March of Dimes fundazioa Estatu Batuetako irabazi asmorik gabeko erakundea ezagun bat da, 1938an Franklin D. Roosevelt presidenteak sortua Polioari aurre egiteko. Geroztik emakume haurdunen eta haur txikien osasun orokorra sustatzeko helburua du. Bada, 230.000 dolar emango dizkio UPV/EHUko Biokimika Sailean Angelmanen sindromeari buruz (gaixotasun horren ezaugarrietako bat umeen garapenean ematen den atzerapena da) diuztela da egiten ari diren ikerketari; Ikerbasqueko irakasle Ugo Mayorrek zuzentzen du. Diru laguntza garrantzitsu horri esker, bi ikertzaile kontratatu ahalko dira hiru urterako, eta, hala, ikerketa talde hori 2012tik egiten ari den ikerlanetan aurrera egiteko berme gehiago egongo da.
March of Dimesek Angelmanen sindromeari buruzko ikerketa bati lagundu dio
March of Dimes elkartearen finantzazioari esker, bi ikertzaile kontratatu ahalko dira, hiru urterako, Ugo Mayor Ikerbasque irakasleak zuzentzen duen taldean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/18
Angelmanen sindromeak 15.000 jaioberritik bati eragiten dio; haurrak normal garatzeko arazoak, komunikatzeko zailtasunak, mugimenduaren koordinazio falta eta orekari eusteko eta mugitzeko arazoak eragiten ditu. Horrez gain, gaixotasun hori duten haurrek lo egiteko arazo larriak izan ohi dituzte.
Ugo Mayorrek zuzentzen duen ikerketa taldearen ardatza ubikitilazio mekanismoek garunean duten eragina aztertzea da. Angelmanen sindromea 15q kromosoman dagoen UBE3A genearen mutazioak sortzen du. Gene hori, baina, beste proteina batzuei ubikitina gehitzeko gaitasuna duen proteina bat da, eta, transformazio horren bidez, besteen zereginak bideratu ahal ditu. Ugo Mayorrek zuzentzen duen ikerketa taldeak aurrerabide handiak lortu ditu ildo horretan, esperimentuetan fruta euliak erabiliz. Orain, diru laguntza horrekin, arratoiekin lan egiten hasiko dira, "gizakietan zer gertatzen den hobeto ulertzeko" adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.
Mayorrek esan duenez, "nazioarteko erakunde batek gure proiektuan inbertitu izana bereziki garrantzitsua da. UPV/EHUn garatzen ari den ikerkuntzaren gaitasun zientifikoan konfiantza erakusten baitu. Batez ere, ikerkuntzarako kanpo finantzazioa aurkitzea oso zaila den honetan".
UPV/EHUko Ikerbasque irakasle Ugo Mayorrek Suedian eta Britainia Handian egin zituen ikasketak, eta, ondoren, 11 urte eman zituen Cambridgeko Unibertsitatean ikerketa lanetan. 2010ean, Zamudioko CIC bioGUNEn hasi zen lanean, eta orain dela gutxi UPV/EHUko Biokimika Sailera ekarri du bere ikerketa proiektua.