euskaraespañol

Eguneko irudia

Pedraz irakaslea Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko kide egin dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/20

José Luis Pedraz Muñoz, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Farmazia Teknologiako katedraduna, Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko (RANF) akademia kide egin dute; ekitaldian, besteak beste, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde Javier Garaizar izan da. Alfonso Domínguez-Gil RANFeko akademia kide osoak aurkeztu zuen Pedraz irakaslea. Bada, Pedrazek "Avances en el desarrollo de vectores no virales lipídicos para terapia génica" hitzaldia eman zuen.

Sarrerako hitzaldian lipido kationikoen bidezko transferentzia genetikoaz jardun zuen: zeluletara transferentzia genetikoa egiteko metodo ohikoenetako eta gehien aztertuetako bat da. Felgnerrek eta haren lankideek lortu zuten arlo horretan lipido kationiko bat erabiltzea; N-[1-(2,3-dioleiloxy)propil]-N,N,N-trimetilamonio (DOTMA) kloruroa erabili zuten, hazkuntzako zeluletara DNA kondentsatzeko eta transferitzeko. Horrela, liberatutako genearen adierazpen maila handiak lortu zituzten. Argitalpen horrez geroztik, hainbat lipido kationiko erabili dira xede horretarako. Birikoak ez diren bektore lipidikoek abantaila bat dute: merkeak eta prestatzen errazak dira. Izan ere, interakzio elektrostatikoen bidez, kondentsazio bidezko konplexuak era ditzakete DNAz negatiboki kargatutako molekulekin. Konplexu horiek erraztu egiten dute zelulak batzea, zelulen barneko zirkulazioa hobetzen dute, DNA babesten dute nukleasen degradaziotik, eta, azkenik, kondentsaturiko DNAren zati bat zitoplasmaren mailan liberatzeko gai dira, nukleora migra dezan eta adierazpen genetikoa gerta dadin. Lipoplexo horiek, gainera, erraz alda daitezke, lotugai mota desberdinak gehituta; adibidez, peptido fusogenikoak: besteak beste, siderofilina, lektina eta epidermiseko hazkunde faktorea. Azkenik, hainbat faktorek kalte egin diezaiokete lipoplexoen transfekzio eraginkortasunari. Faktore horien artean daude lipido kationikoaren egitura eta ezaugarriak, lipoplexoaren tamaina, lipido/DNA harremana, emandako lipoplexo kopurua, zelula mota eta erabilitako zelulen zikloa. Nahiz eta bektore horiek erabili izan diren saiakuntza klinikoetan, oraindik ere konpontzeko daude lipidoen toxikotasunarekin eta transfekzio gaitasun urriarekin (batez ere, serumaren osagaiak daudenean) lotutako zenbait arazo.

Pedraz irakaslea UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia Teknologiako katedraduna da 1992tik. Farmazian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean eta Farmazian doktorea da unibertsitate horretan; horrez gain, hango Farmazia Fakultateko Farmazia Teknologiako irakasle titularra izan zen 1987tik 1911ra. Bestalde, Ikerkuntza Sanitarioko Fondoak emandako beka bati esker, ikerkuntzako fellowship bat egin zuen Milango Mario Negri institutuan, 1988an. Gainera, ikerkuntza egonaldiak egin ditu, alde batetik, Kalamazooko Upjon eta Cincinnatiko Marriot Merrel Dow laborategietako (AEB) I+G sailetan, 1989an, eta, bestetik, Sydneyko (Australia) Respiratory Technology Woolcock Institute of Medical Research taldean, 2014an. Farmaziako eta Farmazia Teknologiako ezagutza arloan irakasten du, hala gradu aurreko nola graduondoko ikasketetan. Gaur egun, Biofarmazia eta Farmakozinetika irakasgaia ematen du graduan, eta UPV/EHUko "Medikamenduen Ikerkuntza eta Ebaluazioa. Teknologia Farmazeutikoaren Aplikazioa Terapia Aurreratuen Garapenerako" doktorego programaren arduraduna da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako A Nanobiocel ikertalde finkoko ikertzaile nagusia da; ikertalde hori Carlos III Osasun Institutuko Red Ciber de Bioingeniería Biomateriales y Nanomedicina (Ciber bbn) zentroko kide da, bai eta Euskal Herriko Garapen Farmazeutikoko Unitateko kide ere (Tecnalia Korporazio Teknologikoaren barruan dago).

Akademiaren esteka: http://www.ranf.com/sesiones-y-actos/recepciones/2135-toma-poesion-dr-pedraz.html