euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Koke Martínez-en artelanak laga dizkio

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/02

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak gordailuan laga dizkio Artium Garaiko Artearen Euskal Museo Guneari José María "Koke" Martínez artistaren (Cabredo, 1926-Londres, 2009) zenbait artelan, artistak berak UPV/EHUri (200 artelanetatik gora, mihise, irudi eta posterretan) laga zizkionen artean. Espainiar gerra zibilaren ostean, Euskal Herritik herrialde ezberdinetara ebakuatutako 25.000 gerra haurretako bat da ‘Koke' Martínez.

Javier Garaizar UPV/EHUren Arabako campuseko errektoreordea eta Ana Arrieta Gipuzkoako campuseko errektoreordea, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendaria, Carmen Kilner Basque Children of 37 elkartearen bozeramalea eta, Nerea Mendikute bezala, artistaren legatuko albazeak, Francisco Javier Alonso Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateetako zuzendaria, Josu Rekalde UPV/EHUren Arte Ederren fakultateko irakaslea, Arantza Fernandez Cayetano Cabredoko alkatea eta Rafa Cemea Maeztuko eskolako zuzendaria bertan zirela, formalizatu zen UPV/EHUk Artiumi egindako gordailua, ‘Koke' Martínezek euskal unibertsitateari lagapen gisa emandako artelanetako batzuk osatuta.

‘Koke' Martínezek 11 urte zituen beste milaka haurrekin batera Southampton-go (Britainia Handia) portura iritsi zenean ‘Habana' ontzian. Aurrerantzean, Britainia Handian igaroko zuen bere bizitza osoa. Bere alde artistikoa garatzen jardun zuen gaztetatik, batez ere irudigintza eta margolaritza landuz, baina baita poesia bezalako beste diziplina artistiko batzuetan ere murgilduz.

Bere pintura-obra deskribatzerakoan, misteriotsua, onirikoa, surrealista eta nahitako primitibismoa duela esan daiteke. Britainia Handiko erbestean, Federico García Lorcaren lagun-mina izandako José Estruch izan zuen irakasle. Bere eragina nabaria da ‘Koke'ren lanetan, eta baita surrealismo ingelesarena ere. Landu zituen gaien artean behin eta berriro agertzen dira aurpegi ugaridun buruak edo gizakia eta animalien arteko harremanean sakontzeko desioa, eta baita bere musa Mimiren hainbat erretratu eta autorretratuak ere. Era askotariko gai horien artean ez dira falta Darwin, Churchill edo On Kixote bezalako pertsonaien erreferentziak eta kultura hispanikoari aipamenak. Guzti hori bere margoetako koloreen indarrari eta ñabarduren aberastasunari gehitua, ‘Koke'ren obra bere nortasunaren isla bihurtzen da.

1946an, 20 urte besterik ez zituela, ‘Koke' Martínezek bere lehen erakusketa egin zuen, Londresko Archer Gallery-n. Hortik aurrera, bere obra nazioarte mailan izan da ikusgai eta lan gehienak, gaur egun, bildumazale pribatuen esku daude Japonia, Italia, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia edo Hego Amerikako hainbat herrialdetan.

 

Argazkiak: Quintas Fotógrafos