Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlan batek azaltzen du 12-24 urte bitarteko gazteek, oro har, Interneten bilatzen dutela osasunari buruzko informazioa; amak, aitak, irakasleak edo medikuak bigarren mailan daude. Hala azaltzen da "Estudio de la comunicación científica en salud para jóvenes y valoración de la calidad de los recursos digitales" ikerketa artikuluan: UPV/EHUko COMSA ikerketa taldeak egin du. Carmen Peñafiel da zuzendaria, eta Milagros Roncok, Lázaro Echegarayk, Josemari Pastorrek eta Idoia Camachok osatzen dute taldea. Artikuluak berresten du neska-mutilek informazioa Interneten bilatzeko interesa partekatzen dutela, batez ere elikadura osasungarriarekin, ariketa fisikoarekin eta buru osasunarekin lotutako gaiak direnean. Neskak gehiago arduratzen dira sexualitatearekin, eta mutilak gaixotasun infekziosoekin.
Internet, osasunari buruzko informazioa bilatzeko gazteen tresna hegemonikoa
Gurasoak, irakasleak edo medikuak bigarren mailan gelditzen dira, hezitzaile gisa, sexualitatea edo elikadura osasuntsua bezalako gaietan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/02
Carmen Peñafiel ikerketa taldeko kidea eta UPV/EHUren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea da, eta zehaztu du gazteek Internet darabiltela lehenengo informazioa lortzeko, baina: "ez diote erabateko fidagarritasuna ematen Interneten osasunari buruz aurkitzen duten informazioari". Beraz, "belaunaldi digital" izendatu denarentzat –azaldu du Peñafielek– "Internet lehenengo informazioaren iturria da, baina inoiz ez behin betikoa, ezta baliagarria ere, gerora espezialista bati kontsultatzen ez bazaio".
2.0 komunikazioak irauli egin du medikuntzarekin eta osasunarekin lotutako gaietara heltzeko modua. Aipatu den bezala, Internetek irtenbideak ematen ditu informazio beharrizanetarako, eta, gainera, mediku profesionalei komunikazio eraginkorra ematea ahalbidetzen die. Hori dela eta, helburu nagusiaz gain, lan honek bestelakoak ere baditu, lotura zuzena dutenak: gazteentzat espainolez eta euskaraz dauden osasunari buruzko webgune nagusiak definitzea, webgune horien orientazioa eta hezitzaile gisa duten funtzioa aztertzea, gaixotasunak eta mendekotasunak saihesteko, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzentarauen arabera; orobat, besteak beste, informazio digitalen kalitatea aztertzea.
Ikerlariek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko 250 gazteri egin diete inkesta.Parte hartzaileek galdera espektro zabal bati erantzun behar izan diete. Osasunari buruz duten pertzepzioari buruzko galderak erantzun dituzte, baita osasunaren inguruan dituzten ardurak eta kezkak eta Interneten eta gizarte sareen erabilerei buruzkoak ere.
Halaber, ikuspegi kuantitatiboaz gain, ikerketaren metodologiak ikuspegi kualitatiboa ere izan du kontutan; hala, bi sexuetako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gazteen iritziak bildu ditu lanak. Bi taldetan banatu dira horiek Araba, Bizkaia, Gipuzkoan eta Nafarroan: bat, nerabeez (12-17 urte) osatuta eta, bestea, unibertsitatean ari diren gazteekin (18-24 urte), bakoitza zortzi kidez osatuta (lau mutil eta lau neska).
Web fidagarriak
Egiaztatu da gazte eta nerabeentzako osasunari buruzko webgune gehienek bete egiten dutela beren funtsezko helburua: ohitura osasungarrien inguruko hezkuntza ematea eta mendekotasunak eta gaixotasunak prebenitzea. Aztertutako baliabide digitalen % 83k ondo betetzen dute hezkuntza faktorea" azaldu du Peñafielek. Eta, hautatuen artean, onenetako batzuk "erakundeen webguneak, gobernuaren mendekoak edo nazioartekoak dira(hala nola OME eta EB), eta sei, berriz, erakunde pribatuak". Bestalde, gazteentzako osasunari buruzko informazioa duten webguneen lagin aleatorio batean ikusi zen webguneen % 25 ez zela gazteei begira prestatu, ez zuela webgunean nabigatzea uzten, hainbat hilabete igaroak zirela eguneratu gabe eta PDFz beterik zeudela.
Egiazki, gazteek konfiantza handiagoa dute webgune ofizialetan (esaterako, Osakidetzarena eta Osasun Ministerioarena). Fidagarriak dira, batez ere, erakundeenak direlako. Pribatuekin, ordea, ez da beste horrenbeste gertatzen. Gazteak alertan jartzen dira edo mesfidati agertzen dira webgune horiek publizitate asko dutenean. Erabiltzaile gazteen ustez, "osasunari buruzko webgune idealak" oso praktikoa eta ikusgarria izan beharko luke, informazio eskuragarria eta fidagarria izan beharko luke, "interaktibitatea" egon beharko litzateke erabiltzaileen artean eta argi bereizi beharko lirateke "erabiltzaileen iritziak eta profesionalen kontseiluak".
Internet da 21-24 urte bitarteko gazteen informazio iturri nagusia, baina nerabeek ez dute Internetera jotzen informazio iturri nagusi gisa: lehenengo gurasoak daude, eta ondoren medikuak."Aintzat hartu behar da talde horrek plataforma ludikotzat duela Internet, eskolako lanetarako informazioa bilatzeko iturritzat; esaten dute gutxi fidatzen direla Internetekin" adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.
Artikulua: C Peñafiel, M Ronco, L Echegaray (2015): "Estudio de la comunicación científica en salud para jóvenes y valoración de la calidad de los recursos digitales". Revista Latina de Comunicación Social, 70, 300-321. or.
http://www.revistalatinacs.org/070/paper/1048pv/18es.html
DOI: 10.4185/RLCS-2015-1048