euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUn garatutako teknologia AEBko telebista digitalean

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan garatutako LDM multiplexazio-sistema erreferentea da munduan, irrati-difusioaren arloan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/25

UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen taldea
UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen taldea (Jon Montalban, bosgarrena ezkerretik).

UHF bandan telebista-kanalak erabiltzeko teknika berri bat garatu du UPV/EHUko Seinalearen Tratamenduaren eta Irrati-komunikazioen Taldeak (TSR), beste talde batzuekin batera. Teknika horrek nabarmen hobetzen du espektro erradioelektrikoaren erabilera, eta Ipar Amerikako estandar digital berrirako teknologia gisa hautatu dute.

Etorkizuneko telebista digitalaren estandarra, Bereizmen Ultra Handian (UHDTV) zerbitzuak eskain ditzakeena, ari dira prentsatzen AEBn. Estandarizazio-prozesua Advanced Television Systems Committee (ASTC) erakundean ari dira garatzen, zeinetan UPV/EHUk era aktibo batean hartzen baitu parte Bilboko Ingeniaritzako GETko Seinalearen Tratamendua eta Irrati-komunikazioak (TSR) ikerketa-taldearen bidez.

Azken bi urteetan, Manuel Vélez eta Pablo Angueira irakasleek proiektu bat zuzendu dute, Kanadako Communication Research Centre (CRC) eta Koreako Electronics and Telecommunications Research Institute (ETRI) taldeekin lankidetzan. Proiektu horren ondorioz, UHF bandan telebista-kanalak erabiltzeko teknika berri bat lortu dute, LDM multiplexazio-sistema (Layered Division Multiplexing), eta, haren bidez, nabarmen hobetzen da espektro erradioelektrikoa, baliabide urri bihurtzen ari baita. Sistema horrekin, maiztasun bakar bat erabil daiteke mota desberdinetako zenbait multimedia-zerbitzu bideratzeko, hala nola mugikorretako TB, Bereizmen Ultra Handia (UHDTV), datuak eta abar. Teknologia berri hau erreferente bihurtu da, berehala, mundu mailan, irrati-difusioaren arloan, eta ATSC 3.0 estandar berrirako oinarri gisa onartu dute.

Doktore-tesi batetik abiatuta garatutako sistema

LDMarekin lotutako garapen-lanik gehienak Jon Montalban doktoregaiak egin ditu, bere nazioarteko tesian. Tesiak Solutions for new terrestrial broadcasting systems offering simultaneously stationary and mobile services du izena, eta LDM sistemaren hargailu batek funtzionatzeko oinarrizko algoritmoen zati bat garatu du. Algoritmo horiek aukera ematen dute telebistako zenbait transmisiok maiztasun bakarra erabiltzeko aldi berean eta denboran era jarraitu batean, eta hargailuak aldi berean jasotzen dituen zerbitzu guztiak bereizteko behar adina adimen du. Tesian, bestalde, sistemaren errendimenduari buruzko lehenbiziko datu errealak aurkeztu ziren (bai simulazioak, bai laborategiko datuak). Emaitza horiei eta proiektuko kolaboratzaileek lortutako beste datu batzuei esker, LDM teknologia hautatu dute aipatutako ATSC 3.0 Ipar Amerikako estandarrerako teknologia gisa erabiltzeko.

Hainbat sari eman dizkiote doktore-tesiari, besteak beste, ekarpenik onenaren saria 2014 eta 2015eko IEEE Broadband Multimedia Systems and Broadcasting nazioarteko biltzarretan (Pekinen (Txinan) eta Ganten (Belgikan), hurrenez hurren). Aipatzekoa da, bestalde, LDM teknologiarekin bateragarria den lehenbiziko SW hargailua aurkeztu zuela TSR taldeak 2014an. Horrez gainera, nazioarteko hainbat jardunalditan aurkeztu da teknologia, besteak beste, Las Vegasko (AEB) NABSHOW 2015 azokan, non sektoreko 100.000 profesional baino gehiago elkartzen baitira eta UPV/EHUk bere standa izan baitu TSR taldean garatutako transmisio- eta hargailu-prototipoak erakusteko.

Informazio osagarria

Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, UPV/EHUko Ingeniaritzako GETko Seinalearen Tratamendua eta Irrati-komunikazioak (TSR) taldeak ikerketa-proiektu askotan hartu du parte (bai enpresetarako, bai erakunde publikoetarako), Juan Luis Ordiales Basterretxea doktore katedraduna buru duela. Besteak beste, aipatzekoak dira mota guztietako irrati- eta telebista-sistemak (DVB-T, DVB-T2, DAB, DRM, etab.) garatzeko, definitzeko eta testatzeko egindako lanak. Lan horren guztiaren ondorioz, hainbat ekarpen egin dizkiote zientzia-komunitateari azken hamar urteotan: besteak beste, 50 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte aldizkarietan; 100 txosten, biltzarretan; eta zenbait liburu eta txosten zientifiko egin dituzte estandarizazio-erakunde garrantzitsuenentzat. Taldea erreferente da nazioartean, multimedia-transmisioko sistemen arloan, eta zenbait estandar garatzen hartu du parte, 1997az geroztik, hainbat herrialdetan (AEB, Alemania, Brasil, Mexiko, India, Italia eta abar), I+G+Bko proiektuen bidez.

Erreferentzia bibliografikoak

J. Montalban, M. Vélez, I. Angulo, P Angueira, Y. Wu. "Large size FFTs over time-varying channels," Electronics Letters , vol.50, no.15, pp.1102,1103, July 17 2014.
J. Montalban, Liang Zhang, U. Gil, Yiyan Wu, I. Angulo, K. Salehian, Sung-Ik Park, Bo Rong, Wei Li, Heung Mook Kim, P. Angueira, M. Velez. "Cloud Transmission: System Performance and Application Scenarios," Broadcasting, IEEE Transactions on, vol.60, no.2, pp.170,184, June 2014.