euskaraespañol

Eguneko irudia

Biomimetika kuantikoari buruzko UPV/EHUren ikerketak mugak gainditzen

MIT Technology Review aldizkari ospetsuak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko QUTIS taldearen artikulu baten berri jaso du

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/09

Mikel Sanz, Unai Alvarez-Rodriguez, Enrique Solano eta Lucas Lamata

"Artificial Life in Quantum Technologies" (Bizitza artifiziala teknologia kuantikoetan) artikulu zientifikoa interneten argitaratu eta egun gutxitara, egileek, Unai Alvarez-Rodriguez, Mikel Sanz, Lucas Lamata eta Enrique Solano, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisika Saileko "Quantum Technologies for Information Science (QUTIS)" taldeko ikerlariek, oso harrituta zeuden artikulua epe laburrean izaten ari zen oihartzun handiagatik mundu osoko ikerlari, unibertsitate eta zentro teknologikoen artean. Eta horren arrazoia zein zen deskubritu zuten: munduko unibertsitate onenetako bat den Massachusetts-eko Institutu Teknologikoak (MIT) argitaratzen duen MIT Technology Review aldizkari prestigiotsuak goraipamenezko erreportaje bat argitaratu zuen artikulu horretaz.

Astero, MIT Technology Review aldizkariak garrantzia duten bi edo lau artikulu zientifiko aukeratzen ditu zientziaren ezagutza arlo guztietan mundu osoan argitaratzen diren artikulu guztien artean, eta bost kontinenteetako zientzialariek jakin-minez jarraitzen duten aipamen bat argitaratzen du. Kasu honetan, joan zen maiatzaren bukaeran, ipar amerikako aldizkari honek UPV/EHUko ikerlariek egindako ikerketa aukeratu zuen bere izaera berritzaileagatik eta bere zorroztasun zientifikoagatik.

"Artikulu honen ondorioa hain garrantzitsua izan da, argitaratua izan ondoren, Estatu Batuetako, Alemaniako, Australiako edota Txinako unibertsitate prestigiotsuetatik gure artikulua irakurri duten irakasle eta ikerlarien dei eta email ugari jaso ditugula eta gurekin lan egiteko prest agertu dira, gure proposamena errealitatera eramateko asmoz", ziurtatu du Enrique Solano, Ikerbasque irakasle eta UPV/EHUko QUTIS ikerketa taldeko zuzendariak. "Adierazgarria da, baita ere, egun gutxi igaro direnean, Google-ek hainbat mila emaitza erakusten dituela gure artikuluaren izenarekin bilaketa bat egiterakoan".

Bizitza kuantikoa

MIT Technology Review aldizkariaren erreportajeko titularra oso esanguratsua da: "Bizitza kuantikoak korapilatze kuantikoa barreiatzen du belaunaldietan zehar". Aldizkariak galdetzen du ea zein forma har dezakeen bizitza kuantikoak, eta erantzunaren hurbilketa bat aurkitzen du UPV/EHUko QUITS taldearen ikerketan. "Gaur galdera honen ideia bat daukagu Unai Alvarez-Rodriguezen lanaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko kolaboratzaileei esker. Beraiek simulatu dute ingurune kuantiko batean garatzen den bizitza forma eta hori erabili dute, lehen aldiz, ustezko ingurune kuantiko esperimental batean nola garatuko litzatekeen proposatzeko", dio erreportajeak.

Artikuluaren mamiak zerikusi zuzena dauka Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUn prestatzen ari den doktorego-tesiarekin, fisika kuantikoaren legeak jarraituz, Darwinen izaki bizidunen eboluzioaren elementuak materia geldo mikroskopikora egokitzen dituen proiektua. "Gure jatorrizko ideia oso ausarta da, atomoak, hau da, bizirik ez duten eta fisika kuantikoaren legeen baitan dauden sistema mikroskopikoak, konplexutasun handia duten sistema bizien portaera imitatu dezatela lortzea", azaltzen du Alvarez-Rodriguezek.

Teoriatik praktikara

"Gure proposamena, izaki bizidunen portaeran inspiratuta dagoen sistema bat da, mundu mikroskopikora egokituta", diote UPV/EHUko ikerlariek. Hala, Darwinen eboluzioaren prozesuan zehazten den bezala, izakiak jaio, erreproduzitu eta hil egiten dira, baina bitartean, jokoan sartzen dira beste elementu batzuk, hala nola, fenotipoa, izakien interakzio sozialaz arduratzen dena, eta genotipoa, informazio genetikoa duena. "Darwinen eboluzioaren elementu guztiak atomoetan eta argi fotoietan jarri ditugu, hau da, hilda dagoen materian. Protokolo bat diseinatu dugu materia geldo mikroskopikoari laborategietan nola eman bizitza azaltzeko: jaio, erreproduzitu, bizitza soziala izan dezala eta gero hil dadila. Eta gero bere ondorengoek ere gaitasun berdinak izan ditzatela", dio Solanok.

"Kontua da, honako hauek sistema biologiko makroskopikoen gaitasun esklusiboak direla, hau da, konplexutasunetik sortzen direnak. Eta guk propietate horiek parekatzea lortu dugu sistema mikroskopikoetan eta, beraz, konplexutasun hori ez dutenetan. Gu gara artifizialki portaera biologikoa eragiten dugunok sistema mikroskopiko geldoetan. Modu artifizialean bizitza sortzen dugu atomoetan eta fotoietan, eta antinaturala da, hori sistema biologiko konplexuei dagokielako. Guk izaki bizidunen portaera sinpletasun atomikoaren mundura daramagu, bizitza existitzen ez den lekura", zehazten du Alvarez-Rodriguezek.

UPV/EHUko QUTIS ikerketa taldeak fisika kuantikoaren arloari egindako ekarpen berritzaileak ez dira teorietan gelditzen. "Planteatzen ditugunak ez dira espekulazioak. Gure teoria guztiak proposatzen ditugu munduko laborategi aurreratuenetan praktikara eraman ahal izateko moduan, ahal izanez gero berehala. QUTIS gure taldea think-tank bat da mundu mailako eraginarekin teknologia kuantikoetan aplikatutako informazio zientzietan. Gure estrategia globala, laborategietan egiaztatu eta errepikatu daitezkeen kontzeptu original eta kreatiboak sortzea da , eta ez egiaztatu ezin diren espekulazio intelektualak".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa