten ahalegina. Gure ustez, lorpen hau oso garrantzitsua da gure ikasleen etorkizuneko lan bizitzarako, besteak beste 4. mailara (doktorea) sartzea erraztuko zaielako".

Farmaziako dekano Mailo Virtok adierazi du 3. maila/Masterrera batzean aitortu egin direla Farmaziako Graduan lantzen diren konpetentziak. "Graduan, ikasleak ez dira farmazia bulegoetan sendagaiak emateko bakarrik prestatzen; ikasleei oinarri sendoa ematen zaie beste arlo batzuetan lan egiteko: besteak beste, unibertsitateko eta unibertsitate ondoko irakaskuntzan, ikerkuntzan eta farmazia industrian".