Luis Vega UPV/EHUko katedradunak ERC Advanced Grant bat jaso du
European Research Council 2014 deialdian beka lortu duen Euskal Herriko ikerlari bakarra da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/02
Luis Vega BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) zentroko zuzendari zientifiko eta UPV/EHUko Analisi Matematikoko katedradunak European Research Council (ERC) beka bat lortu berri du Harmonic Analysis and Differential Equations: New Challenges izeneko proiektuagatik. ERC erakundearen helburu nagusia Europan kalitate handiko ikerketak sustatzea da. ERC Advanced Grant-ak izen handiko bekak dira, ikerlari europar nabarmenei eta proiektu abangoardistenei soilik ematen zaizkienak; hain zuzen ere, dagokien ezagutza arloan dauden erronka berri eta garrantzitsuei erantzuteko gai direnei. Edizio honetan, Ikerketa Batzorde Europarrak Ingeniaritza eta Fisika Zientzien alorreko 2.287 egitasmo-proposamen jaso zituen.
ERCko Aditu-taldearen ebaluazioan ikertzaileek eta ebaluatzaileek aurkeztutako txostenak aztertu ziren, eta proposamenaren indargune eta ahulguneak zehaztu zituzten. Azken txostenean, aditu-taldeak ondokoa adierazi zuen: "Fisika eta analisi matematikoa elkarlotzen dituen proposamen aparta da hau. PI delakoa (Ikertzaile Nagusia) analisi matematikoko eta Ekuazio Deribatu Partzial ez-linealen irudi nabarmendua da. Abangoardiako emaitzak lortu ditu eta ikuspegi berriak ekarri ditu analisiaren hainbat eremutan".
HADE Harmonic Analysis and Differential Equations: New Challenges proiektuaren helburuak hiru norabidetan daude antolatuta: zurrunbilo-harien garapena, eta jariakinen turbulentziarekin duen lotura; singulartasun kritikodun hamiltondarrek egindako sistema erlatibisten erantzunak; eta, mekanika kuantikoaren printzipio klasikoen gaineko ikuspuntu berri baten garapena. Egitasmoak 1,67 milioiko laguntza jaso du.
Sarituari buruz
Luis Vega (Madril, 1960) BCAM zentroko zuzendari zientifikoa da, Analisi Matematikoko katedraduna UPV/EHUn, 2012ko Euskadi Ikerketa Saria eta RAC-Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako kidea. Oraintsu, Blaise Pascal 2015 Domina jaso du, Matematika arloan.
Zientzien Akademia Europarreko kidea da. Mundu mailako aditua da, batez ere, ekuazio diferentzial partzialen elkarrekintza eta Fourierren analisiaren alorrean egindako beharragatik. Ziurgabetasunaren printzipioen arteko lotura eta jariakinen eta turbulentziaren mekanika landu ditu. Berriki, ikerketa ildo berria abiatu du: potentzial elektromagnetiko singularrek egindako hamiltondar erlatibista eta ez-erlatibistak.