euskaraespañol

Eguneko irudia

Arteshop 2015 Sariak

Bilboko Alde Zaharrean dagoen Charada moda eta osagarrien saltokiak lehenengo saria irabazi du Rubén Pino Uribe-Echevarria ikasleak sinatutako obra batekin

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/18

Lan guztiak datorren larunbatera arte, ekainak 20, bisitatu ahalko dira

Alde Zaharreko bi saltokik, Charada eta Óptica Jesús, lehenengo eta bigarren sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren saria, aldiz, Flores Rementeriari eman zaio, Bilboko San Inazio auzoan dagoen saltokiari. "Publikoaren Saria" Errekalde auzoko La Huerta del Botxo landare, hazi eta maskoten merkataritza-establezimenduak irabazi du, Rakel Carrero Lópezek egindako obrari esker.

Gaur arratsaldeko ekitaldian, sariak banatu zaizkie saltoki irabazleei eta ideiak nahiz sormena ekarri duten artistei. Ekitaldia Erriberako merkatuan egin da, eta bertara hauexek hurbildu dira; Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Xabier Otxandiano; Bilbako Ekintzako zuzendari nagusia, Nora Sarasola; Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria, Juan Zapater Bilbao; eta UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Carmelo Garitaonandia.

Ekimen honekin Bilboko Udalaren helburua hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea izan da eta, hala, berez interesgarriak diren gure saltokiei balio erantsia eskaintzea. Gainera, Arte Ederretako Fakultateko ikasleen artelanak merkataritza-saltokietan jartzeari esker, etorkizunean artearen munduan joera markatuko duten artisten sormena ikusi ahal izan da.

ARTESHOP BILBAO ekimenak bosgarren edizioa du aurten, eta oraingo honetan Bilbao Ekintzak hautatutako 75 saltokik UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak aukeratutako 75 ikasleren artelan berriak eta hitzordu honetarako ex profeso sortutakoak erakutsi dituzte ekainaren 8tik 20ra.  Lan honetarako, ikasleek Bilbao Arte Fundazioko 10 artisten tutoretza izan dute, eta horiek ere artelanak prestatu dituzte Erriberako Merkatuan edo Terminus Eraikinaren Turismo Bulegoan ikusgai jartzeko.

Epaimahaia eta sariak

Hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek (Bilbao Ekintza, EHU/UPV eta Bilbao Arte Fundazioa) hamabi proiektu onenak aukeratu zituzten. Ondoren, prestigio handiko epaimahaiak hiru artelan irabazleak hautatu zituen; horretarako, hiru sari ezarri ziren. Hauexek izan dira epaimahaiko kideak: Josu Rekalde artista eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle katedraduna; Mabi Revuelta artista; Marta Arzak Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza eta Interpretazioko zuzendariordea; Artium museoko Hezkuntza Arloko Charo Garigorta; eta Bilbao Dendak elkarteko Andoni Ruiz. Lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa. Horrez gain, Publikoaren Sariarekin 450 euro ere eman dira; sari horren irabazlea herritarrek aukeratu zuten, telefono bidezko bozketaz.

Publikoaren Saria UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasleen eta saltokien lan bateratua aintzatesteko aipamena izan da. Horrez gain, herritarrek parte hartzea ere bultzatu nahi izan da, baita edizio honetan parte hartu duten saltokiak eta Arte Ederretako Fakultateko ikasleen arte proiektuak ikusaraztea ere, komunikabide sozialen, Arteshopen webgunearen eta sare sozialen bitartez (https://es-es.facebook.com/ARTESHOP.BILBAO eta https://twitter.com/arteshopbilbao).

Lehiaketa

Berriz ere, ARTESHOP BILBAO 2015 egitasmoak ikasle, saltoki zein artisten interesa piztu du. UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatean hitzordu honetan parte hartzeko interesa erakutsi duten ikasle edo ikasle taldeen 120 eskaera jaso dituzte. Saltokiei dagokienez, oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen zituzten saltokiak aukeratu zituen Bilbao Ekintzak, eta horietatik, izena eman zuten lehenengo 75 establezimenduek hartu dute parte. Bilbao Arte Fundazioak ikasleen tutore izan diren hamar artista aukeratu zituen, aurkeztutako hogeita hamar eskabideetatik.

Bilbao Ekintzak 400 euroko diru-laguntza eman du sariketan parte hartu duten Arte Ederretako Fakultateko ikasleen kasuan; Bilbao Arteko artistei dagokienez, diru-laguntza 600 eurokoa izan da, proiektua ekoizteko eta garatzeko gastuen kontzeptu gisa. 

Berrikuntza: Ibilbide gidatuak

Aurten, berrikuntza gisa, Arteshop 2015 egitasmoaren erakusketa fasean zehar merkataritza saltokiak bisitatzeko doako ibilbide gidatuak antolatu dira; horrela, herritarrek Arteshop 2015 ekimenean parte hartu duten artelanak eta saltokiak gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute. Merkataritza-ibilbide hauetan parte hartu dutenen artean 50,00 euroko hogei sari zozkatu dira, Arteshop 2015 programan parte hartzen duten saltokietan gastatzeko.