euskaraespañol

Eguneko irudia

Monografiko batek Pirinio mendebaleko eskualdeko Kuaternarioari buruzko ikerketa bildu du

Quaternary International aldizkari ospetsuak argitaratu du UPV/EHUko hiru irakaslek editatutako alea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/14

Kuaternarioa gure planetako historiaren azken 2,6 milioi urteotan garatutako aldi geologikoa da

UPV/EHUko Kuaternarioari buruzko Prestakuntza eta Ikerketa Unitateak "Quaternary of the Western Pyrenean Region: Multidisciplinary Research" biltzarra antolatu zuen 2013ko urrian, eta han aurkeztu eta eztabaidatu ziren zientzia kuaternarioko hainbat diziplinatako ikerketa taldeek azken hamarkadotan lortutako emaitzak. Orain, Quaternary International aldizkariak bere 364. ale monografikoa argitaratu du (http://www.sciencedirect.com/science/journal/10406182/364), biltzar horretako 27 aurkezpen biltzen dituena.

Kuaternarioa gure planetako historiaren azken 2,6 milioi urteotan garatutako aldi geologikoa da, ezaugarri dituena klima aldaketa sarriak, lasterrak eta sakonak. Denbora tarte horretan, Pirinioen mendebaleko eskualdean (Kantabriako mendiak, Bizkaiko golkoaren kostaldeko hego-ekialdea eta Ebro haran goiena biltzen ditu) prozesu geologiko garrantzitsuak gertatu dira, hala nola glaziarrak sortzea eta desagertzea, bariazioak itsasoan, eta ibai erregimenen eta modelatze karstikoaren gorabeherak. Era berean, denbora tarte horretan, hainbat giza espeziek bereganatu egin dute beren ingurua eraldatzeko ahalmena (areagotu egin da); horretarako, eskura zituzten lehengaiak baliatu dituzte, eta beren hondakin fosilen eta kultura garapenaren ebidentziak utzi dituzte, artefaktu, arte adierazpen eta ingurumen eragin gisa.

Quaternary of the Western Pyrenean Region: Mutidisciplinary Research biltzarra Vitoria/Gasteizko lehenengo biltzar kuaternarista (International Conference on the Environment and Human Society in the western Pyrenees and the Basque Mountains during the upper Pleistocene and the Holocene) egin eta ia 25 urtera egin da; zehazki, lau herrialdetako 103 parte hartzailek 80 komunikazio aurkeztu zituzten.

Guztira, aurkezpen horietatik 27 bildu ditu Quaternary International aldizkariaren 364. aleak. Monografikoa Alejandro Cearreta (Estratigrafia eta Paleontologia), Concepción de la Rúa (Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia) eta Marco García-Diez (Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia) irakasleek aurkeztu dute, eta Lydia Zapata doktorearen oroimenez prestatu dute; biltzarraren antolatzaileetako bat zen, eta Kuaternarioari buruzko jarduera akademikoetan eta ikerketakoetan laguntzen zuen UPV/EHUn.

Edukiak diziplina anitzeko sei multzo tematikotan bildu dira. Lehenengoan, Kantabriako mendien glaziazioen kopurua eta adina biltzen dira, baita ingurumenaren eta klimaren bilakabide glaziarra, eta horrek giza okupazioarekin eta neandertalak desagertzearekin duen lotura ere. Hurrengo hiru aurkezpenek prozesu natural eta antropikoen ondorioz ibai inguruetan gertatutako bariazioak dituzte aztergai: lehenik, ibai terrazak aztertzen dituzte, ibaiek eragindako hondeatzearen bilakabidea berreraikitzeko erliebe forma esanguratsuenak direlako; bigarrenik, Ebro arroaren ibai kanalen morfologiako bariazioak aztertu dira; azkenik, Holozenoan gertatutako paisaia aldaketak aztertu dituzte, toba karedunen eraikuntza eta erosioa oinarri hartuta.

Beste egile batzuek paisaien itxuraldaketa aztertu dute, landare estalkiaren bilakabidea eta giza inpaktuaren ebidentziak laburtuz, azterlan polinikoetatik abiatuta. Halaber, zehatz ikertu dituzte zenbait arkeologia aztarnategitako ikatzak, egur mota ezberdinen erabilera deskribatzeko. Lehengaiak, artefaktuen ekoizpena eta industria litikoa dira ondorengo lan batzuen gaiak; zehazki, honako hauek aztertu dituzte: Historiaurrean ustiatutako baliabide silizeoak, Frantziako hego-mendebaleko neandertal taldeen estrategien kronologia berriak, gizakiek Pirinio barreneko haranak birpopulatzea azken glaziar handiaren amaieran, Paleolitotik Mesolitikorako amaieraren trantsizioa Ebro arroaren iparraldean, Neolitiko goiztiarraren berrikuspena Kantabria aldean, eta praktika neolitikoak abiaraztea eta finkatzea euskal lurraldean. Prozesu naturalek eta giza jarduerek kostaldean izandako eraginak aztertu dira hurrengo multzo tematikoan: euskal estuarioen ingurumenaren bilakabidea, itsasoaren aldaketei erantzuteko; azterlanak egitea aire zabaleko Paleolitikoko kostaldeko aztarnategietan; elikadura jatorriko itsas hondakinak Kantabriako arkeologia aztarnategietan; giza eraginaren markatzaile kimio eta litoestratigrafikoak denboran zehar; sedimentuen garraioaren eredua Kantabria ekialdeko estuarioen bokaleetan; eta modelatze karstikoa klima bariazioen eta itsasoaren mailaren araberako eremu litoralean.

Prozesu geologikoak, jarduera artistikoa eta sinbolikoak, eta inguru harpetarreko animalia eta gizakien hainbat hondakinen azterketak osatzen dute ale horren azken atala. Bertan aztertzen dira betetze endokarstikoen sedimentuen ezaugarriak, jatorria eta balio paleoanbientala; mikro ornodunen loturak historiako eta historiaurreko sekuentzietan, haitzuloen kanpoaldeko ingurumen baldintzak berreraikitzeko; Kantauriko zerrendako Goi Paleolitoko erregistro amultsuaren berrikuspena eta horren inplikazioak, gizaki anatomikoki modernoen egokitzapenen bilakabidea berrikusteko; hormetako artearen informazio kronologikoa eta horren bilakabide estilistikoa; zenbait eskualde geografikotako hormetako artean adierazitako jarduera sinbolikoaren arteko konparazioa; Abauntz haitzuloaren (Nafarroa) estratigrafia erregistro zabalaren sintesia (historiaurre iberikoaren mugarri handietako bat da); eta, azkenik, DNA mitokondrialeko zenbait leinuk Paleolitikotik egungo erkidegoetara izandako jarraitutasuna.

"Artikulu bilduma honen helburua da kontzientziaraztea hala prozesu naturaletatik nola giza jardueren eta natura ingurumenaren arteko harreman gatazkatsutik eratorritako aldaketen erregistro zabalaren inguruan. Bistakoa da ez dituela biltzen azken bi hamarkadetan eremu geografiko horretan ikertutako alderdi guztiak, baina bere xedea da Kuaternarioa aztertzen duten ikertzaileak babestea" azaldu du Alejandro Cearretak.

Erreferentzia bibliografikoa

Cearreta, A.; De la Rúa, C. & García-Díez, M. (arg.), 2015. "Quaternary of the Western Pyrenean Region: Multidisciplinary Research".. Quaternary International, 364, 1-311. (http://www.sciencedirect.com/science/journal/10406182/364)

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa