Euskal Herriko ugaztunen aztarnategi kuaternariorik zaharrena, Punta Luzeron
Asier Gómez Olivencia UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak zuzendutako lana 'Quaternary Science Reviews' aldizkarian argitaratu da
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/29
Punta Luzeroko Harrobiko aztarnategia (Zierbena, Bizkaia) Iñaki Libanok aurkitu zuen 1987an. Aztarnategia 80ko hamakadaren amaieran eta 90koaren hasieran induskatu zen, super-portuaren ondoko harrobiak erabat txikitu baino lehen. Bertako bildumaren zati bat argitaratu gabe egon da luzaro, eta horren ikerketak Euskal Herrian orain arte egiaztatu gabe zegoen hainbat espezieren presentzia ezagutzeko aukera eman du. Espezie horien artekoak ditugu zimitarra-hortzak zituen Homotherium latidens deritzon felinoa, Panthera gombaszoegensis jaguar europarra eta otsoaren aitzindaritzat jotzen den Canis mosbachensis delakoa. Hauekin batera, errizonero bat, hiru orein, orein erraldoi bat, zenbait bobido handi (uroak zein bisonteak) eta azeri baten aztarnak aurkitu dira.
Aztarnategia, seguraski, Punta Luzeroko mendi magalean kokatutako leize bat izan zen, animaliak erori eta harrapatuta hiltzen ziren tranpa natural baten gisakoa. Antzeko fauna aurkitu den aztarnategirik hurbilena, Atapuerca mendi-zerrakoa da, hemendik 120 bat kilometrora.
Aurkikuntza honek, Bizkaian orein erraldoiak, errinozeroak eta bisonte, uro eta orein taldeak nagusi ziren garaira garamatza. Belarjale hauei jaguarra* eta zimitarra-hortza bezalako banakako harrapariek edota tamaina txikiko otso-taldeek** eraso egingo zieten. Garai hartan, edo pixka bat geroxeago, lehenengo giza-taldeak agertu ziren.
Aztarnategiak gutxienez 400 mila urte izan litzake, eta seguraski, 600 mila urte baino gutxiago, irizpide biokronologikoen arabera. Beraz, Erdi Pleistozenoko aztarnategitzat jo genezake, Euskal Herriko gizaki antzinakoenen jarduerak islatu dituzten aztarnategien garaikidea edo zertxobait zaharragoa.
"Punta Luzeroko aztarnen artean zimitarra-hortzak zituen Homotherium latidens espezieko felidoaren letagin bat identifikatzean konturatu ginen, aztarnategi hau uste baino aspaldikoagoa izan zitekeela, eta horren ondorioz ekin genion material fosil guztia berrikusteari", ziurtatu du UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak. Asier Gómez-Olivencia paleontologoa lan hau zuzentzeaz ere arduratu da.
Aztarnategia aurkitu zuen Iñaki Libanok adierazi duenez, "otsoaren arbasoaren aztarnak aztarnategiaren goi-goiko aldean agertu ziren, eta hauek dira bertan gordeta geratu ziren azkenak". Aztarna horiei esker (den-denak, hortzak) ikertzaileek aztarnategiaren gutxieneko adina zehazte ahal izan dute (400 mila urte inguru, gutxienez).
Madrilgo Giza-Eboluzio eta Portaerari buruzko UCM-ISCIII Zentro Mistoko Nohemi Sala ikertzaileak hezurren azala aztertu zuen, denboran izandako aldaketak zehaztu ahal izateko: "hezurretan aurkitutako zantzuen arabera, leizezuloan eroritako beste animalia batzuek zanpatu zituzten, eta kasu gutxi batzuetan, haragijaleen haginkaden zantzu garbiak daude, seguraski bertara erori eta kanpora atera ezinik gelditu zirenek eragindakoak".
Eskualde mailako ingurumariari dagokionez, Giza-Eboluzioari buruzko Zentro Nazionalean (CENIEH, Burgos) ikertzaile dabilean Joseba Rios-en esanetan, "Kantauri Itsasertzean ez daude Erdi Pleistozenoko aztarnategi arkeologiko asko, eta daudenak 300 mila urtetik beherakoak dira oro har. Punta Luzeroko aztarnategiak Euskal Herriko lehen biztanleek aurkitu ahal izan zituzten animaliak ezagutzen lagundu digu".
Bizkaiak Pleistozeno aroko ondare arkeopalentologiko handia du, baina zoritxarrez, aztarnategi batzuk harrobietako jardunaren ondorioz desagertu dira, Punta Luzeroko aztarnategia kasu.
izkaiko Foru Aldundiaren finantzaketaz landutako ikerketa hau, 2014az geroztik UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko Ikerbasqueko Research Fellow gisa lan egiten duen Asier Gómez-Olivencia ikertzaileak zuzendu eta diziplina anitzeko aditu-talde batek gauzatu du, Giza-Eboluzio eta Portaerari buruzko UCM-ISCIII Zentro Mistoko eta Giza-Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko ikertzaileak tarteko direla.
Ikerketarako esteka:
http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0277379115001870
* Jaguarra gaur egun Ertamerikan eta Hego Amerikan bizi bada ere, Behe eta Erdi Pleistozenoan Europan ere bizi izan zen, harik eta, seguraski lehoiak bezalako beste felido batzuekiko lehiaren ondorioz, erabat desagertu ziren arte.
** Canis mosbachensis deritzon kanidoa gaur egungo Canis lupus otsoaren arbasotzat jotzen da, baina azken honek baino gorputz txikiagoa zeukan. Zimitarra-hortzak dituen Homotherium felidoaren gorputza egungo lehoi baten tamainakoa izan zitekeen.